Arrate Illaro: «Euskara teknikarien lana ez da kudeaketa: eragiletza da»

Profesional gisara euskalgintzan hazia dela ozen esaten du Illarok, harro; langintza berean dihardu egun ere, baina funtzio publikoan. Euskalgintzan eta arlo publikoan ari diren euskara teknikariei galdetuz, ikerlan bat egin du, eta saritu egin diote.

Aritz Loiola / FOKU
Aritz Loiola / FOKU
arantxa iraola
2024ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Euskararen normalizazioaren aldeko langintzan, euskalgintza izan du abaro bere bide profesional ia osoan Arrate Illarok (Getxo, Bizkaia, 1989): Euskaltzaleen Topagunean, hain justu ere, eta Euskaraldiaren lehen aldiak koordinatzen aritutakoa ere bada. Egun, administrazio publikoan ari da, euskara teknikari Eusko Jaurlaritzan. Arlo horretako profesionalak euskalgintzan eta funtzio publikoan ari direnez eta orain biak barrutik ezagutzen dituenez, eremu bietan ari diren euskara teknikariei galderak eginda, ikerlan bat ondu du, eta, harekin, Soziolinguistika Klusterraren Txillardegi-Hausnartu saria irabazi. Funtzio publikoan lanean piztu zaion sentipen bat izan da lana egiteko akuiluetako bat: «Garbi esanda, euskalgintzan ikusten nuen motibazioa ez dut aurkitu administrazio publikoko euskara teknikarien artean». 109 teknikariren erantzunak jasota egin du azterketa.

Administrazio publikoko profesionalen artean motibazioa apalagoa den irudipena izan duzu. Zertan igarri duzu?

Ez da esparru guztietan gertatzen, baina gertu eduki ditudanetan agertu da bakardade sentsazioa, frustrazioa. Aldi berean, sentsazioa da gizartean beti hobeto baloratzen dela administrazioan lan egitea, baldintzak hobeak direlako. Baina baldintzak zein dira? Soldatak eta lan ordutegia bakarrik? Nik uste dut baldintzak askoz ere zabalagoak direla, eta horrek egiten duela batzuek administrazioan lan egitea baina beste jende askok erabakitzea bizitza osoa euskalgintza sozialean pasatzea. Aztertu nahi nuen benetan nire sentipena zen, edo horren atzean zer zegoen.

«Sentsazioa da gizartean beti hobeto baloratzen dela administrazioan lan egitea, baldintzak hobeak direlako. Baina baldintzak zein dira? Soldatak eta lan ordutegia bakarrik?»

Erantzunek erakutsi dute intuizioak esandakoa? 

Orokorrean, motibazioa handia da, baina, nolabait, satisfazio handiagoa dago euskalgintza sozialean eta enpresa eta aholkularitzetan, administrazio publikoan baino. Soldata, lan karga, lanarekiko deskonexioa eta besteren bat kenduta, galderetan aipatu nituen beste faktore guztietan ikuspegia beti izan zen baikorragoa alor sozialean; langileen garapenean, talde giroan, lankideak aliatu moduan sentitzean, arduradunaren inguruko ikuspegian, erakundeak pertsonen zaintzan jokatzen duten eran, gardentasunean, komunikazioan, kontziliaziorako erraztasunetan...

Ahulguneak baditu euskalgintzak: soldatak, esaterako. 

Euskalgintzan, lan kargaren eta soldataren kontua agertzen zaizkit, eta hor iruditzen zait erantzukizuna ez dela euskalgintzarena propio. Noski, erakunde bakoitzak ahalik eta ondoen kudeatu behar ditu bere baliabideak, baina euskalgintzako erakundeek erakunde publikoekin duten mendekotasun ekonomikoan, hor dagoen lehiaketa eta diru laguntzen sisteman, hor erantzukizun oso handia dauka administrazio publikoak; elkarte bati lan bolumen jakin bat ematen dionean egiteko, badaki elkarte horretako langileak zer soldata jasotzen duten: justifikatu egiten dira nomina horiek, ikusi egiten dituzte, eta uste dut erantzukizun handia daukala. Badu hanka sozial hori, langileen zaintzaren aldetik, sendo egoteko ardura. 

«Udal askotan, adibidez, euskara teknikari bakar bat egoten da, eta Jaurlaritzako sailetan ere bakarrik egoten gara gehienetan; iruditzen zait bakardade handia dagoela hor»

Badu funtzio publikoan ari diren langileak zaintzeko ardura ere, ezta?

Bai, euskararen normalizazioan ari diren langileen artean egoera askotarikoak ditugu. Ez da gauza bera euskara elkarte batean lan egitea, edo hizkuntza politikako sail batean, edo bakarrik aritzea. Udal askotan, adibidez, euskara teknikari bakar bat egoten da, eta Jaurlaritzako sailetan ere bakarrik egoten gara gehienetan; iruditzen zait bakardade handia dagoela hor. Euskara teknikarien funtzioa ere hor dago: zer funtziotarako ari garen. Berrikusi beharrekoak dira funtzioak. Izan ere, batzuetan kudeaketa lanetan ari dira euskara teknikariak, eta hori ere egin behar da, baina euskara teknikarien lana ez da kudeaketa: eragiletza da. Beste kontu bat da ekosistemak zelan hartzen duen euskara teknikaria: zer zilegitasun daukan haren lanak, bai gainerako langileei dagokienez, eta baita arduradun tekniko eta politikoei dagokienez ere. Alde horretatik, uste dut administrazioari sentsibilizazio lan bat egitea dagokiola aitortzeko euskara teknikariaren lana ezinbestekoa dela. 

Zereginen inguruko lidergo falta aipatu duzu. Hori ere bada bakardadea sumatzeko motibo?

Bai. Eta euskara teknikari batek bakarrik ezin du sail bat eraldatu arduradunek ez badiote erreparatzen euskarari, edo sentitzen badu kasik traba egiten duela.

«Euskara teknikari batek bakarrik ezin du sail bat eraldatu arduradunek ez badiote erreparatzen euskarari, edo sentitzen badu kasik traba egiten ari dela»

Ikerketaren arabera, dagokien postuan luzaroan egoten dira asko. 

Bai, baina gauza bat da talentua atxikitzea, eta beste bat daukazun hori motibatuta aritzea enpresa edo erakundeak dituen helburu estrategikoetara heltzeko. 

Adin batetik gorakoak dira teknikari asko, eta erretiroa hartuko dute aurki. Nola egin erakargarri ofizioa gazteentzat?

Gure sektoreak plan bat behar du talentua erakartzeko. Esaterako, ez daukagu unibertsitate gradurik hizkuntza normalizazioan trebatzeko. Euskara teknikari ari garenak soziologoak gara, kazetariak, filologoak... Denetarik daukagu. Badago master bat berri samarra, baina iruditzen zait hori baino zerbait gehiago behar dugula, gazteak erakarriko dituen zerbait, eta prestatuko dituena. Lan poltsa batean sartu eta ezer jakin gabe hasi, hori ezin da egin. Lan kualitatibo bat egiten dugu, eta horrek ezagutza eskatzen du. 

Saretzeak ere berebiziko garrantzia izango du, ezta? Langileek elkarren berri izateak.  

Bai, askotan nor bere txokotik aritzen gara gauzak pentsatzen, askotan bakarrik.

«Gure sektoreak plan bat behar du talentua erakartzeko. Esaterako, ez daukagu unibertsitate gradurik hizkuntza normalizazioan trebatzeko»

Oro har, motibazioa handia da. Zerk elikatzen du?

Hau da faktoreetako bat: «Sinesten dugun zerbaitetan ari gara lanean. Euskararen normalizazioa helburu pertsonal bat da, arlo profesionaletik harago». Bestea da euskaraz lan egin ahal izatea: hori ere agertu da. Beraz, bai, askotan daukagu hobetzekoen zerrenda egiteko ohitura, baina abiapuntua ona da. Egin nuen lehen galderetako izan zen zergatik hasi ziren lanean sektore honetan, eta gehien-gehienek erantzun zuten alor honetan lan egin nahi zutelako hasi zirela hemen lanean. Gazteen artean izan ziren hamarretik bederatzi. 

Beraz, harrobi sendo baterako oinarria bada?

Bai, eta esango nuke euskalgintza soziala ate bat dela mundu honetan lanean hasteko. Euskalgintza sozialean hasi dira asko lanean, eta galdetuta hamar urte barru hor segitu nahi duten, gehienek baietz erantzun dute. Beraz, oinarria ona da, eta gure sektoreak daukan luxu bat da hori. 

«Oldarraldiarekin lotuta, zuzenbideko gutxieneko prestakuntza bat ere behar dugu. Gure aukerak zein diren jakiteak lagundu egingo digu talde moduan ahalduntzen»

Euskalgintza sozialean, lansari txikiagoak izanda ere,  langileak motibatuago daude. Badira hortik ikasi beharreko lezioak, ezta?

Bai, teknikari batek esan zidan hau galdetzen diotela: «Oraindik euskalgintzan jarraitzen duzu? Ez zara administraziora pasatu?». Eta hark: «Nik ez dut nahi, ni hemen nago ondo». Talde proiektu batean sentitzeak indarra du, erakundearen helburuek eta zureek bat egiteak, erakundearen koherentziak, aintzat hartua sentitzeak, eta zure lanak zerbaitetarako balio duela ikusteak... Gauza horiek guztiek ere zaintzen dute langilea. 

Beste urratsik bada egiteko?

Erantsi nahi nuke oldarraldiaren gaiaren harira zeharkako prestakuntza behar dugula, eta, kasu horretan, zuzenbideko gutxieneko prestakuntza bat ere behar dugu. Jakin behar dugu zeintzuk diren gure aukerak. Gainerakoan, ikusten da udal batzuk hasi direla galga jartzen badaezpada ere... Baldin gure aukerak zein diren jakiteak ere lagunduko digu talde moduan ahalduntzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.