Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Agurne Gaubeka: «Euskara ofizial izate hutsak ez du ezer konpontzen»

Hizkuntz eskubideen urraketaren erretratua egiten du urtero Hizkuntz Eskubideen Behatokiak; erdarak «nagusi» ageri dira, eta euskara, hauskor. Euskararen kontrako oldarraldiaren aldaera ugariek, gainera, arazoa larriagotu egin dutela azaldu du Gaubekak.

Agurne Gaubeka. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Agurne Gaubeka. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2025eko apirilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak iaz herritarrek helarazitako 1.112 kexa erregistratu zituen; erdaren «nagusitasunaren» ondorio dira guztiak, euskararen erabilera bermatzen ez duten instituzio, bestelako entitate eta jardunbideena. Apirilaren 3an aurkeztu zuen txostena, Bilbon, Euskararen Etxean. Oro har, arlo publikoan izandako urraketen berri emateko jotzen dute gehienetan herritarrek kexuak jartzera, eta ez dira izaten euskara soziolinguistikoki eta juridikoki ahul dagoen tokietan bakarrik gertatutako urraketak: ustez euskarak aurrerabide handiak egin dituen instituzioetan ere gertatzen dira. Txostena aurkeztu ondoren erantzun zituen galderok behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak (Bermeo, Bizkaia, 1984).

Erruz hitz egiten da euskararen aurkako oldarraldiaz, baita euskara hainbat arlotan izaten ari den atzeraldiaz ere. Ikusten da zuek egiten duzuen bilketa honetan ere atzeraldi hori?

Oldarraldia hor dago, baina bi foku daude. Batetik, atzetik datozen erabakiak, 80ko hamarralditik egin den hizkuntza politika, eta egin ez diren gauza guztiak: neurriak hartu ez diren espazio guztiak, hutsuneak behin eta berriz legitimatzen ari diren espazio guztiak. Kuriosoa da, orain erakunde askok aipatzen dute oldarraldia neurririk ez hartzeko, baina aukera izan dutenean ere ez dituzte hartu. Bestetik, egia da, orain justiziatik mugak jartzeak eragina izan du; administrazioaren erabakietan eragin du, baina ondorioak pairatzen dituztenak herritarrak dira.

Euskal Herriko argazkia erakusten du zuen jardunak, bere zabalean, eta arazoa orokorra da. Hori agerian uztea bada zuen helburuetako bat, ezta?

Garrantzitsua da ofizialtasuna. Ipar Euskal Herrian ere, adibidez, Euskararen Telefonoa irekia dugu, baina askoz ere kexa gutxiago jasotzen dira han. Eta ez da berez egoera samurragoa delako, baizik eta hor dauden herritarrek lege babes txikiagoa dutelako. Baina euskara ofiziala izate hutsak ez du ezer konpontzen. Gutxiagotutako hizkuntza eta hiztunak izaten jarraitzen dugu, eta guk argi eta garbi ikusten dugu berme falta dagoela. Adibidez, Osakidetzak osoki jasotzen du herritarrek euskaraz arreta eskatzeko eskubidea, baina gero zer gertatzen da praktikan? Bermerik ez dago, eta baldintzatzeak ere badaude; esate baterako, zuk herritar bati esaten badiozu euskarazko arreta jasotzeko beste herri batera joan behar duela, edo beranduago joan behar duela, bada, agian bi aldiz pentsatuko du. Gainera, herritar askorentzat izaten da, nolabait ere, konfrontazioaren bila ibili beharra. Hori da administrazioen partetik azken urteotan jaso izan ditugun erantzunetan agertzen den kontu bat: «Herritarrak ez zuen berariaz eskatu euskarazko arreta». Hori oso kuriosoa egiten zaigu, euskara ofiziala den eremu batean euskaraz egitea berariaz eskatzen ibili beharra, konfrontazio horretan ibili beharra.

«Orain erakunde askok aipatzen dute oldarraldia neurririk ez hartzeko, baina aukera izan dutenean ere ez dituzte hartu»

Oldarraldi judizialarekin batera, ozendu egin dira beste hainbat eremutan ere hainbat mezu: hizkuntza eskakizunak «gehiegizkoak» direla esaten dute askotan. Zuen jardunbideak justu erakusten du, ordea, hizkuntza eskakizunetan aurrera egin gabe betikotu egiten direla arazoak.

