Joan den irailaren 30ean doktoretza tesia aurkeztu zuen Naiara Berasategik (Zumarraga, Gipuzkoa, 1979), ikerketan lau urte eman ostean. Hizkuntza eta kultura aniztasuna Bilboko eskoletan. Euskararen erabileran eta euskal kultur praktikan eragiten duten faktoreak da tesiaren izenburua: Bilboko 11 ikastetxetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 4. mailako 989 ikasleri egindako galdetegi baten bidez, ikasleen praktika linguistiko eta kulturala nolakoa den eta horretan zein faktorek eragiten duten aztertu du Berasategik.
Nolakoa izaten da Bilboko ikasleen hizkuntza erabilera? Zein hizkuntza erabiltzen dute, eta noiz?
Ikerketaren arabera, argi dago eskola dela euskararentzako arnasgunea. Ikasleen erdiek baino gehiagok euskaraz egiten dute eskolan, baina handik aldentzean erabilera nabarmen jaisten da. Kontuan hartu behar da aztertu dugun testuinguru soziolinguistikoa, Bilbo, ez dela euskararen oso aldekoa. Familian ere, espainiera da hizkuntza nagusia. Azkenean, eskola bihurtzen da euskararen babesleku.
Aldaketarik badago ikasleen jatorriaren arabera?
Ume autoktono eta etorkinak desberdintzen baditugu, ikusten dugu etorkinen kasuan berdin gertatzen dela, euskara eskolan erabiltzen dutela gehien, baina erabilera hori nabarmen apalagoa dela. Beste hizkuntzei dagokienez, etorkinek erabili ohi dituzte, normala den moduan, baina erabilera hori familian izaten da: gainerako esparruetan ia hutsala izaten da. Lagunartean eta eskolako atarian zertxobait erabiltzen da, eta eskolan, ia batereez. Dagoen hizkuntza aniztasunak ere atentzioa ematen du. Berberera, portugesa, errumaniera eta txinera nagusitzen dira, baina askoz gehiago daude.
Zeintzuk dira erabilpenean eragiten duten faktore nagusiak?
Erabilpenean, eragile nagusia hizkuntza ezagutza eta kulturaezagutza eta praktika izaten dira. Badu logika: hizkuntza ezagutzeak baldintzatzen du gehien hizkuntza horren erabilera. Baina hori alde batera utziz, beste batzuek ere eragin nabarmena dute, eta horien artean jarrera eta motibazioa nagusitzen dira, batez eremotibazio integratzailea deritzona. Identitateak eta harreman sareak ere eragin nabaria daukate. Adierazle soziodemografikoei dagokienez, hizkuntza ereduak ere eragiten du; D ereduan ikasten dutenek gehiago egiten dute euskaraz. Gazteagoek euskara gehiago egiten dute. Neskek zertxobait gehiago egiten dute mutilek baino. Itunpeko ikastoletan daudenek ere gehiago egiten dute, baita etorkin kopuru txikia duten eskoletan daudenek ere.
Eta etorkinen kasuan?
Etorkinen kasuan ere, faktore horiek eragiten dute, baina aipatzekoa da ez dagoela etorkin askorik D ereduan matrikulatuta eta ikasle etorkin gehienak ikastetxe batzuetan kontzentraturik daudela. Euskararen ikuspegirik, horrek ez du ondorio positiborik ematen. Beste zenbait ikerketatan ere agertu da badagoela etorkinak zenbait zentrotan kontzentratzeko joera eta horietan A eta B ereduak nagusitzen direla.
Frantsesarekin eta espainierarekin ez ezik, beste hizkuntza batzuekin ere harremanetan dago orain euskara. Nolako eragina du horrek euskararen hedapenean?
Egia da hor aldaketa nabarmena gertatu dela. Gainera, hizkuntzaaniztasun handia dago. Horrek egoera konplexuago bilakatzen du; areago, jakinda euskara hizkuntza gutxitua dela eta oraindik bide luzea duela normalizaziorako. Baina egoera berri hori modu positiboan kudea daiteke, euskara integraziorako bide bilakatuz. Askotan , etorkinen hizkuntzak ere hizkuntza gutxituak dira, eta horiek balioesten badira eta duten lekua aitortzen bazaie, horrek ekar dezake etorkinek ikustea euskarak baduela balioa, eta, ondorioz, euskara ikasi eta erabiltzea. Etorkinen kultura eta hizkuntzak geletan sustatzeak eta aintzat hartzeak eragin dezake euskararekiko motibazio positiboan.
Motibazioan zelan eragin daiteke euskara gehiago erabil dezaten?
Garrantzitsua da ikasleek erreferente euskaldunak edukitzea, batez ere adin horietan komunikabideek eta teknologia berriek duten eragina kontuan hartuta. Garrantzitsua da erabilera guneak edukitzea, eta gune horiek gertukoak izatea eta ikasleak hor eroso sentitzea. Eskolan, inportantea da euskara, modu formal batean ez ezik, beste helburu batzuekin ere erabiltzea, hizkuntzaren balio hori aintzat hartzeko. Bestela, Bilbon gertatzen da modu instrumentalean erabiltzen duten hizkuntza horrek ez duela presentziarik kalera ateratzen direnean.
Kultura eta hizkuntza ugari elkarrekin bizi diren egoera batean, euskara izan daiteke integraziorako gune?
Integraziorako bide izan daiteke, eta izan beharko luke. Ikasle horiek eta euren gurasoek ikusten badute euskararen alboan euren hizkuntzak errespetatzen direla, euskararekiko motibazio positiboagoa ekarriko du. Euskararen normalizazioaren bidean oraindik lan handia dago egiteko, eta egoera konplexuago baten aurrean gaude, baina komenigarria litzateke egoera hori aberastasun gehigarri gisa hartzea.
Naiara Berasategi. Gizarte Psikologian doktorea
«Euskara integrazio gunea izan daiteke, eta izan beharko luke»
Bilboko ikasleen hizkuntza erabilera eta kultura praktika aztertu du Berasategik; dioenez, ume etorkinen hizkuntzak eskolan aintzat hartzeak eragin positiboa izan dezake euskararekiko motibazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu