Olarizuko zelaigunea prest da gaur euskaltzaleak hartzeko. Gasteizen kanpoaldean dagoen zelai botanikoan ospatuko da hirugarrenez Araba Euskaraz. Aurten Oiongo San Bizente ikastolak hartu du antolaketaren ardura, baina Arabako gainerako zazpi ikastolek lagunduta egin dute bidea, auzolanean. Roberto Gonzalez Muro Araba Euskaraz-eko komunikazio arduradunaren esanetan, «euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini nahi diogu. Eskaini nahi dugu guztion konpromisoa, ikastolen mugimenduarekiko, Arabarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko».
Aurtengo leloa Mugaezin da. Gonzalezek dioenez, «mugarik gabe eta mugaezin irudikatzen dugulako gure hizkuntza, mugarik gabe eta euskaraz hazi eta hezi nahi duten guztientzat».
Oion Arabako Errioxan dago. Mugakidea da Errioxarekin eta Nafarroarekin. «Bazterretik ari gara, bazter herritik, dio Gonzalezek. Baina Oiongo ikastolak «indar zentripetua» eragitea lortu duelakoan dago, «errioxarrak eta haragotik etorri berriak euskarara erakarri» dituztelako.
Lau hamarkada pasatxo ditu Oiongo San Bizente ikastolak. Sortu zenean, Arabako Errioxako biztanleen %4 baino ez ziren euskaldunak, eta gaur egun lortu dute %40tik gora izatea. «Gure gogo, borondate eta grina da Arabako Errioxa euskalduna izatea, Euskal Herri euskaldunean».
Gogo eta grin horrekin sortu zuten logoa ere. Infinituaren ideian inspiratuta dago, eta Arabako zortzi ikastolen arteko lankidetza sinbolizatzen du. Forma espiral bat du, eta, Gonzalezen esanetan, «etengabeko mugimendua adierazten du». Espiralari zortzi ekilore petalo ateratzen zaizkio; Arabako ikastolako, bat. «Petaloak hazkundearen, aniztasunaren eta lankidetzaren sinbolo dira». Eta kolore horia gailentzen da, «argia, energia eta bizitasuna sinbolizatzen du». Ekilorea Arabako paisaiaren landare ohikoa da, «komunitatearekin eta lurraldearekin lotura berezia ezartzen du».
Auzolana
Hirugarren urtea da Araba Euskaraz Olarizun ospatuko dutena. Urtero ikastola batek hartu arren ardura, zortzi ikastolen artean elkarlanean antolatu ohi dute jaia, eta ematen ditu bestelako fruituak ere. Gonzalez: «Hiru urteko esperientzia honek erakutsi digu batasunak ematen digun indarra. Eta, indarraz gain, elkar hobeto ezagutzeko, elkarlanaren balioan sakontzeko eta elkarren arteko harremanak ehuntzeko balio izan digu. Urrutira iritsi nahi dugulako goaz batera».
Urte osoko lanari ginga jarriko diote, horrenbestez, gaur. Badute eskarmentua halakoak antolatzen San Bizente ikastolan, seigarren aldia baita Araba Euskaraz antolatzearen ardura hartu dutena. Lana ez da, baina, egun batera mugatzen: iazko udazkenean ekin zioten lanari.
Gaurko jaiaren aurretik, hainbat ikuskizun, kontzertu eta jaialdi egin dituzte, guztiak ere euskaran ardaztuta, kirolarekin eta aisiarekin lotuta. Urriaren 27an abiatu zuten 2024ko Araba Euskaraz urtea, Oionen egin zuten aurkezpen jaiarekin. Abenduaren 4an eta 5ean, berriz, Gazte Talent lehiaketaren finala antolatu zuten, Gasteizen. Urtarrilaren 14an, Go!azen hamargarren kontzertua eman zuten, eta otsailaren 25ean, Araba Euskaraz Euskal Pilota Topaketa, Oionen. Oionen bertan Porrotx eta Marimotots izan ziren martxoaren 6an. Beskoitzera ere joan ziren, Lapurdira, Ikastolak Herriari egitasmoaren barruan antolatutako Non Eta Mugan ekitaldira. Apirilaren 12tik 26ra bitartean Araba Euskaraz Masters Series zesta punta txapelketa ere izan zuten.
Hori guztia ez dute bakarrik egin. Arabako zortzi ikastoletan sortu dituzte batzordeak, eta lanak banatu dituzte. Hala nola materialaren salmenta, babesle laguntzaileen eta publizitatearen bilaketa, segurtasun aurreikuspeneko lanak, urte osoko egitasmoen antolaketa, eguneko egitarauaren taxuketa eta muntaketa lanen aurreikuspena. Gonzalezen esanetan, «lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak. Lan horiek guztiak, bistan da, samurrago egiten dira ikastola guztiok batuta, eta denon artean koordinatuta».
Egitarau oparoa
Iritsi da eguna. Olarizun gustu guztietarako egitaraua ondu dute, eta jatekoa eta edatekoa ere ez dira faltako.
Jaia hiru gunetan banatu dute. Batetik, Lautada; arte eszenikoak eta Go!azen-en karaokea bertan izango dira. Mugaezin Txoua egingo dute ikastoletako ikasleek, eta dantza plaza eta zumba ere izango dira. BERRIAren txokoa hor egongo da, besteak beste.
Mendia izeneko gunean bertsoak izango dira, Arabako Bertsozale elkartearen eskutik. Eh, Mertxe! taldearen kontzertua gune horretan izango da, eta bertan entzun ahal izango da aurtengo Araba Euskaraz festarako propio sortu duten kanta, zuzenean. Haurren basoa eta jolasen txokoak ere egongo dira gune horretan.
Erreka gunean, berriz, magia ikuskizuna eta kontzertuak izango dira nagusi. Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta DJ Malandoren kontzertuak egongo dira eguerditik aurrera.
Ibilbidean gaiteroak, konpartsak eta Castellersak ere egongo dira, eta giro paregabea sortuko dute ibilbidean.
Jaiaren antolatzaileek zenbait aholku eman dituzte gaurko. Garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute, eta Gasteiztik abiatzeko asmoa dutenentzat, oinez edo bizikletan joateko.