Euskara «larrialdian» dagoela ohartarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak

Adierazpen bat plazaratu du, Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sare ELENek Bilbon egindako bilkuraren harira; nabarmendu du hizkuntzaren «atzeraldia» etorriko dela neurri egokiak epe laburrean hartu ezean.

ELENeko biltzarrean agerraldia gaur adierazpena aurkezteko; Eskisabel, Jones eta Hicks. BERRIA
ELENeko biltzarrean agerraldia gaur adierazpena aurkezteko; Eskisabel, Jones eta Hicks. BERRIA
arantxa iraola
2024ko azaroaren 9a
12:45
Entzun

«Adierazten dugu euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela». Minorizatuta dauden beste hainbat hizkuntzak ere aurrez urrats hori bera egin dutela gogora ekarrita, katalanaren eta galizieraren komunitateak aipatu ditu adibide gisa Euskalgintzaren Kontseiluak gaur. Euskararen egoeraren larritasuna agerian uzteko urratsa egin nahi izan du, propio «larrialdi linguistikoa» aipatuta. Horiek horrela, ohartarazi du hizkuntzaren «atzeraldia» etorriko dela neurri egokiak «epe laburrean» hartu ezean.

ELEN Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sarea urteko biltzarra egiten ari dira asteburuan Bilbon, eta agerraldia egin dute gaur goizean denek batera beren aldarrikapenak agerian uzteko; une hori baliatu du Kontseiluak adierazpena egiteko. Hantxe bozkatuko dute gero adierazpena, eta Europako sareak bere egingo du. 

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak aurkeztu du adierazpena, eta argudioak agerian utzi ditu. Hiztun kopurua «zenbaki absolutuetan» handituz doan arren, aurrerapenaren «ahultasuna» erakusten duten zantzuak argiak direla gogoratu du. Euskal Herri osora zabaldu du begirada horien berri emateko, eta hainbat datu kezkagarri zerrendatu ditu: Ipar Euskal Herrian, hiztun kopuru erlatiboa, adibidez, apalduz doa; Nafarroan, hamar ikasletik seik ez dute inolako harremanik euskararekin ikasketa prozesu osoan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki euskaldunenetan ere «atzera» ari da euskararen erabilera.

«Ahultasun horrek lotura estua du euskararen eta euskararen hiztun komunitatearen estatusarekin», azaldu du Eskisabelek. Hain justu ere, lege babes osoa ez du hizkuntzak, eta euskara ofiziala den tokietan ere euskararen aldeko hizkuntza politikak «eraisten» ari dira hainbat ebazpen judizialen bidez. «Oldarraldi judizial gogorra» salatu du gaur berriro, eta epai horiek Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7.2 artikuluan jartzen duena auzitan jartzen dutela nabarmendu du propio, Europako kideen aurrean. 

Ohar egin du, gainera, «oldarraldi» horrek eremu juridikoaz harago dituen aldaerez. «Badu dimentsio politiko eta mediatikoa ere, eta, tamalez, ugaritu egin dira euskara eta euskal hiztunen komunitatea minorizaziotik ateratzeko neurriak diskriminazioarekin lotzen dituzten diskurtsoak, adostasun sozial zabala urratuz, eta gizarte kohesioaren eta justizia sozialaren aurka eginez».

ELENeko biltzarraren atsedenaldian talde argazkia, gaur. BERRIA
ELENeko biltzarraren atsedenaldian talde argazkia, gaur. BERRIA

 

Globalizazioa

Eta munduko joera nagusiak ere kontra dira. Egiteko era berri bat eskatzen dute. «Ahultasuna areagotu egin du globalizazioaren egungo aldaerak: mugikortasunak eta errealitate soziodemografikoaren bilakaerak erronka berriak ezarri dizkio normalizazio eta biziberritze prozesuari; gauza bera bizitzaren digitalizazioak eta merkantilizazioak», azaldu du Eskisabelek. Egoera horretan «egiturazko botere harremanak boteretsuen alde» indartzen direla adierazi du, bizitzaren arlo guztietan gertatzen dela hori, eta «hiztun komunitateen arteko botere harremanak» ere ez daudela dinamika horretatik kanpo.

Hortik ondorioa: «Globalizazioaren eta bizitzaren digitalizazioaren eraginez, hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta hizkuntza minorizatuak are eta zaurgarriago».

«Larrialdi linguistikoa dagoela adieraztea ez da arrangurarako deia, baizik eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea onbideratzeko lehen urratsa egiteko modua» IDURRE ESKISABEL

 Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Propio «larrialdi linguistikoaren» gaineko adierazpena eginda ere, horrek etsipenerako biderik ezin duela eman esan du Eskisabelek. «Larrialdi linguistikoa dagoela adieraztea ez da arrangurarako deia, baizik eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea onbideratzeko lehen urratsa egiteko modua». Eta bidea egiteko era badela gogoratu du: «Badakigu zein den egoera itzulikatzeko lehen eginkizuna: auzi hau agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea». Horretarako deia egin die eragile politiko eta sozialei. 

Eskisabelek ondoan izan ditu ELENeko idazkari nagusi eta lehendakari Davyd Hincks eta Elin Haf Gruffyd Jones. Azken horrek nabarmendu du ELEN hizkuntza gutxituen alde ari diren eragileen «ahotsa» dela, eta denak batzen dituen xedea dela «planeta hobe baten» aldeko borrokan beste hainbat aldagairekin batera txertatzea «hizkuntza erantzukizuna». 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (4)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.