Ingelesa euskararen bitartez ikasten ari diren ikasleei ez ezik, bi hizkuntzak erabiltzen dituzten profesionalei zuzendutako hiztegia da Collins Elhuyar euskara-ingelesa. Ingelesaren bitartez euskara ikasteko ere balio du.
Merkatuan horrelako hiztegi baten “beharra” bazegoela adierazi du Elixabete Etxeberria hiztegiko lantaldearen arduradunak, eta 2007an kaleratutako hiztegiaren bigarren edizio bat baino “haratago” joan direla gaineratu du.
Hiztegigintzan Elhuyarrek baino “esperientzia handiagoa” duen atzerriko argitaletxe bat bilatu nahi izan zutela azaldu du Etxeberriak, eta Collins argitaletxearen aukera izan zela egokiena. 2012an jarri zuten hiztegi berriaren proiektua martxan, aurrekoa eguneratzea baino, berri bat ateratzea konturatu zirenean.
Euskararekin eta ingelesarekin lan egitea ahalbidetzen duen hiztegi “eguneratu” bat sortu nahi izan dute, hizkuntza etengabe aldatzen delako eta hiztegiak aldaketa prozesu horretara egokitu behar direlako. Aurreko hiztegiarekiko aldaketa “nabarmena” da, Etxeberriaren ustez: “Orri kopuruari dagokionez, bikoitza da”. Ingelesezko zein gaztelaniazko gramatika eranskin bat ere txertatu dute.