Euskara mailaren inguruko kezka eraman dute adituek Eusko Legebiltzarrera

Hezkuntza lege proiektuari zein zuzenketa egingo lizkioketen zehaztu dute Mondragon Unibertsitateko eta EHUko zenbait adituk

gurutze izagirre intxauspe
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean eragileen ekarpenak jasotzen segitzen dute. Beñat Amenabar EHUko Hezkuntza fakultateko dekanoa eta Nagore Ipiña eta Karmele Perez Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza fakultateko irakasleak izan dira azkenak legeari zein zuzenketa egingo lizkioketen xehatzen.

Amenabarrek lehentasuntzat jo du eskola publikoa ardatzean jartzea, ikasle guztien beharrak modu justuan bermatzeko. Aipatu du irakasleen prestaketa pedagogikorako izaten den urtebeteko masterra mugatua dela, eta, haren ustetan, legeak zehatzago eta zabalago jaso beharko luke. Horrez gain, irakasleentzako proba espezifikoak ezartzearen alde mintzatu da bi hizkuntza ofizialentzat —gaztelania eta euskara— eta beste batentzat ere bai, hirugarrena, irakasleek hizkuntza horiek menperatzen dituztela bermatzeko.

Murgiltze eredua posible da

Legebiltzarkideen galderei erantzunez, honako hau esan du Ipiñak: «Murgiltze eredua aplikatzea posible da? Bai. Kontua da nola: hizkuntza guztiekiko errespetuarekin eta estimuarekin, tokian tokiko hizkuntza proiektuak behar bezala garatuz».

Hizkuntza proiektuak egin behar dituzte eskolek, euskaraz zein gaztelaniaz ikasleen B2 maila bermatzeko, eta Perezek azaldu du euskaratik abiatu beharko lukeela. Egindako ikerketa guztiak bat datoz: hizkuntza hegemonikoan erakusten den materia ez da transferitzen gero hizkuntza gutxiagotura, eta, alderantziz, bai; eskolan euskaraz jasotakoa, horrenbestez, transferitzen da hizkuntza hegemonikoetara, gaztelaniara edo ingelesera, kasurako. «Beraz, ezinbestean, hizkuntza gutxiagotutik abiatu beharko da», esan du Perezek. Eleaniztasunarekin adostasuna badagoenez, hori egiteko moduetan trebatzeko proposamena egin du.

Tokian tokiko hizkuntza proiektuak egin beharko direla berretsi du Perezek. «Hizkuntzekiko estimua lantzea oso inportantea da. Hizkuntza horiek nola tratatzen ditugun eskolan, etxean, herrian...». Gaineratu du eskolak bakarrik ezin duela lan hori egin, eta gainerako eragileekin elkarlanean egin beharko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.