Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak. Kultura eta Hizkuntza Politika

Euskara ikasketen doakotasuna sustatuko du Eusko Jaurlaritzak

Diru laguntza berezi bat onartu du 16-18 urte bitartekoek doan egin ditzaten euskarazko C1 mailara arteko azterketak. Datorren urtearen hasieran onartu asmo du 2030 bitarteko kulturaren plan estrategikoa

Ezker-eskuin: Bingen Zupiria, Andoni Iturbe, Miren Dobaran eta Gorka Iturriaga, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen artean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea da Eusko Jaurlaritzak datorren urterako jarri duen helburu nagusietako bat, eta hori lortzeko beste urrats bat egingo du euskara ikasteko ikasketen doakotasunean. Diru laguntzak handituko ditu 16 eta 30 urte arteko ikasleek B2 mailako azterketak ez ezik, C1 mailakoak ere doan egin ditzaten datorren ikasturtean. Bereziki 16-18 urte artekoen artean indartuko du xede hori, eta horretarako 750.000 euroko bideratuko ditu.

Hala jakinarazi zuen atzo Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren 2023ko aurrekontuak alorrez alor azaltzeko egindako agerraldian. Sailak 352,5 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino ia 31 milioi euro gehiago. Europako Next Generationen diru poltsatik jasotako dirua ere izango du erabilgarri lehen aldiz, 3,8 milioi euro denera, eta kulturaren sustapenerako, kirolean berdintasuna bultzatzeko eta ondarea berreskuratzeko erabiliko dute, batez ere.

Hizkuntza politikari dagokionez, sailburuak legealdiko helburuen artean jarri zituen euskararen normalizazioan aurrera egin, eta ezagutza nahiz erabilera areagotzea. Eta horretarako 148,5 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean. Jaurlaritzaren arabera, zeregin horretan ezinbestekoa da helduen euskalduntzea. Hain justu, HABEren aurrekontuak igoera «nabarmena» izango du 2023an: aurten baino hiru milioi euro gehiago jasoko ditu, 49 milioi euro denera. Horri esker, itunpeko euskaltegien aurrekontua 27,6 milioi eurokoa izango da. Euskara ikasketen doakotasuna indartzeko ez ezik, balioko du irakasleen lan baldintzak hobetzeko ere.

Horrez gain, euskara ikastea herritarrentzat eskuragarriagoa izateko plataforma teknologiko bat ere garatuko dute, Ingura deiturikoa; 710.000 euro jarriko dira horretarako. Euskal hiztunak aktibatzeko proiektu bat ere ageri da berrikuntzen artean: merkataritza alorrean euskararen erabilera sustatzeko marka bateratu bat jarriko du martxan Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin batera. Barra-Barra izena jarri diote izena, eta 128.000 euro bideratu dira horretarako.

Zupiriak adierazi zuen 2023a urte «garrantzitsua» izango dela hizkuntza politikarako, besteak beste hainbat dekretu onartzea eta berritzea egokituko zaielako. Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoaren emaitzak ere datorren urtean ezagutaraziko dira.

Ondarea eta digitalizazioa

Kulturaren arloan ere izango da berrikuntzarik. Izan ere, urtearen hasieran onartu asmo du Jaurlaritzak 2030 bitarteko kulturaren plan estrategikoa. Helburu horiei begira antolatu dira hurrengo urteko diru sailak ere. Hala, jada egin diren inbertsioei jarraipena emango zaie, besteak beste. Edonola ere, eta iazkoaren aldean aurrekontua zertxobait handiagoa izango bada ere, ez da igoera nabarmenik izango kulturari dagokionez.

Diru ekarpenak handituko zaizkie museo, erakunde eta jaialdi nagusiei kultura sustatzen eta eskaintza aberasten jarrai dezaten. Tartean, Gasteizko Artium museoari 200.000 euro emango zaio bizirik dauden euskal artisten lanak erosteko. Halaber, inbertsio garrantzitsuak egingo dira kultur ondarea berreskuratzeko: Getariako (Gipuzkoa) Zarautz jauregia zaharberritu eta Elkanori buruzko museo bat jarriko dute, esaterako; Arabako Errioxako paisaia kultur ondare izendatzeko lanak ere hasiko dituzte.

Euskariana liburutegi digitala indartzeko 225.000 euro bideratuko ditu, eta milioi erdi jarriko ditu artxiboen digitalizaziorako. Bi milioi bideratuko ditu liburutegi sarea bultzatu eta irakurzaletasuna sustatzeko. Kulturklik plataformaren aldeko «apustua» ere berretsi zuen Zupiriak, eskaintzaren berri emateko eta profesionalei informazioa helarazteko «tresna egokia» dela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.