Euskara lantzeko bide berriak

Euskalgintzaren erronka berriez aritu dira Gasteizen egin den Zartada gazte egitasmoan

'Gazteok euskaraz' mahai ingurua, Santa Maria plazan. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
«Euskararen arloan gure aurreko belaunaldiek egindako lanaren fruituez gozatu dugu gaur egungo gazteok, eta, horregatik, gazte askok ez dute euskararen alde borrokatzeko beharrik ikusten». Horrela mintzatu zen atzo Xabat Illarregi EHUko Ibaetako campuseko Euskara Taldeko kidea, Gasteizko Alde Zaharrean.

Izan ere, ostiraletik igandera,gaztez bete dira Gasteizko kaleak, Zartada gazte egitasmoaren barruan antolatu diren jardueretan parte hartuz. «Euskal Herriko gazte mugimendua batu, aktibatu eta elkarlanean jarri» nahi du egitasmoak, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Hain zuzen, 17:30ean mobilizazioa egin zuten, Bat egitetik hamaika izatera lelopean. «Gazte borrokaz lortuko dugu!» eta antzeko oihuak bota zituzten gazteek. Artiumetik irten zen manifestazioa, eta Andre Maria Zuriaren plazan bukatu zuten; bertan egin zuten ekitaldia ere.

Goizean, Santa Maria plazan batu ziren, Ilarregirekin batera, Unai Irigarai Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeko kidea eta Oihane Camon Euskal Herriko gazte euskaltzaleen sareko kidea. Hirurek osatu zuten Gazteok euskaraz mahai ingurua.

Camonek bat egin zuen Ilarregiren hitzekin, eta gehitu zuen euskara hainbat testuingurutara egokitu izan dela: «Bere garaian, adibidez, antifrankismoaren ikur bihurtu zen. Orain, ordea, uste dut helduleku falta bat dagoela». Motibazio falta hori gainditzeko, gazteei gaur egun «problematika bat» dagoela erakusteko beharra azpimarratu zuen Illarregik: «Ezin dugu lehengo borroketatik tiraka ibili. Ardura hori hartu behar dugu, eta euskararen aldeko mugimendua berritu; diskurtsoa gaur egunera egokitu».

Nafarroako egoera izan zuen hizpide Unai Irigaraik. Azaldu zuenez, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikek beti «euskararen aurka» egin dute, eta horrek eragin nabarmena izan du: «Esaterako, nafarrok umetan ez dugu aukerarik izan telebista euskaraz ikusteko: ezin genituen EITB 1 eta ETB 3 ikusi». Hala ere, adierazi zuen «aro berri bat» hasi dela: «Euskara sustatzen duten mugimenduen loraldi bat gertatzen ari da, eta horrek erakusten du borroka horretan jarraitzeko gogoa bizirik dagoela».

Euskararen alde borrokatzeko estrategiez ere aritu dira hiru gazteak; besteak beste, «transbertsalitatea» izan dute hizpide. «Modu transbertsalean lantzen badugu, gure gainerako borroketan ere euskara erabiliz, tranpa batean erortzeko arriskua daukagu: 'Euskaraz aritzen garenez, ba, listo, borroka irabazita daukagu'. Baina hori ez da nahikoa».

Euskara «modu esplizituan» lantzearen alde egin zuten hiru hizlariek, tresna gisa erabiltzeaz gain. «Euskara helburu bat da, baina baita tresna bat ere, eta borroka guztietan lantzea beharrezkoa da», azaldu zuen Camonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.