Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean lege proiektua zorrozteko eragileen ekarpenak jasotzen segitu dute gaur goizean. Besteak beste, Beñat Amenabar EHUko Hezkuntza fakultateko dekanoa eta Nagore Ipiña eta Karmele Perez Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza fakultateko irakasle eta ikerlariak izan dira legeari zein zuzenketa egingo lizkieketen xehatzen.
Amenabarrek lehentasuntzat jo du eskola publikoa ardatzean jartzea, ikasle guztien beharrak modu justuan bermatzeko. Horrez gainera, aipatu du irakasleen prestaketa pedagogikorako izaten den urtebeteko masterra mugatua dela, eta, haren ustetan, legeak zehatzago eta zabalago jaso beharko luke. Hizkuntzaren gaia ere hartu du hizpide: irakasleentzako proba espezifikoak ezartzearen alde mintzatu da bi hizkuntza ofizialentzat —gaztelania eta euskara— eta beste baterako ere bai, hirugarrena, irakasleek hizkuntza horiek menperatzen dituztela bermatzeko.
Ipiñak eta Perezek irakasleen formakuntza jarraitua eta euskararen gaia jarri dute ardatzean. Ipiñak galdera hau egin du: «Zer irakasle mota nahi ditugu? Lanbidearekin konprometituak... Hezkuntza fakultate moduan, ardura daukagu irakasleen ereduak probatzeko, esperimentatzeko, ikertzeko eta eskoletara jakintza horren transferentziak egiteko».
Hizkuntzaren gaiak eragin dituen legebiltzarkideen galderei erantzunez, honako hau esan du Ipiñak: «Murgiltze eredua aplikatzea posible da? Bai. Kontua da nola: hizkuntza guztiekiko errespetuarekin eta estimuarekin, tokian tokiko hizkuntza proiektuak behar bezala garatuz».
Perezek ere bat egin du. Hizkuntza proiektuak egin behar dituzte eskolek, euskaraz zein gaztelaniaz ikasleen B2 maila bermatzeko, eta Perezek azaldu du euskaratik abiatu beharko lukeela. Ikerketetan bermatuta egin du baieztapena. Egindako ikerketa guztiak bat datoz: hizkuntza hegemonikoan erakusten den materia ez da transferitzen gero hizkuntza gutxiagotura, eta, alderantziz, bai; eskolan euskaraz jasotakoa, horrenbestez, transferitzen da hizkuntza hegemonikoetara, gaztelaniara edo ingelesera, kasurako. «Beraz, ezinbestean, hizkuntza gutxiagotutik abiatu beharko da», esan du Perezek. Eleaniztasunarekin adostasuna badagoenez, hori egiteko moduetan trebatzeko proposamena egin du.
Tokian tokiko hizkuntza proiektuak egin beharko direla berretsi du Perezek, eta hezkuntza proiektuarekin bat etorri beharko dutela. «Lanketa eskatzen du, eta prozesu bat izango da. Hizkuntzekiko estimua lantzea oso inportantea da. Hizkuntza horiek nola tratatzen ditugun eskolan, etxean, herrian...». Gaineratu dute eskolak bakarrik ezin duela, eta gainerako eragileekin elkarlanean egin beharko dela.
Bihar beste hainbat aditu igaroko dira Hezkuntza batzordetik; Kontseilua eta zenbait sindikatu, kasurako.