Hiru hamarkada eta erdi igaro dira Hego Euskal Herriko gaur egungo administrazio esparrua egituratzen hasi zirenetik, eta 32 urte Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legea onartu zenetik. Geroztik, ezin da esan justizia administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko pausorik egin ez denik, baina begien bistakoa da urrats horiek ez direla nahikoak suertatu. Eta horren adibiderik argiena da asteon BAB Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Abokatu Euskaldunen Batzordeak mahai gainean jarritako errealitatea: egun, itzultzailerik gabeko euskarazko epaiketarik ez da egiten.
Egoera iraultzeko ekinbide ugari plazaratu dira urteotan. Administrazioaren aldetik, Justizia Administrazioan Hizkuntzen Erabilera Normalizatzeko Plan Orokorra, 2009tik 2017ra gauzatzekoa, eta Auzia Euskaraz egitasmoa dira azkenak. Bestelako eragileen aldetik, Euskal Herrian Euskaraz erakundeak, abokatu euskaldunek eta bestek salaketa, mobilizazio eta proposamen ugari egin dituzte. Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Euskara Batzordeak, esaterako, kanpaina bati ekin zion 2009an, Epaitegietan euskara hutsez, euskaldunon eskubidea nahi eta nahi ez! leloa erabilita, eta justizia administrazioan «euskal zirkuitua» eratzeko proposamena egin zuen, prozedura judizialen urrats guztietan euskaldunen eskubideak aintzat hartzen direla bermatzeko xedez.
Denbora batez lozorroan egon ostean, berriro ekitea erabaki dute BABen dauden abokatu euskaldunek. Horretarako, jardunaldi bat antolatu dute biharko. Baina ez da ekinbide bakarra izango. Asmoa dute lehenengo urrats honen ostean pauso gehiago ematea, hain garrantzitsu jotzen duen gaia beste zenbait lehentasunen artean galdurik geldi ez dadin.
Elkarrekiko begirunea
Eta zergatik da hain zaila, edo ia ezinezkoa, epaiketak euskaraz egitea? Aitzol Asla (Mungia, Bizkaia, 1971) abokatua da, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Gobernu Batzordeko kidea: «Batzuek urteak daramatzagu galdera hori egiten. Baliabideak bideratu dira, harremanak izan dira administrazioarekin, probako planak egin dira, BABeko euskara batzordeak saialdi asko egin ditu hainbat elkarte eta erakundek demandak euskaraz aurkez ditzaten... baina esfortzu horrek guztiak ez du arrakastarik izan. Gaur egun, epaitegietan ez da euskaraz egiten».
Kontuan hartu behar da auzibidea prozesu bat izaten dela, eta prozesu horretan eragile askok hartzen dutela parte. Batzuk justizia sistematik kanpokoak dira, abokatuak eta prokuradoreak esaterako, eta gero, auzia bulego judizialera iristen denean, epaileak, idazkari judizialak, fiskalak eta bestek hartzen dutela parte.
Prozesu horretan, euskara erabiltzeko zailtasunak hasiera-hasieratik ager daitezke, Jaime Elias Ortega abokatuak dioenez: «Lehenengo arazoa izaten da bezeroa euskara erabiltzearen beldur izaten dela, abokatuarekin duen harremana euskaraz izan arren, eta horretarako eskubidea eduki arren. Bezero askok aurreiritziak dituzte, eta, beraz, abokatuaren lehenengo lana da informazioa ematea».
Ez dira bakarrik herritarraren aurreiritziak: desabantaila objektiboak ere ekar ditzake euskaraz egin nahi izateak. «Demanda zibil batean, ez da gauza bera demandatua ala demandatzailea izatea», Eliasek dioenez. «Denborak ere badu bere garrantzia. Zigor prozedura batean, pertsona bat atxilotuta baldin badago, epailearen aurreaneuskaraz deklaratu nahi badu baina une horretan itzultzailerik ez badago, pertsona horrek badaki bere eskubidean tematu nahi izateak ekar diezaiokeela ziega batean denbora luzeagoz egotea».
Behin prozedura abiatuta, arazo nagusiena izaten da epaileakeuskaraz ez jakitea. «Epaitza emango duenak euskararik ez badaki, gabezia sortzen da hor», azaldu du Eliasek. «Herritarrak galde dezake ea merezi duen izapide guztiak euskaraz egiteko ahalegina egiteak, gero epailearen aurrera iristen deneanerdaraz egin behar badu edo itzultzaile batekin aritu behar badu».
Itzultzailearen gaiari dagokionez, Eliasek uste du oso desberdina dela itzultzailea erabili behar izatea epailea erdalduna delako, edo epailea euskalduna izanda epaiketa euskaraz egin ahal izatea, itzultzaileak fiskalarentzat edo beste alderdiren batentzat lan eginda. Lehenengo kasuan, arazoak begien bistakoak dira: «Nik batzuetan epaile euskaldunekin topo egiteko zorte ona izan dut eta dena oso ondo joan da, baina itzultzailea erabili behar denean, zalantzak sortzen zaizkizu ea zure diskurtso eta argudioak zehatz eta arazorik gabe iristen ote zaizkion epaileari».
Bigarren kasuan, berriz, arazo gutxiago izaten dira: «Nire ustez, garrantzitsuena epaileak euskaraz jakitea da. Gero, beste alderdiren batek euskaraz ez badaki eta harentzat itzultzailea erabili behar bada, tira; beharbada, egoera zein den ikusita, normaltzat hartu beharko dugu horrelakoetan itzultzaileak egotea. Baina epaile euskalduna izateak markatzen du desberdintasuna, nire ustez».
Epaile eta fiskalak ez ezik, bestelako eragileak ere badaude auzibideetan, idazkari judizialak esaterako. Jone Agirre Elso EAEko Justizia Auzitegiko idazkari judiziala da zigor eta zibil arloan: «Demanda bat aurkezten denean, lehenengo pausoa da demanda hori idazkari judizial batek ikustea. Berak esan behar du aurrera jarrai dezakeen edo konpondu beharreko akatsen bat duen. Euskaraz ez badaki, hortxe dugu lehenbiziko traba, eta testua itzuli egin beharko litzateke».
Agirrek ere arazoak ikusten dizkio epaiketetan itzultzailea erabiltzeari: «Bat-batekotasun hori galtzen da, eta ez itzultzailea txarra delako edo gaizki egiten duelako. Ez dut uste arazoa hori denik. Norbait deklaratzen ari denean, berak badaki zer esan nahi duen, baina itzultzaileak ez daki horrek zer daukan buruan. Komunikazioa galtzen da».
Justizia euskalduntzeko, funtsezkoa da elkarlana eta eragile guztien inplikazioa, Aitzol Aslak nabarmendu duenez: «Denok batera ez badugu lanik egiten, ezinezkoa izango da euskara justizia administrazioan normalizatzea. Administrazioaren lana oso garrantzitsua da, epaileen laguntza ere beharko dugu, eta idazkari, prokuradore, abokatu eta gainerako eragileena ere bai».
Jardunaldiak Bilbon
Auzi horiez hitz egiteko, beraz, bihar Justizia euskaraz, zergatik ez? jardunaldia egingo du Bizkaiko Abokatuen Bazkunak, Bilbon duen egoitzan, Uribitarte Maldak kaleko hirugarren zenbakian, Bazkunaren abokatu euskaldunek antolaturik. Ekitaldi irekia izango da, 10:30ean hasiko da, eta parte hartuko dutenak, Jaime Elias eta Jone Agirrerekin batera, honako hauek izango dira: Leire Unzueta Elorriaga Bizkaiko Probintziako Auzitegiko fiskala, Loreto Cabo Maguregi LABeko ordezkaria Bizkaiko Justizia Administrazioan eta Juan Manuel Iruretagoiena Sanz epailea, Bizkaiko Probintziako zigor arloko Auzitegiko magistratua.
Euskara, justizia eske
Oraindik ere, ia ezinezkoa da auziak euskara hutsez eta itzultzailerik gabe egitea; adituek nabarmendu dute helburua erdiesteko ezinbestekoa dela eragile guztiek «batera» lan egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu