Euskara saretzeko eta sareak euskaratzeko

Hizkuntza gutxitua duten komunitateekin loturak sendotu beharra azpimarratu du Maialen Sobrinok, euskararen aktibazio soziala hizpide hartuta. Gorka Julio ziberaktibismo estrategiez aritu da

Maialen Sobrino hizlaria, atzo, Donostiako Miramar jauregian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Euskalgintza soziala ahal beste eremutara zabaltzeaz, horietan eragiteaz eta bestelako mugimenduez bustitzeaz aritu ziren atzo Donostian, Euskaltzaleen Topaguneak EHUko Udako Ikastaroen barruan antolatutako jardunaldiaren lehen egunean. Gainerako hizkuntza gutxituen egoerei erreparatuta egin zuen ariketa hori Maialen Sobrinok. Garabide elkartean ibilitakoa da, eta munduko hainbat hizkuntza gutxituren aldeko egitasmoak gertukoak ditu. Hain justu, horietako zenbaiten berri eman zuen. Izan ere, errealitate horiek euskal hiztunek urrunekoegiak dituztela iritzita, hizkuntza komunitateen arteko elkarguneak sortzearen beharra ekarri zuen hizpidera, eta adierazi horietako bakoitza biziberritzearen ezein prozesutan egonda ere elkarrengandik zer ikasi badagoela.

Hala, hizkuntza aktibaziorako urratsa egin duten hainbat lagunen bizipenak aurkeztu zituen, modu batera edo bestera «klika» egin dutenak. Hori egiteko, bi baldintza beharrezkotzat jo zituen: «Kontzientzia garatzea eta ekitea». Aldi berean, maila pertsonalean nahiz kolektiboan egin beharreko prozesua dela zehaztu zuen. Horietatik bazuten adibidetzat jarritako guztiek, baina baita euren eta euren komunitatearen kontrako indarkeriari aurre egitetik ere, identitatea hizkuntzaren gainean ardaztearen konbentzimenduz. Catalina Wenulef maputxeak, esaterako, bere etxean duela hiru belaunaldi galdutako hizkuntza berreskuratu du, eta, horrekin batera, egindakoak bere burua «borroka kolektibo» baten parte bilakatzen lagundu dio.

Sisa Tarini kitxuak, berriz, bere kabuz ikasi du senideek transmititu ez dioten hizkuntza. «Diskriminatutako komunitate bateko kide» izatearen ondorioak garden azaldu zituen, bideoz jasotako testigantzan, bere komunitatea hizkuntzaz eta kulturaz lotsatzeraino eraman zuena. Horren kontrako «mendeku» moduan ere badauka, egun, kitxua hizkuntza bere egin izana. Milouda El Hankari amazig hiztunaren testigantza ere partekatu zuen Sobrinok. Hizkuntza ahoz jaso zuen hark, etxean, baina horrek zekarrenaren kontzientzia hartzea «prozesu» bat izan zela azaldu zuen, eta horretan lagundu ziola bestelako gizarte mugimenduetan parte hartzeak. Azaldu zuen egun militantzia eremu nagusi hizkuntza aktibismoa bihurtu duela.

Hizkuntza biziberritzeko beste hainbat lekutan garatu dituzten proiektuen berri ere eman zuen Sobrinok. Hiztun komunitatearen artean «sareak artikulatu» beharra azpimarratu zuen, eta, aldi berean, egun daudenak ezagutu eta probestekoa; bai sare instituzionalak, baina baita bestelakoak ere, digitalak barne. Hausnarketarako deia ere egin zuen, aurkeztutako esperientzietatik abiatuta: «Zer etxekotu dezakegu?».

Izan ere, hizkuntza komunitateen arteko harremanak joan-etorrikoa behar duela uste du Sobrinok, denek dutela besteari zer eman eta bestetik zer jaso. Euskararen biziberritze prozesua, esaterako, «hizkuntzazentrista» dela esan izan dietela azaldu zuen; hots, aspektu linguistikoari lotuago dagoela hizkuntzak biltzen duen beste guztiarengandik baino. Hortik «zer ikasi» egon daitekeela iradoki zuen.

Ziberaktibismoan eredu bila

Eguneko bigarren hitzaldian, Gorka Julio ingeniari informatiko eta Talaios kooperatibako kideak argi utzi zuen hizkuntza gutxituen aldeko aktibismoak, mugaz gaindikoa izate horretan, eremu digitala ere bereganatu beharra duela. Ziberaktibismoaz aritu zen, eta ohar egin aktibismo mota horrek baduela bere arriskua: «Ziberaktibismoa estrategia bat gisa ondo dago, baina estrategia bakar gisa ez. Estrategia horrek beste aktibismo batzuetarako jauzia eten dezake. Jende bat sentitu daiteke eroso ziberaktibismoa egiten soilik».

Sare motak hirutan banatu zituen Juliok: zentralizatuak, deszentralizatuak eta banatuak. Horietan aktibismo digitala egiteko moduak hainbat direla azaldu zuen, baina bi bereizten direla, nagusiki: kanpainaren logika, batetik, egitasmo bat sustatu eta jendea horretara atxikitzean datzana; eta swarming deiturikoa, bestetik, egitasmo bat bideratu bai baina horren kontrola galduko dela jakinda. Bateko eta besteko adibideekin ilustratu zuen banaketa Juliok, nazioartekoak nahiz Euskal Herrian egindakoak.

Aldi berean, egiten den aktibismo motaren arabera, aktibista potentzialaren profila eta komunikatzeko modua aldatzen dela ere azaldu zuen Juliok, eta horretan asmatzea dela gako nagusietako bat. Azaldu zuen eragin eremua, batez ere, «lotura sendoek» baldintzatzen dutela, baina, era berean, «lotura arinak» ere behar direla, ohiko komunitateetatik kanpo daudenengana iristeko.

Bi joera horien arteko orekan ibiliko den «metakomunitatea» irudikatu zuen, euskararentzat onuragarria litzatekeela iritzita. «Herrizoma» izendatu zuen. Euren artean lotura trinkoa izango duten komunitateek osatuko dutela azaldu zuen, baina, era berean, haragoko loturak ere izango dituela.

Izan ere, adierazi zuen loturek eta harremanek jende gehiagorengana iristen lagundu behar dutela. «Euskal komunitatea ezin da izan murriztailea». Alde horretatik, alderdi afektiboa bereziki landu beharrekoa dela azaldu zuen, euskararen aldeko egitasmoetan «beti berberek» topo egin ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.