Euskara jendaurrean «egoki» erabiltzeko orientabideak plazaratu dituzte

Bederatzi urteko jardunbidea bideratu du Soziolinguistika Klusterrak hainbat erakunderekin. Komunikazio publikoan euskararen erabilera handitzeko irizpideak zein diren aztertu dute, eta emaitza gisara gida bat atera dute plazara: 'jendaurrean.eus'.

Maddi Etxebarria, Asier Basurto eta Oihan Zubizarreta, gaur, gidaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maddi Etxebarria, Asier Basurto eta Oihan Zubizarreta, gaur, gidaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2024ko azaroaren 22a
17:00
Entzun

«Komunikazio publikoa» izaten da entitate askoren zereginetako bat. Korporazio handiei zein lantoki txikiei, unibertsitateei zein herrietako eskolei, nazioarte mailan ari diren kultur eragileei zein auzo mailako apalenei, guztiei egokitzen zaie jendaurrean aritzea, eta hor aintzat hartu beharreko aldagaietako bat izaten da hizkuntza kudeaketa. Hor sortzen diren dudak ohikoak izaten dira, eta askotarikoak. Enpresa handi batek izan ditzake urteko batzar orokorra antolatzean. Edo eskola batek guraso bileretarako deia egitean. Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea da Asier Basurto. Ondo daki halakoetan zer-nolako galdera erauntsia sortzen den askotan. «Nola kudeatu hizkuntzarena? Bi bilera egin behar dira? Bat euskaraz eta bestea erdaraz? Dena bi hizkuntzatan esan? Euskaraz esan eta laburpena egin? Itzulpen sistemak jarri?...». Halakoetan lagundu dezakeen gida bat aurkeztu dute gaur Donostian: jendaurrean.eus.

Soziolinguistika Klusterrak gidatuta, igaro bederatzi urteotan Jendaurrean Erabili dinamika egon da martxan, eta horren fruitua da gida. Esperientziak, zalantzak eta ikasbideak partekatzeko era eman duen «praktika komunitate» bat izan da ekinbidearen muina. Bertan egon dira, besteak beste, kultur eragile handiak, instituzio publikoak, unibertsitateak eta euskalgintzako erakundeak. Dozenaka entitate. Askotarikoak izan dira. «Hori aberatsa izan da. Zenbaitetan kosta egiten da besteen tokian jartzea, baina beste zenbaitetan lortzen da, eta oso emankorra da hori», azaldu du Basurtok. Gaur Donostian egin duten agerraldia proiektua ixteko eta gida aurkezteko izan da.

Basurtok baliabide berria aurkeztu du Emuneko Oihan Zubizarreta eta Elhuyarreko Maddi Etxebarriarekin batera. Erakunde biak dinamikaren parte izan dira urteotan guztiotan, eta propio gida ontzeko lanean ere hartu dute parte. Gidaren xedea zein den azaldu dute: «Hizkuntza kudeaketa egokia». Basurtok zehaztu du «egokia» adjektiboak esanahia izan dezan zer ezaugarri izan behar dituen hizkuntza kudeaketak: «Izan behar du erosoa, eraginkorra eta euskarari ahalik eta toki gehien ematen diona». Borondate horretan bat datozen eragileen arteko dinamika izan da, hain zuzen ere, Jendaurrean Erabili.

«Gidan agertzen direnak ez dira irizpide zurrunak. Datuak dira, gomendioak, erreferentziak, modu malguan hartu beharrekoak»

ASIER BASURTOSoziolinguistika Klusterreko ikertzailea

«Gauza praktiko bat egin nahi genuen», azaldu du Etxebarriak. Hain justu ere, praktikatik edanda egin dute gida, eta praktikarako. «Gidan agertzen direnak ez dira irizpide zurrunak. Datuak dira, gomendioak, erreferentziak, modu malguan hartu beharrekoak», esplikatu du Basurtok. «Inspirazio iturri bat» izan nahi du, beste ezeren gainetik: «Orientazio iturri bat». Egoera asko hartu dituzte aintzat, baina, hala ere, gogoeta etengabea eskatzen du gaiak, aldaketa etengabean baitago egun komunikazioaren mundua. Esaterako, egun teknologia berriek ekarri dituzten euskarri ugarietara begira sortzen dira galdera berri asko: «Sare sozialetan, adibidez. Kontu bakar bat? Bi kontu? Lehenengo euskarazko mezua eta gero gaztelaniazkoa? Errepikatuta? Errepikatu gabe? Irudian ere hizkuntza aldatuta?...».

