Hizkuntzak

Euskara-ingeles hiztegia online jarri du Elhuyarrek

Ingelesa «zubi hizkuntzarik» gabe ikasteko aukera eman nahi du. 2016. urtean kaleratu zuen papereko bertsioa.

Elhuyarrek saren eskuragai jarri du euskara-ingelesa hiztegia. ELHUYAR
Jone Bastida Alzuru.
2023ko martxoaren 22a
12:45
Entzun

Ingelesaren eta euskararen arteko zubia indartu eta erraztasunak emateko asmoz, Elhuyarrek beste baliabide bat jarri du eskuragai: gaurtik aurrera online egongo da Collins Elhuyar Euskara-Ingelesahiztegia. Elhuyar.eus atarian kontsultatu daiteke. 65.100 sarrera ditu guztira, bi ataletan banatuta: euskara-ingeles atalean, 31.700; eta ingeles-euskara atalean, 33.400.

Elhuyarren arabera, baliabide honen bidez ingelesa ikasten ari diren euskaldunek ez dute ingeles-gaztelania edo ingeles-frantses hiztegien «beharrik» izango.

2016. urtean kaleratu zuen Elhuyarrek hiztegi horren papereko bertsioa. Merkatuan horrelako hiztegi baten premia zegoela adierazi zuen orduan Elixabete Etxeberria hiztegiko lantaldearen arduradunak. Collins Concise Spanish Dictionary hiztegia erabili zuten oinarritzat, eta Euskaltzaindiaren Hiztegia ere «ezinbesteko erreferentzia» izan zela azaldu dute.

Urteotan eguneratzen aritu dira, eta bertsio berritua dago sarean kontsultagai, euskara-gaztelania eta euskara-frantses hiztegiekin batera.

Elhuyarrek adierazi du hiztegi «dinamikoa eta bizia» dela, eta etengabe eguneratuz joango direla. «Hainbat erabiltzailerentzat baliagarria izango da eguneroko lanerako. Besteak beste, ezinbesteko tresna izango da itzultzaile, ikasle, irakasle eta, oro har, hizkuntzarekiko interesa duen edonorentzat».

Asmoa argi zuten: ingelesa «zubi hizkuntzarik» gabe ikasteko aukera eskaintzea. Hiztegia gailu mugikorretan eta ordenagailuan ere instala daiteke.

Modu horretara, urrats bat egin du Elhuyarrek; izan ere, apenas dagoen online euskara-ingeles hiztegirik. Morris da horietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.