Bai; gainera, ez da kontuan hartzen ez dela bakarrik euskararen ezagutza maila, baizik eta euskaraz lan egiteko gaitasuna eta zerbitzu kalitatezkoa eskaintzekoa. Uste dut eztabaida honetan guztian hori askotan ahaztu egiten zaigula: zer maila izan behar du epaile batek, administrazioan lanean ari den norbaitek? Badirudi B2 batek dena konpontzen duela, eta guregana jotzen duten herritar askok zalantzan jartzen dute horrek ziurtatzen duenik, adibidez, osasun arreta egoki bat euskaraz. Gero komentatzen da, era berean, lanpostu batzuetan, maila baxuagokoetan, herritarrekin harremanik ez duten horietan, ez dela beharrezkoa euskara. Eta hor guk ere uste dugu, esaterako, norbaitek eraikin publiko baten zerbitzu publiko batean lan egiten badu gutxieneko bat jakin behar duela.

Arta telematikoan euskara bermatzen ez delako jaso dituzuen kexak asko izan dira. Deigarria da hori ere. Izan ere, bitartean instituzioak esan eta esan ari dira teknologia berriek —itzultzaile automatikoek eta adimen artifizialaren bidez garatutako bestelako tresnek, kasurako— berebiziko laguntza ekar dezaketela hizkuntza eskubideak bermatzeko. Ez da paradoxa argia?

Pandemiarekin hasi zen hau; bide telematikoek aurrera egin ahala, ikusten hasi ginen sistemak ez daudela euskaraz gaituta, edo euskaraz beranduago gaitzen dira, eta ez daude ongi gaituta benetan bide telematiko hori berdintasunean egin ahal izateko euskaraz. Herritarren sentsazioa da beti atzetik doazela, beti eskatzen ibili behar dugula, eta gainera guretzat ezer gutxi diseinatzen dela.

«Kuriosoa egiten zaigu euskara ofiziala den eremu batean euskaraz egitea berariaz eskatzen ibili beharra, konfrontazio horretan ibili beharra»

Erakundeen erantzunak aipatu dituzu. Zer erantzun mota ematen dituzte normalean instituzio publikoek kexen harira?

Denetarik dago. Batzuetan, herritarrak deslegitimatzea izaten da tonua: herritarraren hitza zalantzan jartzea. Beste batzuetan, izaten da: «Legea horrelakoa da, eta horraino heldu gara». Hor geratzen dira. Berdintasunik eza adierazten duten egoera horiek legitimatzen dituzten erantzunak dira askotan.

Hori, erantzuna dagoenean. Eta ez dagoenean?

Guk helarazitako kexa gehien-gehienak, %80z ari naiz, administrazio publikoan ere, erantzun gabe daude. Eta egoera larriak ere pairatu izan dira euskara erabiltzearen ondorioz. Horiei inolako erantzunik ez ematea guretzat bada erreparazio falta modu bat.

%80. Asko da. Oso portzentaje adierazgarria da.

Oso adierazgarria da. Administrazio publikoen kasuan pixka bat apalagoa da datua agian; egia da administrazio publikoek gehiago erantzuten dutela, baina badituztelako betebehar batzuk.

Eta betebeharrak dituzten denek erantzuten al dute?

Ezta hori ere. Betebeharra duten askok ere ez dute erantzuten. Kasu argi bat da Nafarroako Gobernuarena; Nafarroako Gobernuan departamentu oso gutxik erantzuten digute.

Kasu larriak aipatu dituzu, eta, hain zuzen ere, euskara erabiltzeagatik erasoak edo portaera bidegabeak pairatu dituztela salatu duten herritarrak badira. Jendeari euskaraz hitz egin eta gero jasotako erantzun txarrak-eta ere jasota daude zuen txostenean. Oldartzen ari dira tankera horretako jarrerak ere?

Eremu sozioekonomikoan argi eta garbi gertatzen da ostalaritza eta horrelako zerbitzuetan: pertsona batek euskaraz eskatze hutsa jendeak bere kontrako erasotzat hartu izan du. Hori, eremu pribatuan. Baina ertzainekin, foruzainekin edo Espainiako administrazioetan ari diren langileekin ere gertatzen da. Hori ere bada oldarraldiaren parte, eta gizartean sortzen ari diren diskurtso euskarafobiko eta intoleranteak elikatzen ari dira.

«Hizkuntzaren inguruko pribilegioak berariaz aztertzea falta da, eta berariaz horien gaineko neurriak hartzea»

Hor lanketa bat egitea beharrezkoa da?

Bai, diskurtso matxistekin egin den bezala. Espainiako Konstituzioa eskuetan hartuta, batzuek horri oratzen diote esateko ez dutela betebeharrik gure hizkuntza jakiteko. Inposaketaz asko hitz egiten da, baina nork bere buruaren analisi bat egin gabe. «Ni ez al naiz ari inposatzen? Ez al diot inposatu pertsona horri gaztelania edo frantsesa jakin beharra?». Feminismoak, adibidez, egin du lanketa hori; norbere pribilegioak lantzetik hastea, eta hor uste dugu falta dela hizkuntzaren inguruko pribilegioak berariaz aztertu eta berariaz horien gaineko neurriak hartzea.

Eta herritarrek ipintzen dituzten kexen tonuan zer antzematen duzue?

Haserrea; gero eta gehiago, gainera. Batzuetan etsipena ere bada. Batik bat, gero ematen zaizkien erantzunak ikusita. Horregatik esaten dugu agintari publikoak ere badaudela fokupean, haiek dutelako ahalmena araudiak beste modu batean erregulatzeko, bestelako printzipio batzuez hitz egiten hasteko, eta bermeak eskaintzeko neurriak aplikatzen hasteko. Aldiz, ikusten dugu atzerapausoak ere badirela. Hor dago Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legea, aurrekoa baino atzerakoiagoa. Orduan, herritarrak minduta azaltzen dira. Beste askotan, beren buruarekin etsita ere bai, zeren eta ikusten dute, benetan zerbait egin nahi badute gizarte honetan, beste hizkuntzetara jo behar izaten dutela; zenbaitetan, albo kalteak saihesteko, eta beste zenbaitetan, zuzenean behartu egin dituztelako erdarak erabiltzera. Eta herritarrek askotan guregana jotzen dute esanez azkenean amore eman behar izan dutela, ez zaiela beste aukerarik geratu, baina kexa bat jarri nahi dutela. Hitz egin nahi dute, pairatu dutenaren berri eman nahi dute.

«Herritarrek askotan guregana jotzen dute esanez amore eman behar izan dutela, ez zaiela beste aukerarik geratu, baina kexa bat jarri nahi dutela»

Kexak jartzen jarraitzeko deia egin duzue. Garrantzitsua da?

Erabat. Ekinaren eraginez askotan lortzen dugu aldaketak eragitea, eta garrantzitsua da. Bestalde, araudi edo lege babes handiagoa behar badugu, uste dugu behetik gorakoa ere izan behar duela egiten dugun presioak.

Eremu sozioekonomikora begira, txostenean propio aipatu dituzue gaur egun nagusituta dagoen merkataritza ereduak dakartzan arazoak. Zer-nolako jarrera dute hizkuntza eskubideen inguruan horien arabera ari diren entitateek?

Gero eta gehiago multinazionalak, kate handiak ezartzen zaizkigu. Horiek merkatu parametroetan jokatzen dute: eskaintza eta eskaria. Tripadvisor, Amazon eta halakoetarako bideratu izan ditugu kexak... Haientzat bezeroen kopurua hain da txikia! Benetan ez zaie interesatzen. Bestalde, askotan erantzuten digute: «Bezero gutxik eskatzen dute euskaraz». Multinazional hauetako askok, egin dituzte ariketak generoaren inguruan, pertsona ezberdinen presentziaren inguruan, eta, aldiz, ikusten dugu hizkuntzari dagokionez parametro kapitalistetan lan egiten jarraitzen dutela.

Soilik kapitalistetan.

Hori da, hori da: «Kopuru txiki bat zarete, eta ez zaigu interesatzen». Eta, gainera, argi eta garbi azpimarratzen dute: «Araudiak ez gaitu behartzen». Eta hor arazo bat dugu araudiarekin. Legeriak nolabait enpresa handi guztiei betebeharrak ezarri behar dizkie, kontsumitzaileen bestelako eskubideekin egiten duen bezala, eta erantzukizun soziala ere ezarri behar zaie. «Herrialde batean zaude, hemen bi hizkuntza daude, eta hizkuntza honek, hiztun gutxiago izan arren, aitortza berbera behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.