Euskara ikasteko «bidelaguna» izango dela argi utzi du AEK-k

2023-2024 ikasturterako matrikulazio kanpaina zabaldu dute. 16-18 urtekoentzat C1 maila prestatzeko diru laguntza berri bat egongo da

AEK-k 2023-2024 ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu zuen atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
AEK-k martxan jarri du 2023-2024ko ikasturterako matrikulazio kanpaina. Agerraldia egin zuten atzo Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, eta bertan izan zen Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia, AEK-ko beste hainbat kiderekin batera: «Herritarrei gogorarazi nahi diegu AEKn bidelaguna aurkituko dutela euskara ikasteko». Euskara hurbil, zu urrun heltzeko lelopean, herritarrak gonbidatu zituzten «euskara ikastera, euskara maila hobetzera eta euskara erabiltzen jarraitzera».

Jada AEKren edozein euskaltegitan eman daiteke izena. Eta hurrengo asteetan, kanpaina «handi» eta «aktibo» batean murgilduko dira, «euskara hurbil jarriz». Iribarrenek gogoratu duenez, AEK-k ehun herritan baino gehiagotan ditu euskaltegiak. «Horien bidez, beste hamaika herritara iristen gara, baita euskara ikasi nahi duten enpresetara eta elkarteetara ere», gehitu du. Bilboko euskaltegiak izan ditu hizpide. Izan ere, Bizkaiko hiriburuan zazpi euskaltegi dituzte, eta Zazpikaleetan dagoen Lizardi AEKren egoitzak 40 urte beteko ditu aurten. «Izango duzue horren berri ikasturtean zehar».

Euskara ikasteko aukera ugari eskainiko dituzte; besteak beste, aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza eta eredu konbinatua—aurrez aurreko eskolak eta lan ez-presentziala uztartzen dituen sistema—. Online ikastaroak ere egongo dira: «Horien bidez, herritarra dagoen txokoraino heltzen gara». Kolektibo jakin batzuei begirako eskaintza ere egongo da, xedearen arabera moldatuta. Eta Foruko barnetegia (Bizkaia) urte osoan izango da zabalik. Aukera guztietan irakasleak «bidelagun» izango direla nabarmendu du koordinatzaile nagusiak: «Irakasleok zuen ondoan gaude; daukagun onena eskainiko dizuegu zuek euskaraz ikasteko».

Azken ikasturteek erakutsi dute euskaltegien lana «bizi-bizirik» dagoela, Iribarrenek esan duenez. «Euskara ikasi eta hobetu nahi duten herritarren gogoak hortxe dirau». Gaur egun, 12.000 ikasle ditu AEK-k. Eta «zinez» espero dute ikasturte honetan herritar gehiago biltzea. «Ikasleen eta irakasleen ahaleginari esker, euskalduntze prozesuan aurrera egin dugu». Iribarrenek herritarrei gogoratu die ikasleek Aizu! aldizkaria jasoko dutela doan hilabetero, eta hainbat aukera eta deskontu ere izango dituztela.

Diru laguntza gehiago

Iribarrenek azpimarratu du erakundeek, udalek, aldundiek, mankomunitateek eta administrazio nagusiek diru laguntzak eman dituztela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, B2 mailara arteko prozesua doakoa da, maila euskaltegian nahiz deialdi ofizialetan lortuz gero. Iaztik, gainera, 30 urtetik beherakoentzat C1 mailara arteko prozesua doakoa da, maila egiaztatuz gero. Are gehiago, 16 eta 18 urte bitartekoentzat C1 maila prestatzeko diru laguntza berri bat zabaldu da. Nafarroan, berriz, laguntzak «zertxobait emendatu» dira, eta Iparraldean ere euskara ikasteko «diru saila» ere bada. «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek aukera horien berri edukitzea, euskarara eta euskaltegietara hurbiltzeko ezinbesteko osagaia direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.