Hizkuntza politikan aitzinapausoak egiten ari dira Ipar Euskal Herriko hainbat herritan. Euskara planak landu dituzte Baionan, Urruñan eta Uztaritzen (Lapurdi), eta ondoko urteetarako neurri sortak erabaki dituzte. Metodo ezberdinekin aritu dira lanean herriko etxe bakoitzean, eta emaitza ezberdinak ondu dituzte. Baina denek azpimarratu dute luzera begira lan egiteko koadro bat finkatzeko beharra.
1
Urruña
2022an sortu zuten euskara zerbitzua Urruñako herriko etxean, eta Ione Josie hasi zen bertan lanean teknikari lanetan. Josiek ibilbide luzea du euskalgintzan, eta hizkuntza politika publikoen arloan, eta berak eraman du herriko etxearen euskara plana ontzeko gogoeta. «11.000 biztanle baino gehiago ditu Urruñak. Biziki desberdina da auzoen eta jendeen tipologiari dagokionez, eta zinez bazen gogo bat hizkuntza politika bat plantan emateko», esplikatu du. Hiru elementu nagusi azpimarratu ditu: plangintza, epeak eta aitzinkondua, eta plangintza erabakietara eramatea. «Anitzetan egiten da hizkuntza politika diruz, edo egiten da hainbat ekintza hartuz, baina koadro orokor bat finkatu gabe ezin daiteke egin», zehaztu du.
Ikusi gehiago
Zerbitzuak euskaraz garatzea da Urruñakoen helburu nagusia, baina ikuspegi osoko hizkuntza politika bat egin nahi zutela zehaztu du Josiek. Euskara zerbitzua sortu zutenean, barneari begirako diagnostiko bat egiten hasi ziren, eta herriko etxeko zerbitzuetara jo zuten: euskaldunak identifikatu, zer ekintza edo zer euskarri egiten zen euskaraz... «Niretzako, sorpresa izan zen zerbitzu bakoitzetik nabarmendu zituztela ere zituzten beharrak eta ideiak».
Ondotik, hautetsiekin adoste lan bat egin zuten Plazara elkartearen laguntzarekin, hizkuntza politikari buruz gogoetatu eta formatzeko. Hor ere beste behar batzuk atera ziren: eragile pribatuen inguruan eta transmisioaren inguruan lan egiteko beharra. «Gaur egun, Urruñako ikasleen %72k segitzen dute modu batera edo bestera euskarazko irakaskuntza, izan murgiltzean ala elebidunean. Ongi da, baina tasa hobetu nahi genuke. Eta ohartu gara, halaber, erabilera esparruan ez zaiela ezer proposatzen euskara erabil ahal izan dezaten». Hirugarren atala eragile sozialena izan da: galdetegi baten bidez jo zuten haiengana.
Plana bozkatu aitzin, buruz buruko bilkurak egin zituen Josiek herriko elkarte nagusiekin. «Prestatu genuena aurkeztu nien, ez nuen nahi prentsaren bidez jakin zezaten zer egiten ari ginen. Bozkatu ondoren, guziei helarazi diegu, eta beste saio bat antolatu dugu, herrian diren ehun elkarteen artean oraindik ikusi ez ditugunengana jotzeko», esplikatu du. Adoste lan horren guziaren ondorioz, euskara planak adostasun zabal lortu duela nabarmendu du euskara teknikariak. Aho batez onartu zuen herriko kontseiluak abenduan.
2024-2028ko epealdirako ekintza sorta batekin osatu dute plana, eta urteko aurrekontuaren %1 esleitu diote; ondoko urteetarako kopuru hori emendatzera iritsi nahiko lukete. Herritarrenganako zerbitzuetan eskaintza elebiduna egituratzea izanen da helburu nagusietako bat, horretarako zerbitzu estrategikoak lehenetsiz. Zerbitzu horietan langileen erdiak euskalduntzea dute helburu, urte anitzetako formakuntza plan baten bitartez. Araberan, hautetsiak eta langileak sentiberatzeko dinamikak bultzatuko dituzte. Horrez gain, seinaleetan eta komunikazio euskarri orotan euskara molde orekatuan integratuko dute.
Transmisioan ere eragin nahi dute, haurtzaindegietan eta eskoletan euskarazko eskaintza garatzen eta egituratzen lagunduz. Elkargoaren eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren dispositiboak erabiliko dituzte horretarako, eta gurasoei begira lan egiteko asmoa ere agertu dute. Horrez gain, euskarazko gertakari eta animazioak ere indartu nahi dituzte. Horien artean, Oiartzun, Bera, Sara eta Lesakako 13 eta 15 urte arteko gazteen egonaldi ibiltari bat antolatzeko xedea dute.
2
Baiona
Baionan, 2017an idatzi zuten lehen euskara plana, eta euskara batzordea sortu zuten orduan, eragileetako ordezkari eta hautetsiz osatua. Plan berriak ibilbide gorabeheratsua izan du. Orain dela urte eta erdi inguru hasi ziren batzordean parte hartzen zutenak lantaldeetan biltzen, eta iazko ekainerako aurkeztu beharra zieten plana euskara zerbitzuak eta hori kudeatzen duen axuantak, baina beranta hartu zuen. «Irail bukaeran aurkeztu ziguten; ideia batzuk atxiki zituzten, baina deus ez zen egituratua. Ohartu ginen deus ez zela egina», kontatu du Maider Hegi AEK-ko lehendakariak. Abenduan, ezagutarazi ziren gorabehera horiek, eta herriko etxean beste esku batek hartu zuen plana idazteko ardura.
Azkenerako, otsailaren 8an bozkatu zuten plana herriko kontseiluan, aho batez. «Koadro bat ezarri dugu, markatu ditugun helburuak obratzen lagunduko gaitu», adierazi zuen Xabier Parrilla hizkuntza politikarako axuantak. Herriko etxeko zerbitzu guzietan zeharkakotasuna eman nahi diotela azpimarratu zuen auzapezaren gehiengoko taldeak, eta sailburu nagusiek hitza hartu zuten, haien arloan euskarari lekua emateko borondatea eta engaiamendua adierazteko. Herriko etxeko zerbitzu buruaren gidaritzapean eraman nahi dute plana hemendik aitzina. «Ikusita nondik heldu garen ez da gaizki», ebatzi du Hegik. Euskara zerbitzuan jende eta baliabide gehiago behar dela gehitu du, hala ere, eta ondoko urteetan plana nola obratzen den zaindu beharko dela. «Gu adi egonen gara».
2024rako 500.000 euroko aurrekontua izanen du euskara planak. «Gutxiegi» da oposizioko zenbaitzuen hitzetan. Beste herri batzuetan aurrekontu orokorraren %1 esleitu dutela ohartarazi zuen Sophie Herrera Landa Bihar Baiona taldeko hautetsiak herriko kontseiluan. Baionan, milioi bat eurotik gora litzateke hori. Horrez gain, euskara zerbitzua indartzeko beharra aipatu zuen hark ere. Hala ere, egindako lana goraipatu zuten hautetsi guziek.
Eskola publikoei dagokienez, 2030erako Baionako auzo guzietan eskaintza elebiduna eskuragarria izatea eman dute helburutzat.
Hiru orientazio nagusi eta ehun ekintza konkretu izanen ditu Baionako euskara plan berriak: gazteenen artean euskara transmititu eta biziaraztea izanen da ardatz nagusia, eta Baionako eguneroko bizian eta herriko etxeko zerbitzuetan erabilpena eta ikusgarritasuna sustatzea ere izanen ditu helburu.
Haurtzaroan eman dute azpimarra. Euskarazko eskaintza garatu nahi dute, murgiltze ereduan eta elebidunean diharduten haurtzaindegi berriak sortu, eta jadanik badirenetan haur kopurua emendatuta. Horrez gain, euskarazko animazioak ere indartu nahi dituzte, haurtzaindegietan eta familiei begira. Oro har, familienganako sentsibilizazioan indarrak eman nahi dituzte, eskaintza ezagutarazteko.
Eskola publikoei dagokienez, 2030erako hiriko auzo guzietan eskaintza elebiduna eskuragarria izatea eman dute helburutzat. Gurasoak lagundu eta sentsibilizatzeko ekintzak pentsatu dituzte, eta ikasle elebidunei begira euskarazko kirol, kultura eta aisialdi aktibitateak garatzeko helburua adierazi dute.
Hirian euskara erabiltzeko dauden lekuak eta aukera identifikatu, garatu eta erakustea izanen da herriko etxearen beste helburuetako bat ondoko urteetan. Halaber, lan berezia egin nahi dute komertzioekin, euskaraz jarduteko aukera ematen dutenei seinaletika berezia emanez. Baionako merkatuan abiatuko dute esperimentua, eta, emaitzen arabera, hiriko beste guneetara hedatu nahiko lukete. Horrez gain, Mintzalasai festibalean eta Euskaraldian parte hartzen segitzeko eta erregularki mintzapraktikak antolatzeko borondatea ere erakutsi dute. Hiriko seinaletikan euskararen presentzia indartzea ere helburutzat dute.
Hirian zehar euskararen presentzia indartzeko hainbat ekintza aurreikusi dituzte ere. Elkarteei prestakuntza bereziak eskainiko dizkiete haien egunerokoan eta komunikazioan euskarari leku gehiago eman diezaioten, eta lan berezia eramanen dute Bonnat museoa, Atalante zinema, Aviron errugbi taldea eta publiko zabala jasotzen duten antzeko egitura handiekin.
Azkenik, herriko etxeko zerbitzuetan ere lan egin nahi dute. Lehentasunez, langile euskaldunak identifikatu nahi dituzte eta hala nahi duenari euskara ikasteko parada eskaini. Langileen hizkuntza gaitasuna balioztatu nahi dute eta lan eremuan euskara erabiltzeko aukerak indartu.
3
Uztaritze
Uztaritzen ere landu dute euskara plana. Hilabete bukaeran aurkeztuko diete hautetsi guziei eta martxoaren 7ko herriko kontseiluan bozkatzekoa dute. Orain arte ez dute euskara zerbitzurik izan Lapurdiko herri horretan, auzapezaren idazkariak landu ditu gai horiek. Prestatzen ari diren euskara planaren gogoetetako bat da ororen buru hizkuntza politikaz arduratuko den zerbitzu bat sortzea; inguruko herriekin elkarlanean lurralde mailakoa ere izan litekeela iradoki du Blainek.
Orain arte ekinbide zehatz batzuk eraman dituzte 2014an herriko etxera iritsi zirenetik: euskara ikasteko ikastaro trinkoak ordaintzeko bekak, Uzta’Hitzan festibala —aste oso batez euskarazko egitasmoak proposatzen dituena—, hobekuntza kontratua eta herriko etxeko langileen formakuntza, itzulpengintza... «Gure ondorioa zen hainbat ekintza bideratu genituela eta emaitza baikorrak eman zituztela, eta bagenuela beharra salto kualitatibo bat emateko. Orain arteko bilana egin, diagnostikoa egin, eta ikusi nolako urratsak egin nahi ditugun ondoko urteei begira».
«Gehiengoko hautetsi batzuekin lehen aldiz bilkura batzuk euskaraz egin ditugu prozesu horretan; orain arte ausartzen ez ziren batzuk euskaraz hasi dira kiskun-kaskun, beste batzuek elkarrizketa elebidunak onartu dituzte».
NIKOLAS BLAINUztaritzeko axuanta
Plazara kooperatibarengana jo zuten, eta haien laguntzarekin gogoetatu eta gauzatu dute euskara plana. Urte bateko prozesua izan da: lehenik, herriko elkarteengana jo zuten, bai jadanik euskara edo euskal kulturaren inguruko ekinbidean ari direnak, baina baita herrian kide gehien duten elkarteengana ere, hala nola futbol eta pilota taldeengana. Bakoitzak bere esperientziaren berri eman zuen, eta herriko etxeak eta elkarteek, batak bestearengandik zer espero zuten lantzeko momentua ere izan zen. «Gure anbizioa izan da euskaldunek eta euskaldunak ez direnek barneratzea euskararen geroa denen esku dela».
Oro har, aldekotasun global bat sentitu zuten mahaiaren inguruan. «Konplizitate bat bazen, eta adostasun zabala sortu da, eta izan dira anekdota polit batzuk ere: plazer ematen du elkarte bateko kidea entzuteak erraten kulpabilizatzen duela beregatik bilkurak frantsesez egiten direla». Hautetsien artean gogoetarako iturri izan dira elkarrizketa horiek, Blainen hitzetan: «Biziki fite lerratzen gara frantsesera, bereziki gai teknikoak direnean. Gehiengoko hautetsi batzuekin lehen aldiz bilkura batzuk euskaraz egin ditugu prozesu horretan; orain arte ausartzen ez ziren batzuk euskaraz hasi dira kiskun-kaskun, beste batzuek elkarrizketa elebidunak onartu dituzte. Aurreiritzi eta blokeatze batzuk gainditu ditugu puntualki».
Bide orri orokor bat osatu nahi izan dute, anbizio politikoa eta norabide orokorrak markatzeko. Ororen buru, 2026 arteko ekintza plan bat osatu dute, 50 neurrirekin. Hiru helburu handiren inguruan lan eginen dute: euskaldunen kopurua emendatzea, eguneroko bizitza sozialean euskararen praktika garatzea eta ikusgarritasun indartzea. Neurri bakoitza hiru eremutan baliatuko dute: herriko etxean barne mailan, herrian eta lurraldean. «Badakigu batzuek denbora gehiago beharko dutela, baina horietarik 30 gutxienez mandatua bukatu aitzin gauzatu nahiko genituzke. Funtsean tresna kutxa bat da, helburu zehatz eta lorgarriekin, motibagarria izateko». Mandatu bukaeran lehen ebaluazioa gauzatu nahi lukete, eta emaitzak erakutsi.