Euskara justizian, motel eta trabekin

EAEko justizia administrazioan%45 dira dagokien hizkuntza egiaztatua duten langileak; helburua da %70 izatea 2033an. Epaile, fiskal eta letraduek ez dute inolako hizkuntza eskakizunik; horien artean oso apala da ezagutza

Euskara justizian, motel eta trabekin.
arantxa iraola
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Irailaren 25ean, urte judiziala abiatzeko Bilbon egin zen ekitaldian EAE Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari Iñaki Subijanak berak azaldu zuen kezka: «gutxi» erabiltzen da euskara justizia administrazioan. Eta hobetu beharreko arloen artean jarri zuen euskararen normalizazioa: bide horretan, besteak beste, «proiektu pilotu bat» abiatu nahi dute epaiketak euskaraz egiten hasteko. Bada premia. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak idatzia du EAEko justizia administrazioan hizkuntza normalizatzeko 2011-2020 urteetarako ondutako planaren balorazioa, iaz helarazi zuen Eusko Legebiltzarrera, eta horko datuek erakusten dute bide luzea dagoela oraindik egiteko justizia sisteman euskararen ezagutza eta erabilera txertatzeko. Zentzu askotan.



 

Esate baterako, ezagutzan: justizia administrazioan %45 dira dagokien hizkuntza egiaztatua duten langileak, txosten horren arabera. Eusko Jaurlaritzako langileen artean hori. Espainiako Gobernuaren administraziopeko langileak dira epaileak, fiskalak eta letraduak; hor euskararen ezagutza maila oso apala da. Horra Jaurlaritzak egindako baloraziotik ateratako datu deigarri zenbait: epaileen %7k besterik ez dute, adibidez, hirugarren hizkuntza eskakizuna, fiskalen %2k, letraduen %9k. Txostenean argi gogorarazten da funtzionario horiek ez dutela «inolako baldintzarik» ezarrita euskararekin lotuta.

Ikusi gehiago:Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria: «Besterik ezeko hizkuntza gaztelania izaten da»

Eskakizunak

Justizia administrazioan Jaurlaritzako langileak aritzen dira lau kidegotan banatuta: laguntza judizialeko kidegoa, izapidetza prozesaletako kidegoa, kudeaketa prozesalekoa eta auzitegi medikoena. Egiturazko 2.207 postu dira denera. Hizkuntzagatik berezitako dotazioak, alegia hizkuntza eskakizunen bat egiaztatzeko betebeharra dutenak %32 dira. Ezarpen hori dutenen artean%65ek dute bigarren hizkuntza eskakizuna, eta %35ek, berriz, hirugarrena. Hizkuntza eskakizunik gabeko langileak 1.146 ziren 2015ean: %50. Behera egin du ehuneko horrek igaro urteotan: hain justu ere, 2020an 1.032 ziren, %44.

Prestakuntzan ere, zailtasunak. Ikasle kopuru handiena 2007an lortu zen arloan, 500 langile aritu ziren orduan euskara ikasten, eta ordutik hona «etengabe beheraka» egin du kopuru horrek. Azken txostenean esan dute, hala ere, «egonkortzea» lortu dutela ikasle kopurua. Euskaltegietan «zerotik» ikasteko aukerak urriak direla zehaztu dute, eta online egiten diren ikasketak direla orain biderik onena.

Arazoak

Ezagutzan dauden gabezien ondorioa agerikoa da erabilerarekin lotutako aldagaietan. Jaurlaritzaren balorazio txostenak hainbat datu jaso ditu alor horretan. Esaterako, oraindik ez da lortu osoki euskaraz bideratutako espedienterik, hasi eta amaitu arte, itzulpen beharrik gabe. Era berean, oraindik ez da lantalde elebidunik sortu. Nahi eta ezinean ari direla onartu dute: «Zailtasun handiak daude lantalde horiek bere garaian aurreikusi zen bezala eratzeko».

Lanaren funtzionamenduan izan diren aldaketen ondorioz, egoera orain dela urte batzuk zena baino zailagoa dela onartu dute, gainera: «Bulego judizialetako egungo antolaketa funtzionalean langileak nolabait espezializatzera jo da, ez jurisdikzioka bakarrik, baita gaika ere, eta espezializazio maila horrek zaildu egin du euskarazko prozedurak izapidetzeko lantaldeak sortzea».

Horrek, praktikan, euskararen kalterako ondorioak ditu. Datuak, berriro, horren erakusgarri. 54.153 epai ebatzi ziren 2020an, eta horietatik 456 bakarrik izan ziren ele bietan, alegia, euskaraz ere. Itzulitako epaietan, berriz, behera egin da igaro urteotan. 2011n 104 izan ziren, 2013an 48, 2015ean 70, 2020an 58. Azken datu hori baloratzeko aintzakotzat hartu behar da pandemiaren eragina, horrek ekarri baitzuen prozeduren urritzea. Hala ere, oso apala da. Euskaraz egindako deklarazio eta agerraldietara begira ere, eta aintzat hartuta ere hor izurriak eragina izango zuela, 2011-2020 aldian ez da gorako eboluzio argirik hauteman. Horra: 2011n 87 izan ziren; 2013an, 54; 2015ean, 120, eta 2020an, 85. Idatzizko erabileran, 2016tik 2020ra izan den igoera goraipatu dute: %35etik %61era igaro da.

Datuen interpretazioan lagungarria izango delakoan, balorazioan gogoratu dute lanpostuak hizkuntzagatik bereizteko prozesua bulego judizial berria deitua ezartzearekin dagoela lotuta, eta Bilbon oraindik ez dela ezarri. Horrek eragina du; izan ere, postu guztietatik %38 Bilbon daude.

2032ra arteko asmoak

Eusko Legebiltzarrean aurkeztua du Jaurlaritzak datozen urteetarako plana ere; 2032ra bitarteko asmoak ditu jasoak. Oro har, hala ere, planean bertan onartu dute datozen urteotarako «gidalerro finkoak» zehaztea zaila dela. «Beharrezkoa da malgu jokatzea eta ez finkatzea epe edo helmuga zorrotzegirik», jaso dute testuan. «Xumeak dira planteatzen diren helburuak, xumeak baina praktikoak».

Xedeen artean hizkuntza eskakizun ezarria egiaztatua duten langileen ehunekoa handitzea jarri dute: %45etik %70era. Hizkuntza eskakizunen bat dutenen kopurua ere handitzea da asmoa: %60tik %90era. Trebakuntzan, online ikastaroetan parte hartzen dutenen kopurua bikoiztu nahi da: 200etik 400era. Euskararen idatzizko erabileran %100era heldu nahi da alor gehienetan.

Auzia euskaraz izeneko egitasmoa ere bultzatu nahi dute. Onartu dute aurreko planean motz geratu zela xede hori. Asmoak onak ziren: «Baliabideak eskaini nahi ziren prozedura judizial osoak, demanda judiziala aurkezten denetik hura ebatzi arte, euskaraz tramitatu ahal izateko». Ez zen lortu «osotasun baten arabera» garatzea, modu «planifikatu batean». Berriz suspertzen joatea da orain asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.