Euskara

Euskara teknikari lanpostua kendu du Amurrioko Udalak

Atzoko udal bilkuran hartu zuten erabakia. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak esan du «euskararen beraren eta euskararen normaltasunaren aurkako eraso bat» dela.

Amurrioko Udala. Artxiboko argazkia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Unai Mitxelena Balerdi
2023ko uztailaren 28a
13:03
Entzun

Amurrioko Udalak (Araba) euskara teknikari lanpostua kentzea erabaki du atzo egin zuten Udal Osoko Bilkuran. Udal lanpostuen zerrendan aldaketa batzuk egin dituzte, eta, horien artean, euskara saileko lanpostua kendu dute.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren ustez, erabaki larria da, eta hainbat ekinbide antolatu dituzte. Kexa aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak babesteko Zerbitzuan, Elebiden, eta Euskal Herriko Hizkuntza Eskubideen Behatokian. Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluarekin ere harremanetan jarri dira. Azkenik, premiazko bilera egiteko eskaera egin dute Amurrioko Udalean, alkatearekin eta euskara zinegotziarekin egoera eztabaidatzeko.

Amurrion ez dira nahikoak euskararen normaltasunerako dauden baliabideak. Eusko Jaurlaritzak euskara sailean lau langile edukitzea gomendatzen du, Amurrio bezalako herri batentzat. Aurreko urtean, sei hilabeterako kontratatu zuten langile bat Euskara Plan berria idazteko, eta ez zuen Udalean lanean jarraitu.

Kontseiluak salatu du erabaki horrek ez daukala aurrekaririk. Epaileak ezer ezarri gabe, Udalak euskara teknikari lanpostua ezabatzea «euskararen beraren eta euskararen normaltasunaren aurkako eraso bat» bezala ikusten du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak.

BERRIA saiatu da Amurrioko Udalarekin hitz egiten erabakiaren inguruan, baina ez dute erantzunik eman.

2023ko maiatzaren 28an egin ziren udal hauteskundeetan, Eusko Alderdi Jeltzaleak PSE-EErekin gehiengo osoa lortu zuten Amurrion. EAJk zortzi hautetsi lortu zituen, eta PSE-EEk bi, aurreko udal hauteskundeetan baino hautetsi bat gehiago lortu zuen PSE-EEk. Bi alderdiek ituna sinatu eta gehiengo osoa lortu dute Udalean, EH Bildu da oposizioko talde bakarra zazpi hautetsi baititu. Aurreko legealdian ere EAJk gobernatzen zuen PSEren laguntzarekin, baina sinaturiko itunik gabe eta gehiengo osorik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.