Txikitu izan liteke suntsitu. Eta txikitu izan liteke gutxiagotu, txikiago bihurtu. Bata zein bestea egin dituzte euskararekin. Euskara ez baita ausaz jarri galbidean, Euskal Herria ez baita halabeharrez erdaldundu: erabakien ondorio izan da, propio egindako —eta egin gabeko— politiken emaitza.
Argi ikusten da Bizkarsoro filmean: bost istorioren bidez kontatzen dute nola jazarri zaizkien euskaldunei euskaldun izate hutsagatik, euskaraz bizitzeagatik. Eta herri imajinario bat da Bizkarsoro, ez da existitzen. Baina Bizkarsoro izan liteke Beskoitze (Lapurdi), Amurrio (Araba) zein Bilbo. Frogatuta geratu da filma eskaini ostean ikusleen artean sortu diren hizketaldietan. Hainbat pertsonak kontatu dute gutxietsi dituztela euskaraz hitz egiteagatik, eta zigortu dituztela. Istorio horien bilduma da hurrengoa. Lagin bat, hainbat eta hainbat pertsonak bizitakoaren laburpena.
«[Donostiako eskolan] Ez zegoen euskaraz hitzik esaterik»
Martxel Aizpurua (Alegia, Gipuzkoa, 1949) Alegian jaioa da, kaleko baserri batean. Haurtzaroa euskaraz du gogoan: «Euskara hutsean hitz egiten genuen. Aitonarekin bizi ginen, eta hitzen bat edo beste jakingo zuen, baina ez zekien erdaraz». Euskaraz kalean, euskaraz etxean. Eta elizan: «Sermoia euskaraz izaten zen; meza, latinez». Gogoan du «migratzaile dezente» iritsi zirela urte haietan herrira: «Espainiarrak ziren. Ondo konpontzen ginen beraiekin, baina ez dakit nola hitz egiten genuen... Edo ez genuen hitz egiten. Gure etxera etortzen ziren esne bila, eta haietako batzuek euskaraz oso ondo ikasi dute. Beraien ohiturekin asko harritzen ginen: tomatea nola jaten zuten gordinik...».
Eskola, ordea, «beste kapitulu bat» zela dio. 4 urterekin hasi zen joaten, Alegiara bertara. Eta erdaraz zen dena: «10 urtera arte erdara hutsean egiten genuen, denak erdara hutsean funtzionatzen zuen. Oraindik gogoratzen naiz haur eskolan kartel handi bat zegoela alfabetoa ikasteko, eta a avión, b barco, c casa...». Denak gazteleraz funtzionatzen zuen, baina ez du gogoan euskaraz egiteagatik zigortzen zituztenik: «Pentsatzen dut errekreoan-eta euskaraz egingo genuela: ez daukat oroitzapenik erdaraz egitera behartzen gintuztela».
Hori gero etorri zen. 10 urte zituenean, apaiz egin behar zuela erabaki zuen. Apaiz ikasteko seminarioan sartzeko, azterketa bat pasatu behar zuten, eta, azterketa hori prentsatzeko, Donostian mojen eskola bat zegoen. Hara joan zen Aizpurua: «Zenbat izango ginen, 30 lagun -edo? Baziren errezildarrak, azpeitiarrak, hiru alegiar ere bai... Han ez zegoen hitzik esaterik euskaraz». Zigorra zuten. Azaldu duenez, astean zehar «zerbait gaizki» egitean bazuten, adibidez, eskoletan hitz egiten bazuten, puntu bat kentzen zieten. Horien artean zegoen euskaraz hitz egitea ere: «Euskaraz hitz egiten sumatuz gero, puntu bat kentzen zuten». Eta zer ondorio zituen horrek? «Asteburua ailegatzen zenean, igande arratsaldeetan, buelta bat ematera joaten ginen Donostian denok batera. Baina zazpi puntu baino gutxiago edukiz gero —astea hamarrekin hasten zuten—, eskolan geratu behar izaten genuen ariketa matematikoak egiten, batez ere, biderketak eta zatiketak».
Euskara atzentzen ere hasi zen Aizpurua. Hiru hilean behin etxera itzultzen zenean sumatzen zuten: «Senideak gogoratzen dira euskara aldetik trakets iristen nintzela etxera, erraztasuna galduta, baina berehala jartzen nintzen». Halere, ziurtatu du garai hura ez zuela «modu traumatikoan» bizi izan: «Nik ez nuen modu traumatikoan bizi izan, zeren herriko eskolatik bideratuta nentorren: eskolak erdaraz izan behar zuen, ez genuen imajinatzen beste ezer izan zitekeenik».
Gerora eman dio gertatutakoari garrantzia: «Gero jabetzen zara zer pasatu zaizun, eta gero hasten zara bueltak ematen». Euskaraz aritzeagatik zapaldu zituztela, alegia. Eta gogoeta egin du: «Euskararen aurkako errepresioa eskola hartan bukatu balitz, esango genukeen: ‘Antzinan izan genuen...’ Baina geroztik berdin-berdin segitu dugu, jarraitzen du hizkuntza hegemonikoen zapalkuntzak, eta erakunde publikoak ere nola edo ahala dabiltza. Oraindik ez gara lasai bizi».
«Burla egiten ziguten, euskaraz hitz egiten genuelako»
Pepi Mitxelena (Irun, Gipuzkoa, 1950) umea zenean, ez zen gaztelerarik entzuten bizileku zuen Irungo Ventas auzoko Normandia baserrian: «Etxean beti euskaraz egiten genuen. Amak bazekien pixka bat erdaraz, Bidasoko portzelanak enpresan lan egin zuelako; aitak, berriz, ez zekien batere. Erdaraz egiten zuen hitzen bat, baina erdi aldrebes-eta».
Etxean erabat euskaraz, baina kalean? Oiartzungo (Gipuzkoa) Gurutzeta auzoko eskolara joaten zen: «Bi maistra zeuden, biak erdaldunak». Beraz, haiekin «nahitaez» egin behar zuten gazteleraz, ikaskideak euskaldunak izan arren: «Denok egiten genuen euskaraz, baina barruan erdaraz egin behar zen. Triste ibiltzen nintzen hasieran. Txikiak ginenean, uzten ziguten pixka bat euskaraz egiten, baina handitzean gehiago gogortzen ziren. Eta ez genekien beste hizkuntzarik...».
Ondo gogoan du zer egiten zieten euskaraz hitz egiten bazuten. Makila bat izaten zuten, egurrezkoa: «Maistrak eraztuna deitzen zion. Hitza euskaraz egiten bazenuen, eraztuna ematen zizuten». Eskuz esku ibiltzen zuten makila, euskaraz egiten zutenek elkar salatuz. Eta zigorra izaten zuten: «Egunaren azkenean hura zeukanak zigorra edukitzen zuen. Ni ere ailegatu nintzen behin baino gehiagotan. ‘Ez dut egingo euskaraz hitzik eskolan’ ehun aldiz idatzi behar zen».
Baina jazarpena ez zen eskolan hasten eta amaitzen. Doktrinara auzoko kaperara joaten zirela azaldu du Mitxelenak: «Nire auzoan, Ventasen, jende asko zen kanpotik hona lanera etorria, eta haien umeak zeuden. Horiek guri burla egiten ziguten, baserritarrak ginelako eta euskaraz hitz egiten genuelako». Ondo gogoan ditu entzundakoak: «Caseros, burros, vosotros que no sabeís hablar... esaten ziguten [baserritarrak, astoak, ez dakizue hitz egiten...]».
Mitxelena bizitza osoan aritu da euskal giroaren bila, ahal izan duen guztietan euskaraz eginez: «Euskara maite dut. Medikuarengana joaten banaiz, nik lehenengo hitza euskaraz egingo dut, eta ikusiko dut posible duen segitu edo ez. Segurtasun bat ematen dit euskara aditzeak, eta poza hartzen du». Medikuarenean bezala, mezan ere euskaraz egin nahi du: «Auzoan kendu egin digute euskarazko meza. Orain, Hondarribira joaten naiz. Han elebiduna da, eta euskaraz asko egiten dute: sermoia bakarrik egiten dute gazteleraz».
«[Gizon batek] Esan zidan: ‘Nire anaia hil zuten, euskaraz ari zelako’»
Mirari Larrañagak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1959) ez du gogoan hurrengo pasadizoa: «Anaia eta biok eskolara elkarrekin hasi ginen. Gure amari maistrak esan zion erdaraz hitz egin behar zigula, ez genekielako erdaraz». Eta hala egiten hasi zen: «Egun batean, joan ginen amonaren baserrira, eta guri erdaraz hasi zen. Erdaraz oso gaizki egiten zuen, baina erdaraz ari zen, eta bere anaiak, osaba Patxik, zelako errietak egin zizkion... Hori gogoan daukat. Esaten zion: ‘Horixe bakarrik behar dinagu orain, gu erdaraz hastea’. Sekulakoak bota zizkion».
Halere, geroagoko istorio bat du bereziki buruan iltzatua—sare sozialetan Atharratzen (Zuberoa) gertatu zela zabaldu zen, baina Jaurrietan (Nafarroa) izan zen—. 19 urte zituenean, Larrañaga Bilbora joan zen lanera, AEKra. Iñaki Gaminde hizkuntzalaria zuen bertan lankide. 1980 edo 1981 izango zela kalkulatzen du. Gaminde herriz herri ibiltzen zen tokiko aditzak jasotzen, eta, asteburu batean, Jaurrietara joan behar zuen, bertan bi gizon euskaldun zeudela eta. Larrañagak eta bere lagunek laguntzea pentsatu zuten. Herriko tabernan batu ziren bi gizonekin: «Tabernan erdaraz egiten zuten denbora guztian. Eta esaten nuen: ‘Iñaki [Gaminde] ez dabil ondo. Hauek ez dakite euskaraz’». Gaminderengana joan zen: «Bazter batean, esan nion: ‘Iñaki, hauek ez dakite euskaraz’. Eta esan zidan: ‘Bai, badakite euskaraz».
«Beraiek esan zuten elkarrizketa egitera etxera joango ginela». Hala egin zuten: «Atean sartu, eta euskaraz hitz egiten hasi ziren». «Harrituta» zegoen Larrañaga. Etxeko sukalderaino sartu ziren: «Esan genien: ‘Zergatik ez duzue kanpoan euskaraz hitz egiten?’ Batek esan zuen: ‘Gu biok lagunak gara, eta gure artean hitz egiten dugu euskaraz. Baina nire anaia soroan zegoen lanean, euskaraz hitz egiten zeuden, eta tiroa eman eta hil egin zuten, euskaraz ari zirelako». Harrezkero, kito. Ez zieten seme-alabei euskara transmititu. «Franco [Francisco Franco, Espainiako diktadorea] hilda zegoen, demokrazian geunden, baina beraiek jarraitu zuten kalean euskaraz ez egiten. Beldur hori barneratuta zeukaten».
«Euskaraz egiten bagenuen, zigortuta egoten ginen»
«Beti euskaraz hitz egiten genuen etxean». Maritxu Azaldegiren (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1944) etxean ez zen euskara ez zen hizkuntzarik entzuten: «Amari sekula ez nion erdaraz hitz egiten entzun; ez zekien batere». Akorduan du ahizparen ezkontzaren karietara gertatutakoa: «Madrilgo izeba bat geneukan, eta ez zekien euskaraz. Etorri zen ezkontzara, eta gure etxean pasatu zituen hiru egun. Amak euskaraz egiten zion, eta besteak ez zion ulertzen».
Ordea, bestelakoa zen egoera eskolan: «Dena erdaraz egin beharra zegoen; eskolan, euskaraz hitzik ere ez, ezta idatzi ere». Bestela, zigorra izaten zuten: «Euskaraz egiten bagenuen, errekreoko garaian zigortuta egoten ginen». Azaldegik kontatu duenez, harri koxkorraren sistema erabiltzen zuten irakasleek: «Harri koxkorra zeneukan bitartean, ez zeneukan jolasik egiterik. Orduan, geu saiatzen ginen euskaraz hitz egiten zuena bilatzen, eta aurkitzen bagenuen, harri koxkorra hari ematen genion; orduan, zu jolasean segitzeko moduan izaten zinen».
Maistra gehienak ere erdaldunak zituzten, baina gogoratzen da euskaldun bat joaten zitzaiela Tolosatik (Gipuzkoa): «Erdaraz egitera ikaragarri derrigortzen gintuen. Ez dakit kasik besteak baino okerragoa ez ote zen. Esaten omen zuen zigortzen gintuela, baina nahi zuelako guk erdaraz ikastea. Guk euskaraz ahaztea nahiko zuen hark...».