Ahobizi,belarriprest eta xuxurlaria behar dut. Hiru hizkuntza rol bereizi dituzte Euskal Herriko V. jardunaldi feministetan. Bazterreko gorputz sentitzen direnak, euren hizkuntza hautuei begira ere jarri dira. «Euskara enpatiarako eta aliantzak sortzeko elementua izatea nahi dugu, zatiketarako arrazoi izan ordez», azaldu du jardunaldietako koordinazio taldeko kide Naia Torrealdaik.
Aurretik ere mahai gainean jarria zuten eztabaida, beharrak hala eskatuta. «Duela bi urte,Emakumeen Mundu Martxan ikusi genuen ezinbestekoa zela euskara erdigunean jartzea; batez ere, emakume aniztasun handia dagoen eremua izanda». Orduan ondu zuten jardunaldi hauetan aplikatzen ari diren eredua. «Xuxurlariaren figura martxan jarri genuen; eta, egia esan, nahiko ongi funtzionatzen ari da; batez ere, tade txikietan». Ahobizien euskara gaitasuna, eta euskaraz ez dakitenen arteko beharra uztartuz, zubi berriak eraiki nahidituzte. « Xuxurlatzen sortzen den une intimo horiek ere badira emakume anitzen artean aliantzak sortzeko era bat».
Aldi bereko itzulpena
Xuxurlarien eredua tailer eta eztabaidetan erabili dute, nork bere erara kudeatuta. Mahai inguru zentraletan, berriz, aldi bereko itzulpena izan da euskara erdigunean jartzeko bermea. «Eduki guztiak euskaraz jaso zitezen bermatu nahi genuen, baina baita komunikazioa ere; dugun inertzia elebiduna gainditu behar dugu», azaldu du Torrealdaik. Hain justu, gogora ekarri du, euskararen lurralde osoko ikuskera gailentzea nahi dutela, eta gaztelaniaren menpekotasunaz harago jardutea dela helburua. Era horretan, hizkuntza kudeaketan ere mugarri bat jarri izan nahi dute. «Aurreko jardunaldietan ez bezala, apustua euskara lehen lerroan jartzea izan da, ulertuta gure herriaren hizkuntza dela».
Jardunaldi feministak
Euskara lehen lerroan jarriz
Hiru hizkuntza rol daude Euskal Herriko V. jardunaldi feministetan: ahobizi, belarriprest eta xuxurlaria behar dut. Euskara erdigunean jarri eta komunikazioa bermatzea dute xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu