Euskara, kartzela arrakalatzeko

Zenbait euskara irakaslek urteak egin dituzte kartzeletan presoei euskara irakasten, boluntario gisa; orain, Eusko Jaurlaritzaren esku geratu da zeregin hori. Pozik daude: «Ofizialtasuna izan da gure helburua, eta lortu dugu».

Euskara irakasle
Ezkerretik eskuinera: Barbarias, Uriarte, Ibargutxi eta Koto, Galdakaon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

Espetxea beti da espetxe. Beti da itxia. Beti da zurruna. Baina, tartean-tartean, zabaltzen da arrakalaren bat. Kartzelan euskara ikasteko aukera izateak, esaterako, josten du lotura bat presoaren eta herriaren artean, eta aukera bat da kalera begira jartzeko ere. Orain arte, Presoen Euskara Irakasleen Taldea arduratu da zeregin horretaz, boluntarioki; joan den hiletik Eusko Jaurlaritzaren esku dago. BERRIAk presoen hiru euskara irakasle ohi eta ikasle ohi bat batu ditu mahaiaren bueltan: Gari Ibargutxi, Ainhoa Uriarte eta Izaskun Barbarias irakasle ohiak eta Egoitz Koto ikasle ohia.

2018. Telefono dei bat Etxerat-eko kide baten eta Barbariasen artean. «Aipatu zidan preso batek EGA atera nahi zuela, baina ez zeukan inor laguntzeko. Harritu egin nintzen, eta esan nion: «Zer behar duzue? Jendea, EGA prestatzen laguntzeko? Esan zidaten ez zeukatela inor». Barbariasek berehala ekin zion konponbidea aurkitzeari: «Ainhoari [Uriarte] deitu nion, Ainhoak deitu zien beste pare bati, nik beste pare bati, eta bost minutuan bageneukan bederatzi edo hamar lagunez osatutako taldetxo bat». Eta ikasleak animatzen hasi ziren. Bederatzi izan zituzten lehen urtean, eta zortzik gainditu zuten azterketa.

Eta dozenaka ikasle etorri ziren atzetik. Bat-batean, 2019-2020ko ikasturtean, 90 lagun zeuden, batzuk kanpotik laguntzen, irakasten, eta besteak barrutik, euskara ikasten eta hobetzen. Barbariasek azaldu du lanean jarraitu zutela: «Deserria amaitu nahi genuen, eta euskara kartzeletara eraman nahi genuen; azkenean, euskara ikastea eskubide bat da, baita euskaraz bizitzea ere. Esaten genuen: «Zer dakigu egiten? Euskara irakasten».

«Deserria amaitu nahi genuen, eta euskara kartzeletara eraman nahi genuen. Euskara ikastea eskubide bat da».

IZASKUN BARBARIASPresoen euskara irakasle ohia

Hala egin zuten, eta, bitartean, beste bide bat ere zabaldu zuten: administrazioan ate joka hasi ziren. Euskara eskolak ofizial bihurtzea zuten xede. «Harremanetan jarri ginen HABEren [Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea, Eusko Jaurlaritzari atxikia] zuzendaritza taldearekin. Lehenengo bilerara joan ginenean, honela hartu gintuzten: ‘Ezagutzen ez ditugun irakasle hauekin elkartuko gara, zer dioten entzuteko’. Hasierako erantzuna hitz politak izan ziren, baina atzean ez zegoen nahi genuen erantzun positiborik». 

Zailtasunak administraziotik, eta zailtasunak eskolak ematekoan. Euskal presoen sakabanaketa indarrean zegoen. Egoera kartzelatik kartzelara aldatu egiten zela dio Barbariasek: «Kartzela batzuetan, ez geneukan inolako arazorik materiala paketeetan sartzeko; beste batzuetan, dena postaz bidali behar zen, ez ziguten uztaiekin egindako koadernaketak sartzen uzten... Taldean bazegoen irakasle bat uztai guztiak kendu eta hariz josten zituena».

Posta bidez hala moduz aritzen ziren, Uriarteren hitzetan: «Idazlan bat idazten zuten, hilabetera heltzen zitzaigun, zuzentzen genuen eta hilabete batera iristen zitzaien. Denboraren perspektiba galdu egiten da». Beste aukera zen espetxera joatea, baina, ikasketak ez zirenez ofizialak, Ibargutxik azaldu du nola ibiltzen ziren: «Batzuek familiakoei hartu behar izan dizkiete bisitak eta deiak, azalpenak emateko». Ofizialtasunik ezak eragiten zizkien zailtasunen seinale, beste adibide bat jarri du Ibargutxik: «Ondo ikusten ez zuen ikasle bat izan nuen, eta lanpara bat sartu ahal izateko nolabaiteko aitortza ofiziala eskatzen zigun, idazlanak-eta egin ahal izateko. Ahalegindu ginen, baina inork ez zigun egiaztagiririk egin nahi izan, eta ez genuen lortu lanpara sartzea».

«B2 maila atera nuen, eta horregatik hasi nintzen lanean. Kanpoko munduan kokatzen zaitu».

EGOITZ KOTOEuskara ikasle ohia

Horrelakoengatik nahi zuten euskara eskolak ofizialak izatea, Uriarteren hitzetan: «Esaten genuen: ‘Irakasleak gara, ez haien lagunak; orduak behar ditugu, materiala... Beste ikasketak egiten dituztenean, badituzte’. Gauza bera eskatzen genuen». Kotok azaldu du baldintzak zergatik ez ziren berdinak: «Espetxeek zuek etsai gisa ikusten zintuzteten. Bat-batean heltzen zarete eta: ‘Hauek datoz; gainera, euskararekin. Zerbait txarra ekarriko dute’». 

Baina baldintzak baldintza, deserri eta dispertsio betean, ikasleek euskara azterketak egiteko izena eman, egin eta gainditu egiten zituzten. Koto da horietako bat. B2 maila ikasten hasi zen Duesoko espetxean (Espainia). Euskalduna zen, baina titulua edukitzeko beharra ikusten zuen: «Gertuago geunden, gauzak mugitzen ari ziren, agian egunen batean kalea zapaldu nezakeen... Urtebete geratzen zitzaidan irteteko». Eta balio izan zion: «B2 atera nuen, eta horregatik hasi nintzen lanean. Kanpoko munduan kokatzen zaitu». Esker hitzak baino ez ditu irakasleentzat: «Ez dira kontziente egin dutenaz. Egin diguzuen ekarpena, maila pertsonalean, itzela izan da».

Azterketak egiteko baldintzak, alabaina, ez ziren egokiak, Barbariasen irudiko: «Kartzela bakoitzeko baldintzak oso desberdinak ziren: batzuek ikasketa gelan egiten zuten, beste batzuek mintzategietan...». Ibargutxik erantsi du: «Batzuek aldez aurretik jakin barik egiten zuten, altxatu eta jarraian lau orduko azterketa». Kotok erantzun dio: «Baina lau orduko azterketak hor barruan paradisua dira. Altxatzen zara ziegan, etortzen dira esanez euskara irakaslea etorri dela eta azterketa duzula, eta esaten duzu: ‘Zer ondo! Eguna aldatu da, zerbait desberdina gertatu da’».

«Esaten genuen: ‘Irakasleak gara, ez haien [presoen] lagunak; orduak behar ditugu, materiala...’».

AINHOA URIARTEPresoen euskara irakasle ohia

Probak HABEko teknikariek egiten zizkieten, baita zuzendu ere. Barbariasek azaldu du: «Presoen azterketak ez genituen guk zuzentzen, ez ziren gure eskuetatik pasatzen; izan ere, kalean egindako azterketekin nahasten zituzten HABEkoek, eta aztertzaileek zeinena zen jakin gabe zuzentzen zituzten». Idazlanak dituzte ahotan irakasleek, aztertzen diren beste gaitasunetan errazago aritzen baitziren. Uriarte: «Izan genuen beste zailtasun bat entzumenak eta ahozkoak izan ziren. Ez geneukan bi horiek lantzeko modurik. Entzumenen kontua ezin izan genuen bideratu, baina presoek, Puerto de Santa Marian eta Huelvan egon eta betiere bakarka ez bazeuden, euren artean euskara zuten ahoan, nahiz eta kartzela askotan euskaraz aritzea debekatuta egon. Euren artean euskaraz bizi ziren. Beraz, gure lana, batez ere, idatzizkoari begira izan da». 

Presoen nahiz irakasleen lanak eman ditu fruituak: «Notak oso-oso onak ziren, eta hori HABEkoek ere esan ziguten». Datua eman du Barbariasek: «Kalean, gutxi gorabehera %30ek gainditzen dute C1 maila; kartzeletan, %90ek».

Izan ere, Uriarteren hitzetan, bazuten zerbait berezia presoen lanek: «Batzuetan, irakurtzen nituen eta esaten nuen: ‘Benetan hau idatzi du?’. Oso idazlan desberdinak ziren, freskoak, gaiari beti beste punta bat ateratzen zioten...».

Gakoa denbora dela dio Kotok: «Lau ordu genituen patioan; beste guztiak, ziegan. Patiotik igotzen zara, siesta egiten duzu, eta arratsalde guztian zerbait egin behar duzu. Esertzen zara mahaian, eta esaten duzu: ‘Idazlan bat egingo dut’. Eta pasatzen dituzu bost ordu idazlana egiten. Zergatik? Egin dezakezulako».

Eskumena Jaurlaritzarentzat

Baldintza horietan egin zituzten hiru bat urte, eta iritsi zen 2021eko urriaren 1a; orduan geratu zen Eusko Jaurlaritzaren esku espetxeen eskumena. Barbariasek azaldu du euskara eskolak ofizial bihurtzeko geldialdia izan zela: «HABEk esana zigun espetxe erakundeekin hitzarmenaren zirriborroa eginda zeukala. Pasatu ziguten, eta nahiko ondo ikusten genuen. Eta justu momentu horretan etorri zen eskualdatzea. Berriro gelditu zitzaigun prozesua, eta zenbait hilabete eman genituen bilerak egiten. HABE oso astiro ibili zen, baina nolabaiteko errespetua ziguten, zilegitasuna ematen ziguten talde gisa».

Ofizialtasuna oraindik ez, baina lortu zuten eskolak ematera espetxeetara sartzeko eskubidea izatea. Barbarias: «Bilera bat eskatu genuen, eta mahai gainean jarri genien: ‘Orain, ez dago aitzakiarik; eskumena Jaurlaritzak dauka, eta eskatzen dugu kartzeletan eskolak aurrez aurre ematea». Lortu zuten. Ondo gogoan du lehen eguna Uriartek: «Nire kezka bakarra hau zen: ikusten ditugunean, zer? Musu bi emango dizkiet? Besarkatuko ditut? Heldu, eta besarkatu egin genituen. Baina, lehen eskolan, batzuek beren burua babesten zuten, beldurrak-eta zeudelako». Kotok segitu du: «Kartzela min egiteko diseinatuta dago, eta funtzionatzen du: min pila bat egiten du».

«Euskara ikastea bermatuta dago kartzeletan, eta agur esan behar diogu bidaia zoragarri honi».

 GARI IBARGUTXIPresoen euskara irakasle ohia

Basaurin (Bizkaia), Zaballan (Araba) eta Martutenen (Gipuzkoa) B1etik hasi eta C2ra arteko taldeak osatu zituzten, azken horretan A2ko talde bat ere eduki bazuten ere. Presoen bizipenak izan ditu hizpide Kotok: «Barruan eskolak ematen hasi zinetenean, ni kanpoan nintzen jada, baina harreman oso estua dut barruko lagunekin. Kontatzen zidaten jendea heltzen zela Puerto III espetxetik (Espainia) —infernu bat dena— eta bat-batean euskara eskolak zeudela. Flipatu egiten zuten; hori hor barruan bizipoza da». Zergatik? «Kalean esaten da: euskara da gure territorio libre bakarra; barruan, hori muturrera eramaten da». 

Bitartean, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan segitzen zuten, Barbariasek azaldu duenez: «Jarraitzen genuen ofizialtasuna eskatzen». Bilerak eta bilera gehiago: «HABEkoekin harremanetan geunden, lehiaketa atera zezaten eta euskaltegiek har zezaten kartzelak euskalduntzeko eta taldeak sortzeko ardura, zerotik C2 mailara». Orain lau hilabete lortu zuten. Uriarteren hitzak dira: «Euskaltegi batzuek hartu dute, eta Aste Santutik bueltan euskaltegiak hasi dira lanean. Orain, ikusi beharko da zer gertatzen den; taldeak osatuta daude, eta horiekin aurrera egingo dute, baina irailean matrikulazioa egin beharko da, eta guk egin dugu orain arte. Ez dakigu HABEk ahalegin berezia egingo duen».

Halere, pozik daude, asebeteta. «Gure helburua ofizialtasuna izan da, eta lortu dugu. Euskara ikastea bermatuta dago kartzeletan, eta agur esan behar diogu bidaia zoragarri honi», nabarmendu du Ibargutxik. Uriartek eta Barbariasek ez dute ahaztuko Basaurin ikasleei agur esan zieten eguna. Uriarte: «Bat-batean kartzelatik atera ginen lau irakasleak, laurok neskak, eta esan genuen: ‘Amaitu da’. Ondo, lortu dugulako, baina...». Barbariasek segitu du esaldia: «Baina ikasleak han daude oraindik ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.