Euskara plazerarekin lotu nahi dute aurtengo Mintzalasai festibalean

Irailaren 16tik 22ra bitartean iraganen da jaialdiaren 13. aldia, Baionan, Angelun eta Miarritzen.

Goizean egin dute Mintzalasai festibalaren 13. aldiaren aurkezteko prentsaurrekoa, Baionan. BERRIA
Goizean egin dute Mintzalasai festibalaren 13. aldiaren aurkezteko prentsaurrekoa, Baionan. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2024ko irailaren 11
17:00
Entzun

Zazpi egun, zazpi gai, hiru hiri, hogei gune, 30 elkarte, 50 jarduera eta 70 laguntzaile: zenbakitan, hori izanen da Mintzalasai festibalaren hamahirugarren aldia. Heldu den astelehenetik igandera bitartean iraganen da, hots, irailaren 16tik 22ra, BAM Baiona, Angelu eta Miarritzen (Lapurdi). Antolatzaileek behin eta berriz adierazi dute «euskararen erabilera plazerari lotzea» dela ekitaldiaren funtsa. Hain zuzen ere, erran dute parada bat izanen dela euskara eskolako betebehar gisa ikusten duten haurrak hizkuntza horretan jostatzeko, adibidez.

Goiz honetan egin dute aurtengo aldiaren aurkezteko prentsaurrekoa, eta, urteak iragan ahala festibalak ukan duen garapenaren erakusteko-edo, zortzi lagunek hartu dute hitza. Baionako Euskara axuant Xabier Parilla Etxart, Miarritzeko Euskara axuant Anne Pinatel, Mintzalasai elkarteko lehendakari Oihana Zamponi, Miarritzeko euskara zerbitzuko misio kargudun Viviane Ithursarri eta Miarritzeko euskara zerbitzuko Renaud Davant mintzatu dira, batez ere; egitarauan parte hartuko duten zenbait lagun ere hor ziren. Hamahirugarren urtea da festibala antolatuko dutena, eta denbora horretan anitz eraldatu da ekitaldia. Xedea Miarritzen sortu bazen 2011n, BAM eremuko hiru hiriak hartzen ditu orain; Miarritze eta Baiona okupatzen dituzte, batez ere, baina Angelun gehiago hedatzeko gogoa ere badute, antolatzaileek azaldu dutenez.

Euskara, ororendako

Euskarak edonorentzat edo edozertarako balio dezakeela erakutsi nahi dute. Zamponik erran du: «Mintzalasaik euskara ikusgarri eta entzungarri bilakatu nahi du, gisa anitzetako eragileak bilduz; iritzi publikoa sentsibilizatu gaiaren inguruan». Eta horrek bai haurrendako eta bai helduendako balio izatea nahi dute; euskara dakitenendako, ez dakitenendako, edo ikasten ari direnendako; eta liburuzale, zinemazale eta kirolzaleendako. Ororendako, funtsean. Proiektu horren araberako programa pentsatu dute. Astelehenetik igandera, egun bakoitza gai baten inguruan eramanen dute: mugimendua, gogoeta, haurren eguna, plazera, kultura, deskubritzea eta besta dira aurtengo gaiak, hurrenez hurren. Izan ere, urtero-urtero Miarritzeko Marion aintziraren inguruan ospatzen duten bestarekin bukatuko dute festibala aurten ere, igandean.

Gogora ekarri dituzte urte hauetan garatu dituzten tresnak ere, hala nola Mintzalasairen webgunea, hiztegi ttipiak eta Egun bat, hitz bat agenda, adibidez. Aurten atera duten hiztegi ttipia ere aipatu dute: astelehenean, mugimenduaren inguruko egunean, futbol amerikarrean hasteko tailerra izanen da, eta, preseski, praktika horri lotu lexikoa biltzen duen hiztegia dute sortu, Miarritzeko Les Atlantes futbol amerikarreko taldearekin elkarlanean.

EGITARAUA

  • Irailaren 16a, astelehena. 18:30-20:00. Futbol amerikarrean hasteko ikastaroa, Les Atlantes taldearekin, Miarritzeko hipodromoan. 
  • Irailaren 17a, asteartea. 18:30-20:00. Hika tailerra, AEKrekin, Baionako Biltxokon. 
  • Irailaren 18a, asteazkena. 18:30-19:30. Euskaraz irakurtzen ikasteko tailerra, gurasoendako, Angeluko Xokottipi haurtzain etxean.
  • Irailaren 19a, osteguna. 15:00-16:00. Casenave txokolategiko laborategiaren bisita eta dastaketa, Casenave txokolategian.
  • Irailaren 20a, ostirala. 14:30-16:00. Bisita gidatua Baionan, turismo bulegotik abiatuta. 
  • Irailaren 21a, larunbata. 10:00-12:00 edo 13:00-15:00. Bikoizketa tailerra, Baionako Atalante zineman.
  • Irailaren 22a, igandea. 08:00-20:00. Familiarteko eta lagunarteko besta, Miarritzeko Marion aintziran.

Egitarau osoaren ikusteko:

https://mintzalasai.eus/eu/berriak/euskararen_berriak/elkartea/4332-mintzalasai_festibala_heldu_da_ikus_egitaraua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.