Telebista kateen %6; zinema emanaldien %1; eta streaming plataformen %0,1. Horixe euskaldunek pantailetan eskura duten euskarazko eskaintza. Pantailak Euskaraz taldeko kide Alex Aginagaldek eman ditu datuak, baita kritikatu ere: «Euskarak nahiko presentzia eskasa du pantailetan».
Kopuruak beren kasa mintzo dira. Orotara, 50 telebista katetatik ETB1, ETB3 eta Hamaika Telebista —eskualde batzuetan, tokiko telebistak ere bai— baino ez dira euskaraz. Zinemetan, urteko zazpiehun bat filmetatik, Aginagaldek azaldu duenez, Euskal Herriko sortzaileek egindako bost-hamar dira euskaraz, eta Zinemak Euskaraz programaren bidez haurrentzat bikoizten dituzten beste hamar edo hamabi. Halere, streaming plataformei dagokienez, azken urtean aldaketak sumatu ditu: «Esango nuke oraindik ere 26.000 edukiren arteanehun eta piko direla euskaraz; ez da iristen %0,1era». Sare sozialetan ere, euskara bazterrean: «Youtuben eta horrelakoetan, euskararen presentzia txikia da; euskarazko kanalak oso gutxi dira. Igerian ibili behar da, bilaka ibili behar da».
Kantitatetik kalitatera. EITBn jarri du arreta Aginalgaldek: «ETB3n marrazkiak ikus ditzakete egun osoan, baina oso haur txikientzako eskaintza bat da, batez ere. Gainera, eskaintzen dituen edukiak ez dira punta-puntakoak, ez dira nazioarteko erreferenteak, Paw Patrol bezalakoak». Kontrara, eduki «onak» ere nabarmendu ditu: «Baditugu Pirritx eta Porrotx, Ene Kantak eta horrelako zenbait proiektu oso interesgarri kristoren kalitatezko edukiak eskaintzen dituztenak gure haurrentzako, baina gutxi dira».
Baina kalitatezko euskarazko edukiak ez dituzte haurrek soilik behar. Helduentzako ekoizpenetan ere talentua badagoela uste du Aginagaldek: «Ikusi dugu helduentzako fikzioa edo zinema euskaraz egiten duten hemengo ekoiztetxeak nola iristen diren Oskar sarietara, nazioarteko sariak irabaztera eta nazioarteko jaialdietan ibilbide bat egitera». Kopuruan ikusten du arazoa, ordea: «Gure herrian, milioi bat euskal hiztun gara. Euskaraz ikus-entzunezkoak egiten dituzten enpresak ez dakit hamar edo hogei izango diren, eta horiek urtean sortzen dituzten edukiak ez dira nahikoa egungo kontsumo ohiturak asetzeko». Hortaz: «Guretzat, funtsezkoa da nazioarteko eduki arrakastatsuenak ere euskarara ekartzea, hizkuntzaren normalizaziorako».
Ba al dago, ordea, horretarako borondate politikorik? Aginagalderen irudiko, «gutxi», nahiz eta iruditzen zaion «mugitzen hasi» direla orain. Nabarmendu duenez, gizarte mugimenduen eta hizkuntzaren bueltako mugimenduen «zalapartaren» fruitua izan da norabide aldaketa: «Plataformak gauzak bikoizten hasi dira, erakundeak ere mugitzen hasi dira, eta EITBk euskaran ardaztuko den plataforma bat iragarri du 2023rako, baina, hala ere, iruditzen zaigu oraindik ere erakundeak txikira jolasten ari direla; euskararen erronka hau handira jolasteko modukoa da».
Euskaldunenetan ere, atzean
Horixe egungo eskaintza, beraz. Baina zenbat kontsumitzen da euskaraz? Sektore batean zentratu da Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea: bere taldeko herrietako —herritarren %70 baino gehiago euskaldunak diraherri horietan— haurrengan eta gazteengan. Euskaldun kopurua Euskal Herriko batez bestekoaren gainetik egonagatik ere, gaztelera gailentzen da ikus-entzunezkoen kontsumoan, bai plataformen kasuan —Netflix da nagusi (%62,1), eta haren atzetik daude Amazon eta Movistar Plus—, bai telesailak kontsumitzekoan —lau ikasletik hiruk gazteleraz ikusi dute azken telesaila—. Eta baita sare sozialak ere: hirutik bik baino gehiagok gaztelerazko edukiak kontsumitzen dituzte Youtuben, eta Tiktoken erdiak baino gehiagok. Telebistan, antzekoagoa da bi hizkuntzen kontsumoa: ia erdiek aukeratu dute euskarazko kateren bat.
Sare sozialetako kontsumoaz gain, aztertu dute ikasleek horietarako edukiak zein hizkuntzatan ekoizten dituzten. Aldea dago batzuen eta besteen artean. Tiktoken du nagusitasunik handiena gaztelerak: ehun erabiltzailetik hamalauk gazteleraz jartzen dituzte edukiak; hiruk, euskaraz; eta gainerakoek ez dute edukirik jartzen. Antzera Twitchen: %21ek gazteleraz jartzen dituzte, eta hiruk, euskaraz. Instagramen du euskarak lekurik handien: erdiak pasatxok ez du ezer ekoizten sare sozial horretarako; ehunetik hogeik euskaraz ekoizten dute; eta hemezortzik, gazteleraz.
Aginagalderen ustez, badago zer aldatua. Hizkuntza ohituretan «erabateko eragina» du pantailetan euskarazko edukiak sustatzeak: «Aisialdia geroz eta lotuago baldin badago pantailen munduari, eta pantailetan ikusten duguna erdaretan ikusten baldin badugu, horrek eragina dauka eguneroko hizkuntza ohituretan».
Norabidea trazatuta
Beharra sumatu, eta aldaketarako bidea ere trazatu du: «Uste dugu ezinbestekoa dela euskararen presentzia pantailetan legez arautzea». Azaldu du Hego Euskal Herriko erakundeek badituztela horretarako eskumenak. Katalunia jarri du eredutzat: « Katalunian badute Zinemaren Legea, zeinak esaten duen zinemetako emanaldien %50 katalanez izan behar dutela. Hemen ere horrelako legeren bat behar genuke». Ikus-entzunezkoen legea ondu beharko litzatekeela uste du: «Bermatu beharko luke euskararen presentzia pantailetan, eta kuotak ezarri telebista publikoei nahiz pribatuei, streaming plataformei eta zinema aretoei».
Legeak ez dira nahikoa izango, baina. Aginagaldek egiturak sortu beharra ere ikusten du: « Europako herrialde aurreratu guztiek badute ikus-entzunezkoen kontseilu bat, ikus-entzunezkoen gardentasuna, pluraltasuna, publizitate araudiak... zaintzeaz gain, hizkuntza arautu ere egiten duena». Horiei jarraika, Hego Euskal Herrirako ere ikus-entzunezkoen kontseilua —edo kontseiluak— sortzea proposatu du: «Beharrezkoak izango lirateke, legedi hauek guztiak garatzeko eta gainbegiratzeko».
Euskaraldia
Euskara, pantailetan lauso
Euskara bazterrean dago pantailetan ere: esaterako, Pantailak Euskaraz taldeak emandako datuen arabera, streaming plataformetako 26.000 edukitatik %0,1 ere ez daude hizkuntza horretan. Eskatu du legez arautzeko euskarak pantailetan izan behar duen presentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu