Ipar Euskal Herrian euskarak duen egoeraz kezkaturik agertu dira euskalgintza eta zenbait aditu. Azpimarratu dute hizkuntza politika publikoa berrikusi eta indartu behar dela egoerari buru egiteko. Joan den astean argitaratu zituen VII. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak EEP Euskararen Erakunde Publikoak, eta, aitzineko inkestek bezala, euskararen beheranzko joera berretsi dute: hiztun kopurua doi bat emendatu bada ere, euskaldunen proportzioa apaldu eta apaldu ari da. 51.000 euskaldun dira Ipar Euskal Herrian, herritarren %20,1.
Eneko Gorri soziolinguista eta euskalgintzako ekintzaileak eman du lehen azpimarra. Datuak «biziki kezkagarriak» badira ere, ez da batzuek espero zuten «sekulako aldaketa» iritsi, haren hitzetan. «Askori iruditzen zaigu jendartea biziki fite aldatu dela, eta euskararen gaiarekin are gehiago. Pentsa genezakeen intzidentzia handia izan zezakeela, eta ez da hainbestekoa», ebatzi du.
Hala ere, joera soziolinguistikoak epe luzera begiratzen direla azpimarratu du. Hor du kezka nagusia: «Azken hamar urteetan lurralde honek bostehun euskaldun irabazi dituela erraten da, baina momentu berean 14.000 erdaldun irabazi ditu». 2001etik hona izandako bilakaeran jarri du arreta: hogei urtez 4.500 euskaldun galdu dira Ipar Euskal Herrian. Orain dela urte batzuk Euskal Konfederazioak egindako prospekzioak aipatu ditu: hizkuntza politika berarekin segituz geroz, 2035ean %15era jautsiko litzateke euskaldunen proportzioa.
Celine Mounole Hiriart-Urruti UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasle ikertzaileak adierazi du hiztunen gaitasunari begiratu behar zaiola. Euskal elebidunak, elebidun orekatuak eta erdal elebidunak banatu ditu inkesta soziolinguistikoak, euskaraz mintzatzeko duten erraztasunaren arabera. Ipar Euskal Herrian, euskal hiztunen kasik erdiak erdal elebidunak dira; hau da, hobeki moldatzen dira erdaraz, euskaraz baino. «Horrek are okerrago bilakatzen du inkestaren emaitza. %20ko hori ez da zenbaki erreala. Hiztun horien erdiak bakarrik sentitzen badira gai euskaraz aritzeko, erran nahi du gure hizkuntza eri dela, gure hiztunak eri direla», deitoratu du. «Hizkuntza batek hiztun osoak behar ditu bizitzeko, ez soilik hizkuntzan moldatzen diren hiztunak. Errealitatea iluna da. Ez dugu lortu euskaldun kopurua sendotzea gaitasunean», ebatzi du.
Gazteengan ikusten dituzte datu baikorrak Gorrik eta Mounole Hiriart-Urrutik. 16-24 urtekoen artean, kasik bikoiztu egin da euskaldun kopurua hogei urtean: %12,2 ziren 2001ean, eta %21,5 gaur egun. 25-34 adin tartean ere gorakada nabari da garai berean: %12,1etik %17,2ra igaro da. «16 urtetik beherako hiztunak ez dira ageri, eta hor ere badira datu baikorrak», Gorriren iritziz. «Energia anitz eman da azken hogei urteetan hezkuntzan, eta duela hogei urte espero ez ziren emaitzak lortu dira. Ikaragarria da». Hala ere, ezinbestekoa da beste arloetan ere indarrak ematea, haren ustez. Helduen alfabetatzean eman du lehentasuna. «AEK bizi den prekaritatetik atera behar da; ezinbesteko alorra izanen da ondoko urteetan. Ez gaitezen gazteetan bakarrik fokalizatu».
Erabilerari dagokionez ere ildo beretik jo dute biek ala biek. «Gure hizkuntzak, aitzina egiteko, ez du bakarrik etxeko hizkuntza izan behar. Diglosia hori oraindik izugarri markatua da, eta oraindik eta markatuagoa izanen dela ageri da», aztertu du Mounole Hiriart-Urrutik. «Hiztun kopuruak eragina du erabileran, hiztun dentsitateagatik. Oro har gero eta euskaldun gutxiago gara, eta gero eta aukera gutxiago izanen dugu euskaraz mintzatzeko», ondorioztatu du Gorrik. «Bada dinamika bat adin piramidearen azpitik heldu dena, ezagutza eta erabilera gora emanez. Baina hiztun komunitatea bere osotasunean indartu behar da. Ezin da gazteen bizkar utzi». Hala ere, gaur egun datuak eskas dira, Gorriren hitzetan, erabileraren gaia behar bezala lantzeko.
Hizkuntza politika ardatz
Euskal Konfederazioak ere kezkaz hartu ditu datuak. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria mintzatu da Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileen izenean: «Gaur egungo hizkuntza politikak euskaldunak zokoratzen ditu, eta euskara desagertzera kondenatzen du», deitoratu du. «Hizkuntza politika euskalgintzaren bizkar eraiki da, eta eskas dira politika publikoak. Udalekuren gain ezartzen da aisialdi politika garatzea, baina ez dira ezartzen horretarako behar diren ahalak. Gauza bera AEKrekin, ikastolekin... Hori ez da hizkuntza politika bat martxan ematea, eta, emaitzek adierazten dutenez, euskararen gainbehera ekartzen du». Gogor mintzatu da: «Bada garaia instituzioek itxurakeria utz dezaten eta ekin diezaioten».
Eguneratu beharra ikusten du Gorrik ere: «Iruditzen zait bagenukeela zepo batean erortzeko arriskua: kontsideratzea gaur egun arte egiten dena ongi dela baina intentsitate handiagoan egin beharko litzatekeela». Hiru ardatz azpimarratu ditu. Transmisio kanalak masifikatzea, batetik. «Hiztunak ekoitzi behar ditugu masiboki. Hezkuntza, bai, baina transmisioa egiten den beste esparruak baztertu gabe». Horrez gain, erabileraren aroa zabaltzeko «plan integral bat» beharko dela uste du. «Ezin da bakarrik pentsatu Euskaraldiari; agerian utzi ditu bere mugak», adierazi du. «Haurrak eta helduak biziki pragmatikoak dira, berehala ulertzen dute Egun on bonjour batekin aski dutela hemen bizitzeko». Azkenik, sentsibilizazio dispositibo berrituen beharra aipatu du. «Nahi dugu transformazio politika bat eraman iritzi publikoan eragin gabe. Uste dugu 2000ko urteetan eraiki den kontsentsu soziopolitikoak iraunen duela luzaz. Baina arraildurak agertzen dira, eta erantzun behar diogu lehenbailehen». Diskurtsoari lotua da, haren ustez. «Zertarako balio du euskarak? Zer ekarriko dio Bordeletik etorritako herritar bati edo Baigorrin sortu den gazte bati?».
Euskaratik urrun direnak hurbiltzeko argumentuak ere landu beharko lirateke. «Jende anitz Euskal Herritik kanpotik etorria da. Ez dute euskal izenik, ez duteerrorik Euskal Herrian... Ez dute berezko loturarik euskararekin.Nola lantzen ditugu datu hauek gure komunitatean leku bat dutela ikusarazteko?». Migrazioari buruz Gaindegiak egindako ikerketa hartu du aintzat: «Herritarren erdiak ez dira hemen sortuak, eta horien %94 Frantziako Estatutik heldu dira. Haien buruan, Frantziako eskualde batetik beste eskualde batera etorri dira bizitzera. Hego Euskal Herrian anitz aipatzen da publiko prekarizatua dela; hemen ez da hala».
Gorostiagaren iritziz, erakunde guziek hartu behar dituzte hizkuntza politikako neurriak: Euskal Hirigune Elkargoak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Akitania Berria eskualdeak. «Ez daitezela gorde EEPren edo Frantziako Estatuaren gibelean. Bakoitzak bere ardurak hartu behar ditu». EEPren aurrekontua bikoizteko eskatzen ari da euskalgintza azken urteetan, baina egitura bakoitzak egin litzake aitzinamenduak, haren ustez. «Euskal Elkargoa 2017an sortu zen. Argi da hizkuntza politikan ez duela asmatu. Gauza anitz gehiago egin behar dira euskara biziberritzeko. Hautetsiek ikus dezatela zer politika eraman nahi duten». Apirilaren 22an Baionan eginen duten manifestaziorako deia berretsi du: «Egiazko hizkuntza politika bat martxan ezar dadin, eta ongi uler dezaten gure agintariek gure herriaren etorkizuna dela jokoan. Euskararik gabe ez da gehiago izanen».
Datuen erabilera politikoa egin behar dela erran du Gorrik. «Agintariei ulertarazteko desafioa ez dela batere irabazia baina lorgarria dela. Ohartzen badira azken hamar urteetan sekulako dirua ematen dutela eta ez dela deus mugitzen... Oreka atzeman behar da. Emendatu baliabideak, eta ikusiko duzue gauzak hobetzen direla».
Euskararen egoeraren jakitun direla azpimarratu zuen Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak joan den ostegunean, datu soziolinguistikoak argitaratu zituztenean. «Biltzar nagusiak bozkatu du berehalako erantzun bat ematea larrialdian diren egiturei. Badakigu ez dela aski». Frantziako Estatuaren ikuskaritza jaso beharra du EEPk ondoko hilabeteetan, eta erakundearen etorkizunaz erabakiko dute, hala nola estatus juridiko bera atxikiko duen, zer epetarako, zer dirurekin... EEPren beharrak eta euskalgintzaren egoera aurkeztuko dizkietela erran du Kurutxarrik. «Esperantza handia dut arrapostu hobe bat ekartzen ahalko dugula.
VII. Inkesta Soziolinguistikoa. Ipar Euskal Herria
Euskara Ipar Euskal Herrian: «Ez da beranduegi»
Inkesta soziolinguistikoaren datu «kezkagarriak» ikusirik, arlo guziak landuko dituen hizkuntza politika eraginkor baten alde egin dute adituek eta euskalgintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu