«Korapiloa» diren gaiak badira, eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek gaur adierazi duen eran, gai horietako bat da euskarak zaintza lanetan duen tokia, hain urria sarri. Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldia egin dute gaur Donostian, Kontseiluak berak antolatuta. Gaiaren gaineko «elkarrizketa probokatzea» izan da asmoa. Izan ere, bada zer egina. Eskisabelek berak onartu du euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko urteotan egin diren urratsetan bazterrean geratu dela zaintzaren sektorea: «Ia erabat fabrikan pentsatu da, edo bulegoan».
Erronka da orain zaintzaren sektorera ere zabaltzea ahalegin horiek. Beren-beregi arloak dituen berezitasunei erreparatu behar zaie horretarako, eta aparteko arretaz aztertu behar dira zaintzan ari diren langileen lan baldintzak, prekaritatea baitute askotan ezaugarri. Lan horietan ari diren hainbat andrek hartu dute hitza jardunaldietan, eta argi utzi dute beren ahotsa aintzat hartzen ez bada ezingo dela aurrerabide handirik egin: «Izan ere, euskara ikasteko borondatea dugu, baina ez dugu astirik ikasteko».
Hernaniko (Gipuzkoa) Maitelan kooperatibako ordezkari Maria Elisa Peredo Quirozen hitzetan dago jasota zaintza lanetan ari diren andreek duten arazoetako bat, eta ondoan izan dituen beste bi solaskideek ere aipatu dute, hainbatetan. Bidez Bide elkarteko Katia Reimberg Castello Branco eta Etxekotu Gabeko Emakume Langileak elkarteko Mariana Urcuyo izan ditu mahaian kide. Hiru emakumeak zaintza lanetan jardunak dira, eta hirurek ezagutzen dute beren errealitateaz harago arloan ari diren beste andre askorena, beren elkarteetan egiten duten jardunaren bidez. Euskaraz esan dituzte esaldi bakan batzuk hitza hartu dutenetan: izena, nongoak diren... Baina, oro har, beren hizkuntza gaitasunak argi utzi du errealitate bat: emakume migratzaileak ari dira egun, hein handi batean, zaintza lanetan, eta gehienek ez dakite euskaraz.
Bost urtean langile egoiliar jarduna dela azaldu du Reimbergek. Oso lanbide «gogorra» dela gogoratu du, eta ia guztiz etxe bateko martxara lotutako lan mota horietan oso zaila dela euskara ikasteko astia izatea. Etxez etxeko laguntza ematen jarduten duten langileek-eta ere, beren aldetik, oso ordutegi sakabanatuak izaten dituzte askotan, traketsak ikasketekin-eta bateratzeko. «Noiz ikasiko dugu? Ikasteko astirik ez badugu, ezin dugu. Bi ordu libre izan, eta euskara ikasiko dut horietan?», galdera egin du Reimbergek. Erantzuna asmatzea ez da zaila. Bat dator Urcuyo: «Askorentzat pentsaezina da ikastaro bat egitea». Hor bidea taxuz egite aldera, sektorean ari diren andreen hitza aintzat hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. «Gure ordezkaritza behar dugu, gure ahotsa, gure ikuspegiak eragin politikoa izan dezan aldaketak egiteko».
«Noiz ikasiko dugu? Ikasteko astirik ez badugu, ezin dugu. Bi ordu libre izan, eta euskara ikasiko dut horietan?»
KATIA REIMBERG CASTELLANO BRANCOBidez Bide elkarteko ordezkaria
Adibide bat jarri dute: beren lanaldiak gehienetan ez datoz bat euskaltegietako ordutegiekin. Ikusten dute euskara ikasteko eskaintza ez dagoela egokituta ia zirrikiturik gabeko lanaldietara. Maitelaneko ordezkariaren arabera, euskara ikasten hasita dauden langileek ere maiz sentitzen dute aurrera egin ezina. Esaterako, euskara ezagutzaren bat izanda ere, euskaltegira joan eta beti «hastapenera» bultzatzen dituztela esan du: «Frustragarria da». Euskara ziurtagiriak lortzeko azterketen inguruan ere aurreiritziak eta kezkak badirela onartu du, horiek lortzeko «zailtasunen» inguruan bereziki. Hor laguntze aldera, botere publikoen esku hartzea ezinbestekoa dela adierazi du, ezin dela dena langileen eta arloko enpresen esku utzi. «Maitelanen jar ditzakegu orduak euskara ikasteko, baina zergatik ez ditu, adibidez, foru aldundiak ordu batzuk finantzatzen?».
Hain justu ere, ikasketa prozesu horiek «errazteko» bideak asmatu behar dira, andreei «zama» handiagoa ekarriko ez dietenak. «Euskara eskolak ezin dira larunbat goizean izan, adibidez? Igande goizean? Uste dut langile gehiago joango liratekeela», proposatu du Reimbergek.
«Maitelanen jar ditzakegu orduak euskara ikasteko, baina zergatik ez ditu, adibidez, foru aldundiak ordu batzuk finantzatzen?»
MARIA ELISA PEREDO QUIROZMaitelan kooperatibako kidea
Hizkuntzaren garrantzia
Maite dute hizkuntza. «Niri gehien gustatzen zaidan hitza askatasuna da», jarri du adibiderako Reimbergek. Eta ikasteak duen garrantziaz jabetzen dira: «Euskaraz jakinez gero zaintzen hierarkian lan hobeak izango ditugula badakigu: oposizioak egin ahal izango ditugu, egoitzetan lan egin ahal izango dugu...». Baina zaintza lanetan ari diren emakumeek pairatzen duten «egiturazko mendekotasunak» urritu egiten ditu euskarara hurbiltzeko aukerak.
«Egiturazko» zailtasunen artean, Atzerritarren Legea aipatu dute hirurek, eta paperak lortzeko oztopo ugarien ondorioz sarri igaro behar izaten dituzten egoera zailak, «biziraun» egin behar baitute usu. Euskararen inguruan gizartean sarri nagusitzen diren gutxiespen begiradek ere ez dute laguntzen. Hizkuntza Eskola Ofizialera euskara eskolengatik galdezka joan zenekoa ondo gogoan du Reimbergek, harreran jaso zuen mezua: «Euskara zertarako? Ingelesa edo alemana egin ezazu, euskara ez». Horiek horrela, migratzaileei egiten zaien harreraren barruan hizkuntzaren aldagaia sartzeak zelako garrantzia duen nabarmendu du.
«Euskara pribilegio erara ikusterik ez dugu nahi; bizikidetzarako zubi izan behar du»
MARIANA URCUYOEtxekotu Gabeko Emakume Langileak elkarteko ordezkaria
Artatzen dituzten pertsonengan ere ikusten dute usu migratzaileen inguruko aurreiritzien zama. Askotan euskara «gertutasun» motibo dela onartu du Peredo Quirozek, baina euskaldunen portaera bera muga dela zenbaitetan. Hernanin ikusten du, arta ematen duten etxe euskaldunetan. «Adinekoek ikusten dute ez garela hemengoak, eta gaztelaniaz hitz egiten digute». Eta hartu-eman horietan langile askorentzat euskara «hesi» dela onartu du Urcuyok. «Diferentziak markatzeko» erabiltzen dela sentitzen dute: «'Ni hemengoa naiz eta zu ez' esateko». Bide arriskutsua dela onartu du. «Euskara pribilegio erara ikusterik ez dugu nahi; bizikidetzarako zubi izan behar du. Guk sentitu behar dugu migrante moduan, hartzea eta ematea dela, ez dela batzuentzat pribilegio bat».
Ikusi gehiago