Euskara sustatzeko deia egin du Europak, «ofiziala ez den eremuetan ere»

Aurreko laukoaren hizkuntza politika «positibotzat» jo du aditu taldeak. Jaurlaritzari ere urratsak galdegin dizkio, Ertzaintzan eta Osakidetzan

Euskararen dekretua baliogabetzearen aurkako protesta. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Europaren sostengua jaso du aurreko laukoaren hizkuntz politikak. Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituen itunari buruzko jarraipen txostena argitaratu du eta, Nafarroako egoerari buruzko atalean, «2016tik aurrera antzemandako joera positiboa» nabarmendu du aditu taldeak. Zehazki, aurrerapausotzat jo ditu nafar eskuinak eta zenbait sindikatuk azken hilabeteetan auzibidean jarri dituzten lege eta neurriak: euskara administrazioan arautzeko 103/2017 Foru Dekretua, Euskararen 2016-2019 Plan Estrategikoa eta Kontratu Publikoen 2/2018 Foru Legea, besteak beste.

Europako Kontseiluak txalotu egin du, bestalde, aurreko gobernuak Euskarabidea institutuaren aurrekontua handitu izana eta, horrekin batera, erakundearen «egitura eta funtzionaltasuna hobetu izana». 2015ean D eredua eremu ez-euskaldunera zabaldu izana ere «urrats garrantzitsua» dela gaineratu du.

Hala ere, urrats gehiago eskatu ditu. Adituek Nafarroako Gobernuari gogorarazi diote euskara eskakizun dela «administrazioko oso postu gutxitan», eta lan deialdi publiko askotan, «atzerriko hizkuntzen ezagutza euskararen ezagutzaren gainetik» puntuatzen dela. Hori dela eta, Europako Kontseiluak bi gomendio nagusi egin dizkio gobernuari: bat, euskararen erabilera sustatu dezala «euskara ofiziala ez den eremu guztietan»; eta bi, euskararen erabilera indartu dezala «gizarte eta ekonomia alorretan, batez ere, ospitale guneetan».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari eskainitako atalean, berriz, euskararen egoera «oro har, egokia» dela azpimarratu du Europako Kontseiluak. Euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko datuetan antzemandako «igoera nabarmena» jo dute horren adibide gisa; batez ere, haur, lehen eta bigarren hezkuntzan. Hala ere, goi mailako ikasketak euskaraz egiteko «zailtasunak» ere aipatu dituzte, eta beharrezkotzat jo dute graduondo mailako ikasketetan euskarazko eskaintza handitzea. Kontseiluak urratsak eskatu ditu, bestalde, Osakidetzan eta Ertzaintzan, euskarazko zerbitzua bermatze aldera: «Herritarrek eskubidea dute ahozko arreta euskaraz eskatzeko».

Kritikak Espainiari

Testuan bereziki gogor kritikatu dute Espainiaren jarrera. Besteak beste, Botere Judizialaren Lege Organikoa «berehala» moldatzeko eskatu du, prozesu judizialetan hizkuntza gutxituen erabilera sustatzeko. Azpimarratu du 8/2013 Lege Organikoak, Wert legea esaten zaionak, «kalte nabarmena» egiten diola Katalunian martxan den murgiltze linguistikoari. Lege horrek ikasgaiak gaztelera hutsean ikasteko aukera bultzatu eta Kataluniako hizkuntza ereduaren aurka egiten duela ageri da txostenean. Gainontzeko hizkuntzei dagokienez, berriz, adituek ohartarazi dute galizieraz egunero hitz egiten duten pertsona kopurua «nabarmen jaitsi» dela. Valentzieraren egoera ere «kezkagarritzat» jo dute, eta beharrezkotzat hartu hizkuntza hori hezkuntzako maila guztietara zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.