Bederatzi urteotan argi ikusi dute bideak askotarikoak izan daitezkeela. «Batzuei funtzionatu dienak besteei ez die funtzionatu», onartu du Basurtok. Izan ere, erakunde bakoitzaren egoera ere aintzat hartu behar da, eta horren atzean aldagai asko egoten dira. Erakundearen izaeraren arabera, sarri askotan hor dago «nazioarteko faktorea» ere, eta atzerrietako hizkuntzak ere hizkuntza kudeaketan sartzeko usu egin behar izaten diren ahaleginak.

Ondorio nagusia

Dinamikaren ondorio argienetako bat da gaiak gogoeta eskatzen duela, antolaketa, pentsamendua. «Eraginkortasunez, erosotasunez eta euskarari tokia eginez jokatu nahi baduzu, kudeaketa bat egin behar da, pentsatu egin behar da, erabakiak hartu behar dira. Seguruenera proiektuaren ikasgai handiena beste hainbat arlotan agertzen den bera da: inertziaz jokatzen badugu, inprobisazioz jokatzen badugu, hizkuntza hegemonikoetara goaz».

«Proiektuaren ikasgai handiena beste hainbat arlotan agertzen den bera da: inertziaz jokatzen badugu, inprobisazioz jokatzen badugu, hizkuntza hegemonikoetara goaz»

 ASIER BASURTOSoziolinguistika Klusterreko ikertzailea

Bederatzi urteotan urtean 4-5 aldiz goiz osoko saioak egin dituzte eragileek, aurrez aurrekoak beti. Hori izan da laneko martxa. Trebakuntzarako bidea izan dira saio horiek, eta ariketa kolektiboak lantzeko modua. Ikasgaiak ateratzeko asmoz, praktika komunitatea martxan egon den bitartean, paraleloki, ikerketa talde bat aritu da lanean, EHUko eta Soziolinguistikako Klusterreko ikertzailez osatutakoa, dinamikaren hainbat ikuspegi aztertzeko eta hortik ondorioak ateratzeko.

gidaren atal nagusiak

Zer egin?
Irizpideak jartzea da lehen proposamena: «Jendaurreko komunikazioan hizkuntza irizpideak adostuta eta onartuta izateak lagunduko digu erakundean kanpora begirako komunikazioan hizkuntzaren kudeaketa nola egingo dugun zehazten». Irizpide horiek «formalki» jasotzea da aholkua. Taxuz aurrera egite aldera, komenigarria da, halaber, aurrez erakundean euskararen egoera zein den jakitea. «Horrela, abiapuntuko egoera zein den jakingo dugu, eta ezarritako helburuetara iristeko martxan jarri beharreko ekintzak eta hobekuntza neurriak zehaztu ahal izango ditugu», jaso dute. Irizpideak erakundearen egoerara eta ingurune soziolinguistikora «egokitzea» garrantzitsua da, eta erakundeari lotutako kolektibo osoak «ezagutzeko eta barneratzeko» kanal egokiak ezartzea.

 

Non eta nola eragin?
Hainbat aholku eman dituzte. Webguneetarako, adibidez: webgune «eleaniztuna» diseinatu behar da hasieratik. Sare sozialetara begira, aholkua da erreminta, tresna eta aplikazio berriak sortu ahala bakoitzean erabiltzaileekin dagoen harremana zein den jakitea eta tresnaren ezaugarrien arabera hizkuntzak «modu batean edo bestean» erabiltzea. Ikus-entzunezkoetan eman duten irizpidea da «interes taldeak identifikatzea» eta horiekin erabiltzeko irizpideak zehaztea, eta betiere euskara ere agertzeko bideak finkatzea: esate baterako, beti euskarazko azpitituluetako aukera zabaltzea da ematen diren gomendioetako bat. Hedabide eta prentsaurrekoak: komunikazio arduradunak edo sailak «aurretik hausnartuta eta araututa» eduki behar du nola erabiliko diren hizkuntzak. Ekitaldiak-eta antolatzean, gauza bera, eta «kanpo zerbitzuak» kontratatu behar badira, kontratazio agirietan argi adierazi behar da «hizkuntza betekizunak» zein diren. Publizitatean ere «hizkuntza estrategia» landu beharko da, eta, besteak beste, sustatuko da euskaraz lan egin dezaketen agentziekin lan egitea, eta euskaraz «pentsatua eta sortua» den publizitatea lehenestea.

Baliabide eta tresnak
Webgunean, halaber, hizkuntzen kudeaketa on baterako lagungarriak izan daitezkeen baliabideak jarri dituzte eskura. Hitzaldiak, praktika onei buruzko agiriak eta webguneak, liburuak, artikuluak, arautegiak, ikastaroak eta beste jaso dituzte bilduma zabal batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.