Lorez lore aritzen dira erleak elikagai bila. Eta lorez lore egindako bide horri esker polinizatzen dituzte landareak. Euskal kultura sustatzeko ere erleak behar direla uste du Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak; hainbat kultur komunitate batzeko gai izango diren erleak. Donostiako errealitate kulturala ardatz hartuta mintzatu dira hura, Iratxe Retolaza kultur kritikaria eta Xalba Ramirez musikari eta Irutxuloko Hitza-ko kazetaria. Donostiako San Telmo museoan izan da topaketa, Bagera elkarteak antolatutako Kulturgintza komunitatetik eta euskaltzaletasunetik jardunaldietan.
Hiru hizlariak bat etorri dira hiriak eskaintzen duen kultur eskaintza zabala dela; izan instituzioek antolatutako egitasmoak, izan espazio alternatiboetatik sustatuak. Arazoa, baina, beste nonbait kokatu dute: euskal komunitate sendo bat falta da. «Nire sentsazioa da ez dugula agenda konpartiturik», adierazi du Retolazak.
Kultur kritikariaren esanetan, ezberdinen arteko harreman faltak «euskal kulturgintzaren eskaintzaren aurka» egiten du, eta horren adibidetzat jo du sarri gertatu ohi den fenomeno bat: «Askotan gertatzen da egun berean bi lekutan komunitate berari zuzendutako antzeko bi gauza egotea, eta horrek badakar energia galtze bat, lana ugaritzea». Hala, «kultur egoeraren gaineko diagnosi bat» egiteko denbora hartu beharra defendatu du, «non eta nola eragin» zehazteko. Finean, programatzera mugatzeari utzi, eta «kultur bizitzan eragiteko kultur politika bat» sustatzeko.
Ramirezek ere uste du instituzioek eta herri mugimenduek «programazio» gisa ulertu dutela kultura, hura «eraldaketarako tresna» gisa tratatu beharrean: «Programatzen da, baina horrek ez du eraldaketarik sustatzen». Gehitu du kulturaren helburuetako batek kodeak sortzea izan behar duela: «Hitz egiteko moduak eta bizitzeko moduak sustatzea». Hala, «komunitateari tresnak eskaintzen dizkion sistema» moduan irudikatu du kultura.
«Komunitatea eraikitzeko tresna oso garrantzitsua da, baina baita barne mundua elikatzeko ere», azaldu du Retolazak. Kulturak pentsamendua «sortzen» du. Hala, kulturan espazioak sortzeak norberaren «minez eta pozez» aritzeko espazioak eratzea dakarrela adierazi du, «euskaraz egiteko espazioak».
Euskal komunitate horren existentzia nabarmena dela uste du Otamendik, eta gehitu du hori agerian geratzen dela hirian antolatutako ekitaldietan: «Komunitate izaera handiagoa sortzen da euskarazko emanaldietan». Halere, beste bi hizlariek bezala, hark ere iritzi dio hura «oso barreiatua» dagoela.
Euskara «zehar lerro»
Sakabanaketari aurre egiteko, kulturak propio bere dituen lekuetan euskal kultura «zehar lerro» gisa kokatzeko «estrategia konpartituen» beharra ikusten du Retolazak; besteak beste, espazio gutxi daudelako hainbat belaunaldi eta profiletako kideak batzeko. Horrek, era berean, kultur paisaian ere isla du, eta euskal produkzio kulturalerako bidea ixten die hainbati, kritikariaren aburuz: «Gu iristen gara bila goazelako, baina bila ez doanak ez du inoiz topatuko».
Ez dira euskal komunitateak elkarrekin harremanetan egon beharreko bakarrak, Otamendiren esanetan. Uste du gauza bera egin beharko litzatekeela euskarazko eta gaztelaniazko errealitateen artean ere, horiek ere euskal kulturaren esparrura gerturatzeko. Ramirezen hitzetan, baina, kultur komunitatearen barruan dauden «bi mundu» dira. Musika horren isla dela azaldu du, Donostiako eszenaren alde banatan kokatzen diren taldeen arteko harreman falta azalduta.
«Langa bat dago», Otamendiren arabera. Eta horren atzean «errealitate aberats eta indartsuei lehen eskutik erreparatzeko gaitasunik eza» dago: «Erdal munduak konplexuz betetako jarrera batekin jokatzen du».
Zubien beharra
Arrakalak, ordea, askotarikoak dira, eta horrek erantzunak bilatzea eskatzen du; esaterako, emankizunak norentzat programatzen diren zehazteko. «Erdi mailako-goiko klasearentzat egiten dugu, auzo jakin batekoentzat, kultur eredu bat dugunontzat», azaldu du Retolazak, eta gehitu du begirada horrek komunitateen arteko zubiak eraikitzea zailtzen duela.
Erantzunaren bila, Otamendik «zulo beltz» baten moduan definitu duenaren gaineko eztabaida iritsi da: gazteentzako emankizunak. Retolazak esan du eskaintza falta dagoela 12 eta 18 urte arteko gazteentzako programazioan, eta Donostia Kulturako zuzendariak erantzun dio «zailtasunak» dituztela haiengana iristeko. «Ziur aski kultur egiturek ez dituzte gazteak behar bezala entzuten, eta askotan pentsatzen dugu badakigula zer kontsumitu behar duten», adierazi du hark, eta gehitu du ez dela erraza izaten haiei zer eskaini asmatzea: «Sisteman daudenak eta antisistemak daude. Baina badaude euren bizitza propioa dutenak, eta haiek erakartzea asko kostatzen zaigu».
Hartzaileak izateko, baina, igorleak ere behar dira: kasu honetan, sortzaileak. Eta hor ere bada zer hobetu. «Sorkuntzari bide ematea falta da», Otamendiren hitzetan: «Gure sortzaileak zaindu eta mimatu behar ditugu». Horretarako, hanka sartzeko aukera ere eman behar zaiela azaldu du, eta haientzako guneak sortu.
Ez da afera erraza mundu globalizatu baten uberan. Izan ere, egungo joera nagusiei aurre egitea eta euskara lehenestea zaila dela azaldu du Ramirezek. Beraz, «zenbakietatik haratago» pentsatzearen alde egin du: «Merkatu logiketatik aterata, aukera gehiago daude».
Retolazak, berriz, zero kilometro filosofiaren oinarriak kulturgintzan txertatuko lituzke: «Zer dugu eskaintzeko? Errotzeko aukera bat, geure burua ordezkatzen duen kultura bat, tokian tokikoa, sortzaileekiko harremana, komunitate izaera».
Otamendik ere bat egiten du ideia horrekin: «Gure kultura lantzen duten sortzaileei balioa eman behar diegu». Horretarako, euskal komunitateak bere sortzaileak babestu behar dituela azaldu du: «Komunitateak egiten du horretarako ahalegina».
Euskara polinizatzeko
Donostiako eszena kulturalean euskarak duen presentzia ardatz hartuta, euskal kultur komunitatearen beharren gainean mintzatu dira Iratxe Retolaza, Jaime Otamendi eta Xalba Ramirez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu