Ongi etorri euskararen mundura jardunaldia abiatu dute gaur Gasteizen, Europa jauregian. Migratzaileak euskararen mundura erakartzeko bideak aztertuko dituzte gaur eta bihar, horretarako behar diren «zumeak» zein diren ikusteko. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak antolatu dute, lankidetzan. Gai «konplexua» dela onartu du Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek jardunaldiaren hasieran: «Ertz askokoa». Argi du bidea «gizarte ekitatiboago» baten aldeko irizpideek zedarritu beharko dutela. Ikuskera horretan txertatu beharrekoak ikusten ditu, hizkuntza ardatz, migratzaileei begira sustatu beharreko politikak: «Izan gaitezen harrera herri bat eta izan gaitezen harrera hizkuntza bat». Oroitarazi duenez, hor taxuz aritze aldera, ahalegindu beharko da migratzaileen inguruan maiz nagusitzen diren «irudi estereotipatuak» gainditzen.
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago
Hizkutza Politikako Sailburuorde Aitor Aldasorok biziki eskertu du Kontseiluko «lagunek» jardunaldi hori antolatzen egin duten lana. Gogoratu du migrazio prozesu indartsuak izan direla aurrez ere Euskal Herrian, euskararentzako «bidegurutze» zailak zabaldu direla aurrez ere, eta indargune bat ikusten duela orain bidean egin beharreko urratsekin asmatzeko: «Inoiz ez gara egon hain prestatuak». Onartu du erantzun zaileko galdera bat badagoela auziaren muinean: «Nola egin erakargarri gure hau?».
Gaiari buruzko egungo erretratua, aurrena, Eguzki Urteaga eta Arkaitz Fullaondo soziologoek egin dute. EHUko irakaslea da Urteaga, eta Ipar Euskal Herriko errealitateari erreparatu dio, bereziki. Ikuspegi zentroko ikertzailea da Fullaondo, eta Hegoaldetik begiratu dio gaiari. Izan ere, Eskisabelek berak onartu du, beste gai askotan bezala, hemen ere «Bidasoaren» alde bietara badirela egoerari neurria hartzeko aldagai aski ezberdinak. Euskara «kohesio sozialerako» tresna izan daitekeela nabarmendu du Urteagak. Bat etorri da horretan Fullaondo. Migrazio prozesuez mintzatzean usu gailentzen den ikuskera «funtzionalaz» harago, gogoratu du gizon eta emakume horiek, hain «askotarikoak» beren errealitateetan, «bizitza proiektuak» garatzera datozela, eta euskarak bide horretan berebiziko garrantzia izan dezakeela. Horretarako, ordea, haien errealitateei tentuz erreparatu behar zaie. «Euskara inklusio elementu izango bada, metodologia eta politika berriak behar ditugu».
Lantzen
Erakundeak eta gizarte mugimenduak ere ari dira bide berrien bila. Hizkuntza harrera egokirako zumeak jartzen mahai inguruan propio hiru eragilek hartu dute hitza. Bilboko Udaleko Euskara zuzendari Mari Jose Arrieta Sagarna, Euskaltzaleen Topaguneko aniztasun teknikari Onintza Olaizola Aristi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako zuzendari Itziar Eizagirre Irureta solastatu dira.
Bilboko Udalaren izenean, Arrietak esan du heldu den hamar urteetan euskaren sustapenerako ezarriko dituzten ildo estrategikoak zehazten ari direla, eta prozesu horretan erreparatu diotela gaiari, bere zabalean, beste hainbat departamendurekin elkarlanean, gai honetan jarduteko beste erarik ez dagoela iritzita. Izan ere, korapiloa ez da askatzen erraza. «Kulturartekotasunaren ikuspegitik aztertu behar da gai hau, baina kontuan hartuz euskara babestu beharreko hizkuntza dela», zehaztu du. Eta, bide batez, migratzaileen egoerak aintzat hartu behar dira beti: eta zailak dira askotan. Hala ere, itxaropentsu izateko motiboak badirela azaldu du, eta euskararen gaineko iritzi baikorrak jaso dituztela migratzaileei galdera egin dietenetan. «Emaitzetan ateratzen da oso jarrera baikorra dutela orokorrean euskara ikasteko: borondatea, jarrera... Haiek ez badute, haien seme-alabek. Hori aukera moduan interpretatzen dugu».
«Oso jarrera baikorra dute orokorrean euskara ikasteko: borondatea, jarrera... Haiek ez badute, haien seme-alabek. Hori aukera moduan interpretatzen dugu»
MARI JOSE ARRIETA SAGARNABilboko Udaleko Euskara zuzendaria
Eizagirrek ere gai honetan «zeharka» jardun behar dela nabarmendu du, eta esan du hori aintzat hartuta bideratzen dituztela arloan egiten dituzten proposamenak. «Daukagun ideia bat da administrazioak erraztaile bat izan behar duela, eta gerturatzen den pertsona modu integral batean begiratu behar dela». Eta «bertako komunitateari» ere begiratu behar zaio, bere burua azter dezan, galderak egin diezazkion. «Komunitatean eta esparru publikoetan nola elkartzen gara? Nola egiten dugu elkarren artean harremana?». Izan ere, hor bete-betean agertzen da hizkuntza: aldagai bizi.
«Daukagun ideia da administrazioak erraztaile bat izan behar duela, eta gerturatzen den pertsona modu integral batean begiratu behar dela»
ITZIAR EIZAGIRRE IRURETAGipuzkoako Diputazioko Giza Eskubideetako zuzendaria
«Guk harrera unibertsal batean sinesten dugu», azaldu du Olaizolak. «Harrera unibertsal horren ondoren, bakoitzak bere egoeraren arabera zehaztapenak izan behar ditu». Bide horretan, «aitakeria eta amakeria» jarrerak bazterrean uztea ere ezinbestekoa dela gogoratu du. «Euskara ikastea ez da haien betebehar bat; aldebiko elkar hurbilketa bat izan behar du». Gizarte hezitzailearen jarduna da, eta argi du usu haiei begirako artan euskarak duen presentzia urria ere kritikatu behar dela. Agur hitza gaztelaniazkoa zela uste zuen erabiltzailea du gogoan: haren harridura euskara bazela ulertu zuenean. «Ez diegu aukerarik ematen jakiteko euskara ere bizi dela».
«Euskara ikastea ez da haien betebehar bat; alde biko hurbilketa bat izan behar du»
ONINTZA OLAIZOLA ARISTIEuskaltzaleen Topaguneko Aniztasun teknikaria