EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko udal legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren artikulu batzuk, udalei hizkuntza politikarako ahalmena mugatuz. Horien bidez ebatzi du, hain justu ere, udaletan ezin dela euskara lehenetsi. Epaia euskararen «biziberritzearen aurkakoa» ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere badela adierazi du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta bertako kide diren udalei adierazpen instituzional bat helarazi die, udaletan «ahalik eta lasterrena» onartzeko. Adierazpen horren bidez, euskara «sustatzen» jarraitzeko asmo sendoa berretsiko dute udalek.
Azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak deituta duen manifestazioarekin ere bat egingo dute udalek adierazpen horren bidez: hain justu ere, mobilizazio horren helburua da salatzea atzoko ebazpena eta aurrez egon diren beste hainbat euskararen aurkako «oldarraldi judizial» baten ondorioa direla, eta horien aurka egitea. Horiek horrela, UEMAk jakinarazi du udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek ordezkaritza «nabarmena» izango dutela mobilizazio horretan.
Adierazpenean gogora ekarri dute atzo ezagutu zen epaia ez dela udal legeak hizkuntza politikak ezartzeko ematen dituen irizpideen aurkako lehena. Uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere egin zuen legearen kontra.«Epai hauek euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen dute, askotan udal legeak arautzen ez dituenak ere aurreikusiz, modu prebentiboan», salatu dute.
Oroitu dute lege hori Eusko Legebiltzarrean «kontsentsu zabalarekin» onartu zuela, eta hori orain epaitegiek «baliogabetzea» ez dela bidezkoa. Gizartean ere, oro har, euskararen «normalizazioa» helburu duten politikak gehiengo «zabal» batek babesten dituela gogoratu dute. «Beraz, epai hauek euskararen biziberritzearen aurkakoak ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoak ere badira. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen dute auzitan».
Atzo jakinarazi zen epaiak UEMAn dauden herrien lan ildoak nola eragotz ditzakeen gogoratu dute udalek bozkatuko duten testuan. «Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar. Hori jarri baitu ezbaian auzitegiak: euskararen normalizazioa. Euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzen delakoan. Ez da halakorik: hizkuntza minorizatu bat aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko».
Horiek horrela, bide horretan lanean jarraitzeko asmoa berretsi nahi dute adierazpenaren bidez UEMAko udalek. «Udalerri euskaldunetan, hainbat arlotan aurrera egin du euskarak hamarkada hauetan, baina oraindik bada zertan eragin. Udalean bertan ere urrats handiak egin ditu euskarak, eta, gaur egun, zerbitzu hizkuntza ez ezik, lan hizkuntza nagusia ere bada euskara. Horretan jarraitzeko asmo sendoa du udalak, eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da gure udalerriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka udalak. Justiziazkoa da».
Eta bide horretan hazten jarraitzeko «lege orube sendoa» ere eskatuko dute. «Nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze prozesua lege babes sendoarekin hornitzeko».
EAJren salaketa eta elkarretaratzea
Atzoko epaiaren berri izan orduko, Galtzaundi euskara taldeak elkarretaratze bat antolatu zuen «euskararen aurkako erasoak salatzeko», eta Tolosaldeko herritarrei parte hartzeko deia egin zien. Larunbat honetan izango da elkarretaratzea, 12:00etan, Tolosako Plaza Zaharrean.
Euskararen aurkako epai hau erreakzio ugari eragiten ari da, eta azken orduotan EAJk ere salatu du justiziaren esku hartzea. Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak esan du justizia euskara «gutxiesten» ari dela, eta hark euskararekin duen «harreman diabolikoa» salatu du. Bilboko epaile dekano Aner Uriartek ziurtatu du ez dagoela «euskararen aurkako kanpainarik», eta Atutxak erantzun du «sinetsi» nahi diola, epaileek batzuetan legeak hartzen dituztela «ezkutu gisa» beren epaiek alarma sortzen dutenean, baina Bizkaiko EAJko buruak «bitxitzat» jo du azken epai hau iritsi dela 2016ean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «ezer ikusi» ez izan eta gero.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Atutxak helarazi du azken epaiak dakarrela «esku hartze oso argia» euskal erakundeen autonomia politikoan, eta haien gaitasunean zehazteko zein politika diren egokienak euskararen normalizazioaren alde. BBBko presidenteak gogoratu du ez dela egon «herritarren kexurik» udaletan; ez dela jaso mezurik adierazteko udalarekin duen hizkuntz harremana ez dela hark nahi duena: «Hau politikaren judizializazio argia da».
Bestalde, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak iragarri du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazio nazionalean egongo dela, Bilbon, azaroaren 4an. Mendozak esan du epaitegietan gertatzen ari dena «larritzeko» modukoa dela, eta «kezkaturik» dagoela foru gobernua. «Oso argi dago herri honetan euskararen inguruan egiten diren politikek oztopoa aurkitzen dutela epaitegietan». Arlo judiziala «oztopo gisa erabiltzen» dela uste du ahaldun nagusiak: «Gure erabakiak defendatzeko bat egin behar dugu indar politikoek».
Eusko Alkartasunak ere eskatu du «euskararen aurkako kanpaina judiziala berehala uzteko». EH Bilduren koalizioan dagoen alderdi horrek «oso larritzat» jo du egoera, eta Eusko Jaurlaritzak iragarritako helegitea babestu du. Iban Asenjo Euskara, Hezkuntza eta Kulturako idazkaria ziur da gertatzen ari dena ez dela «kasualitateen edo gertaera bakanen» segida bat. «Kalean lortu ezin dutena epaiaren bidez jasotzeko plana da, euskara baztertzeko eta gure hizkuntzaren aldeko urratsak ez emateko helburuarekin. Euskara da gure hizkuntza, bertakoa eta egoera diglosikoan dagoen hizkuntza, eta euskal gizarteak gogotsu adierazi du euskaraz ere bizi nahi duela eta horretarako eskubide osoa dugula», adierazi du.