Euskara, maldan gora eraikitako joko zelaian

UEUk udako ikastaroen 52. aldia abiatu du Iruñean, euskararen estatus juridikoari buruzko jardunaldi batekin. Euskal Herriko hiru administrazioetako egoera aztertu dute Joseba Compains, Iñigo Urrutia eta Joana Falxa juristek.

UEUk antolatutako saioa, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Ezkerretik eskuinera: Maite Zelaia moderatzailea, Joana Falxa, Iñigo Urrutia eta Joseba Compains. IÑIGO URIZ / FOKU
UEUk antolatutako saioa, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Ezkerretik eskuinera: Maite Zelaia moderatzailea, Joana Falxa, Iñigo Urrutia eta Joseba Compains. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko ekainaren 6a
18:00
Entzun

Nork egiten du hizkuntza politika Euskal Herrian: bertoko erakundeek ala epaileek? Nork jartzen die helegitea sistematikoki lanpostu publikoen hizkuntza eskakizunei? Eta zergatik ematen diete arrazoia —sistematikoki ere— epaitegietan? Zeintzuk dira euskara sustatzeko neurriek ustez urratzen dituzten eskubideak? Are: eskubide bat al da euskaraz ez jakitea? Galdera ugari jarri dituzte mahai gainean UEU Udako Euskal Unibertsitateko 52. udako ikastaroen lehen egunean, eta Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan hizkuntzak duen estatus juridikoa aztertu dute hiru adituk Iruñeko Kondestablearen jauregian: Nafarroako egoeraz aritu da Joseba Compains abokatu eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, EAEko errealitatea aztertu du Iñigo Urrutia Zuzenbideko doktore eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikaz mintzatu da Joana Falxa Zientzia Kriminaletako doktore eta Paueko Unibertsitateko irakaslea. Hiru errealitateak ezberdinak izanagatik ere, adituak bat etorri dira gauza batean: joko zelai desorekatu batean jokatu behar du euskarak, epailea kontra duela.

«Euskaraz ez dakitenek esaten dute berdintasun printzipioa urratzen dela funtzio publikorako sarbidean euskara eskatuta. Hori dago, funtsean, epaitegietan dugun talkaren oinarrian», azaldu du Compainsek. Haren ustez, argudio horrek ez du «ez hanka ez buru», eta soilik euskararekin aplikatzen da: «Nik ezin dut izena eman mediku izateko oposizio batean, Medikuntza titulaziorik ez dudalako, eta inork ez luke esanen horrek berdintasun printzipioa urratzen duenik edo funtzio publikorako sarbidea ukatu didatenik. Euskararen kasuan bai, halakoak esaten dira, eta epaileek onartu».

«Nik ezin dut izena eman mediku izateko oposizio batean, Medikuntza titulurik ez dudalako, eta inork ez luke esanen horrek berdintasun printzipioa urratzen duenik».

JOSEBA COMPAINSAbokatua eta NUPeko irakaslea

Abokatuaren esanetan, legeak bi aukera eskaintzen ditu lan deialdi publikoetan euskara aintzat hartzeko: bat, lantalde organikoetako lanpostuei euskara profila ezartzea (euskara derrigorrezko baldintza da postu horietan lan egiteko); eta bi, euskara betekizun ez den kasuetan, merezimendu gisa baloratzea, euskara maila egiaztatzen duten hautagaiei puntu gehiago emanda. Legean jasotako bide horiek praktikan jartzean, baina, auzitara jo izan dute zenbaitek. «Nafarroako eremu mistoan, adibidez, udalei eskumena aitortzen zaie lanpostu publikoei euskarazko profilak ezartzeko, baina sententzia askotan legez kontrakotzat jo izan da. Nola liteke legean propio jasotako neurri bat legez kanpokoa izatea?». Paradoxa gehiago ere aipatu ditu Compainsek; besteak beste, eremu mistoko herritarrek eskubidea izatea administraziora euskaraz jotzeko, baina administrazioak betebeharrik ez izatea euskaraz erantzuteko: «Euskara japonieraren pare uzten du horrek».

Lehentasuna eman dakioke euskarari?

Compainsen gogoetekin bat egin du Iñigo Urrutiak. Haren irudiko, «estutzen ari den bide bat» da euskararena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere: «Inboluzio betean gaude, euskararen alde egiten den edozein urrats susmopean baitago». Egoeraren larria ulertzeko, galdera egin die EHUko Zuzenbide irakasleak Kondestablearen jauregian bildutakoei: «Lehentasuna eman dakioke euskarari gaur egun?». Berehala eman du erantzuna, gordin: «Ez».

Funtsean, euskararen kontrako oldarraldi judizialaren gibelean «hizkuntza supremazismoa» dagoela uste du Urrutiak, epaileak «gaztelaniaren nagusitasuna» babesten ari baitira. Futbol partida batekin alderatu du egoera: «Euskarak maldan gora dagoen joko zelai batean jokatzen du; aurkariaren atea txiki-txikia da, eta gurea, berriz, izugarri handia».

«Uneotan, nork egiten du hizkuntza politika Euskal Herrian: bertoko instituzioek? Ez, hizkuntza politika epaileek nahi duten bezalakoa da».

IÑIGO URRUTIAZuzenbide katedraduna eta EHUko irakaslea

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren irizpide aldaketan ikusi du legelariak inboluzio handiena: «Interpretazioa zeharo aldatu zen 1986 eta 2010 artean». Urrutiaren ustez, urte horietan, Konstituzionalak askatasuna ematen zien EAEko erakunde publikoei hizkuntza politikak ezartzeko, «baldin eta herritarren hizkuntza hautua errespetatzen bazen». 2010etik aurrera, baina, konstituzioaren interpretazioa aldatu zen: «Orain, auzitegiak esaten dio administrazioari nola ezarri behar duen hizkuntza politika. Orain, nork egiten du hizkuntza politika Euskal Herrian: bertoko instituzioek? Ez, hizkuntza politika epaileek nahi duten bezalakoa da».

Horri aurre egiteko, «jauzi kualitatibo bat» galdegin du irakasleak: «Itun sozial berri bat behar da, behetik gora ezarriko dena, hortik itun politiko berri bat lor dadin». Itun horren xedea izanen litzateke «hizkuntza politikaren ahalmena berreskuratzea».

Monopolio linguistikoa

Joana Falxa Zigor Zuzenbideko doktoreak Ipar Euskal Herriko egoeraz hitz egin du. Azaldu duenez, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako esparru juridikoa «Frantziako estatuarena da», eta, Frantziako Konstituzioaren arabera, hizkuntza ofizial bakarra dago: frantsesa. «Monopolio linguistiko hori mendeetan eraikia izan da. Ofizialtasun gorenerako saltoa, baina, nahiko berantiarra da, XX. mendean ezarri baitzen konstituzioan».

«Kontseilu Konstituzionalaren doktrinak balio izan du frantsesa ez diren hizkuntzen derrigortasuna debekatzeko, eta horrek murgiltze ereduei eragin die bete-betean».

JOANA FALXAPaueko Unibertsitateko Zigor Zuzenbide irakaslea

Hego Euskal Herrian Espainiako Auzitegi Konstituzionalak egin bezala, Iparraldean ere Frantziako Kontseilu Konstituzionalak egiten du konstituzioaren interpretazioa: «1992az geroztik, zenbait erabakitan antzematen da doktrina horren aztarna. Frantsesaren erabilera inposatzen zaie zerbitzu publikoei, baina baita erabiltzaileei ere, administrazioekin eta zerbitzu publikoekin dituzten harremanetan». Irizpide horrek hezkuntzaren alorrean izan duen eragina nabarmendu du Falxak: «Doktrina horrek balio izan du frantsesa ez diren hizkuntzen derrigortasuna debekatzeko. Horrek murgiltze ereduei eragin die bete-betean, bai ikastolei, bai Bretainiako, Alsaziako eta beste hainbat tokitako eskola ereduei ere». Zigor zuzenbidean adituak, baina, badu esperantzarik, eta aipagai izan ditu azken urteetan piztutako txinparta batzuk: «Legearen ertzak esploratzen ari dira Euskararen Erakunde Publikoan eta Euskal Hirigune Elkargoan, eta badira proposamen interesgarriak, eragiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.