Euskara sustatzeko elkartu dira Hendaia, Urruña, Ziburu eta Donibane Lohizune

Sentsibilizazio hamabostaldia antolatu dute lau herrien artean, eta martxoaren 15etik 30era izanen da. Askotariko hitzaldiak, tailerrak, formakuntzak eta ikuskizunak eginen dituzte.

Lau herrietako hautetsiak eta teknikariak, Ziburun egin duten aurkezpenean, gaur. PATXI BELTZAIZ
Lau herrietako hautetsiak eta teknikariak, Ziburun egin duten aurkezpenean, gaur. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Ziburu
2025eko otsailaren 14a
11:56
Entzun

«Elkarrekin, urrunago joateko». Jean François Irigoien Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapezak hala laburbildu du Hego Lapurdiko lau herrik euskara sustatzeko abiatu duten elkarlana. Hendaiako, Urruñako eta Ziburuko herriko etxeekin batera antolaturik, sentsibilizazio hamabostaldia eginen dute martxoaren 15etik 30era. Askotariko hitzaldiak, tailerrak, formakuntzak eta ikuskizunak eginen dituzte, nagusiki gurasoentzat prestatuak, baina publiko zabalari irekiak. «Euskarari begira ditugun atxikimendua eta borondate azkarra erakutsi nahi ditugu», adierazi du Filipe Aramendi Urruñako auzapezak. «Izan euskaldun, ikasle edo kurios, izan bertako ala izan iritsi berri, euskara elkarbizitzarako gomit bat da». 

Euskara, etorkizunerako hautua, urratsez urrats haurrekin bide egiten leloa eman diote Plazara elkartearekin batera antolatu duten egitarau bereziari. Hamabost egunez, hamar ekitaldi inguru izanen dira. Tailerrak lehenik: euskara deskubritzeko tailerra gurasoentzat, eta seme-alabak euskaraz irakurtzen laguntzekoa. Baina baita ospe handiko adituen hitzaldiak ere. Hizkuntza gutxituen aldeko ekintzaile eta l'Express astekariko erredaktoreburu Michel Feltin Palasek Zertarako balio du euskaraz mintzatzeak? galderari erantzunen dio martxoaren 19an. Kike Amonarrizek, berriz, haurrek hizkuntzak nola ikasten dituzten landuko du martxoaren 20an, Gurasoak haurren eredu eta euskararen sustatzaile deitu duten hitzaldian. 

Gurasoei begira arituko dira Xan Aire eta Elorri Garat ere, martxoaren 25ean, batek baino gehiagok zabaldu izan duen alarma oihu bat abiapuntu gisa hartuta: Lagundu! Gure haurra nerabea da (eta ez da gehiago euskaraz ari). Martxoaren 28an gurasoen hizkuntza jarrerez arituko da Paula Kasares: Zuek duzue giltza. Haurren hizkuntza portaeretan eragiteko bideak. Bestalde, Philippe Blanchetek ere hitzaldia emanen du martxoaren 27an, eta euskararen gisako hizkuntzak transmititzeko arrazoiak eman. 

Gurashow taldearen kontzertuak eta Matahami liburu elebidunaren irakurketak osatuko dute egitaraua.

Batera hizkuntza politikan

Herrien artean elkarlanean aritzeko ohitura dutela azpimarratu du Eneko Aldana Ziburuko auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko Hego Lapurdi eremuko erreferenteak. «Bakoitzak badu euskararen aldeko bere politika, baina zeharkako gaia izanki, garrantzitsua da elkarrekin sentsibilizazio lana egitea». Hezkuntza arloan azken urteetan datuak hobetu badira ere, ohartarazi du inkesta soziolinguistikoen arabera euskaldun proportzioa apaldu dela. «Urrats batzuk egin dira, baina erakundeek badugu zeregina». Erran du hamabostaldia «ekarpen txiki bat» dela bide horretan. 

Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika bat abiatzen lehenetarik izan zen Hendaiako Herriko Etxea, duela 25 urte inguru. «Garai hartan zaila zen, baina gaur egun bada kontsentsu bat», adierazi du Kotte Ezenarro auzapezak. Donibane Lohizunek martxo hondarrerako bozkatu beharra du euskara plana. «Badugu borondate komun bat euskararen irakaskuntzan eta sozializazioan lan egiteko», adierazi du Irigoienek. «Euskarak lokarriak sortzen ditu».

Aramendiren hitzetan, haien «ardura» da «euskara sustatzea eta garatzea, biziberritzean eragitea». Herri bakoitzean egoera ezberdinak izanik ere, «euskarak batzen» ditu, adierazi duenez. «Eskuz esku ari diren herrien irudia» goraipatu du. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.