«Jauzia». Euskara biziberritzeko politiken gaineko gogoetetan maiz aipatzen da hitza, eta gaur ahotan hartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek. Elkar taldeak Adunan (Gipuzkoan) dituen instalazioetan bisitan izan da gaur goizean, gobernuko hainbat kiderekin batera, eta hantxe adierazi du zein den jomuga: «Asmatu egin behar da hizkuntzaren transmisioan jauzia egin eta geroa ziurtatzeko bidean». Ondoren, hantxe bertan, Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkariekin ere batzartu dira Pradales eta gobernuko gainerako ordezkariak. Ondoan izan ditu Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, Kultura sailburuorde Andoni Iturbe, eta Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusi Ion Muñoa.
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek bileraren ostean egindako adierazpenetan azaldu duenez, bileran Jaurlaritzako kideei adierazi diete zerk eraman dituen euskara eta euskaldunon hiztun komunitatea «larrialdi linguistikoan» daudela esatera. Joan den asteburu honetan plazaratua dute, hain justu ere, abisu hori emateko adierazpena: ELENek, Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sareak, urteko batzarra Bilbon egin zuen, eta han egindako agerraldi batean irakurri zuen Eskisabelek berak adierazpena. Gero, biltzarrean bozkatu egin zuten, eta bere egin zuten ELENeko gainerako ordezkariek ere, aho batez. Adierazpen horretan, Kontseiluak agerian utzi du hizkuntzaren «atzeraldia» etorriko dela haren aldeko neurri egokiak laster hartu ezean. Eta hainbat argudio eman ditu horretarako. Izan ere, hiztun kopurua «zenbaki absolutuetan» handituz doan arren, aurrerapenaren «ahultasuna» erakusten duten zantzuak argiak direla gogoratu du.
Gaur Jaurlaritzako ordezkariekin egin duten bileraren ostean Eskisabelek adierazi duenez, adostasuna agerikoa izan da mahaiaren bueltan. «Bat etorri gara momentu honetan euskararen normalizazio eta biziberritzeak dituen erronka handien inguruko diagnostikoan», azaldu du. Egoera bideratze aldera hartu behar diren neurrietan ere antzeko jarrerak izan dituztela adierazi du, eta denek adierazi dutela ezinbestekoa dela «erakundeen eta gizarte eragileen arteko elkarlana bultzatzea». Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, Eskisabelekin ondoan bileran parte hartu dute Elkar fundazioko patronatuko lehendakari Joanmari Larrartek eta AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kide Aize Otañok.
«Elkarlanaren» garrantzia
Elkar taldearen instalazioetan egindako adierazpenetan, elkarlana propio goraipatu nahi izan du Pradalesek ere. «Euskal sorkuntza eta kultura industrien arloan enpresa erreferentea zarete. Merezimendu osoz lortu duzue hori. Urteetako euskal kulturaren aldeko konpromisoaren eta elkarlanaren emaitza da gaur egun Elkar fundazioa», adierazi du. «Aliantzak sortu dituzue sektoreko euskal eragile eta enpresekin. Eta, horiei esker, kultur industrien egituraketa sendo bat eraiki duzue».
Eusko Jaurlaritza bide horretan lagun izan dutela esan du, eta lankidetza mota hori dela, hain justu ere, geroan goldatu behar diren lan ildoetarako eredua. «Zuen helburuak eta gureak guztiz lerrokatuta daude», nabarmendu du. Eta elkarren ondoan lanean jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du: «Momentua ondo ulertu eta herri estrategia egokiak aktibatu behar ditu, elkarlanean».