Euskara hizkuntza teknologietan integratzeko plan bat aurkeztu du Jaurlaritzak

Itzultzaile automatikoak hobetzeko modua emango du proiektuak, eta eremu espezifikoetarako terminologia biltzen duten itzultzaileak sortzekoa, besteak beste.

Arrieta, Zupiria eta Madariaga, gaur goizean egin duten aurkezpenean. EUSKO JAURLARITZA
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 29a
14:25
Entzun

«Itzuli itzultzaile neuronala hobetzen jarraitzea, helduen euskalduntzerako ikasplataforma integratu bat sortzea; itzultzaile neuronal judiziala sortzea; Osakidetzako testu klinikoen itzultzaile automatiko neuronala garatzea; administrazioek sortzen dituzten hizkuntza corpusak biltzea, eta datuaren bulegoa sortzea, adimen artifizialaren oinarria diren datu guztiak bildu eta berrerabiltzeko moduan eskaintzeko». Horiexek dira Gaitu euskara hizkuntza teknologietan txertatzeko ekintza planaren bidez egingo diren berrikuntza zehatzetako batzuk.

Gaur aurkeztu dute Bilbon, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendari Leire Madariagak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendari Xabier Arrietak.

Azaldu dutenez, planak helburu anitz ditu, baina bakar batean laburbildu ditu guztiak Zupiriak: «Ingurune digitalean euskararen presentzia eta euskarazko tresnen eta edukien sorkuntza sustatzea». Beste helburu batzuk ere nabarmendu ditu Jaurlaritzako bozeramaileak: «Batetik, administrazio publikoak trakzio gisa jardun beharra bultzatzea hizkuntza teknologien arloan, eta, bestetik, euskarak hizkuntza nagusiekiko distantzia murriztea».

Arlo askorentzat lagungarri

Hain zuzen, idatzizko zein ahozko hizkuntza prozesatzea da hizkuntza teknologien helburua, eta, azaldu dutenez, arlo horretan administrazio publikoei bidea erraztu eta euskarari ateak zabaldu nahi dizkiote plan berriaren bidez, itzulpen automatikorako edo hizkuntza naturala prozesatzeko teknologiak sustatuz.

Esan dutenez, «zortzi eremu estrategikotako arduradunekin» bildu da Kultura eta Hizkunza Politika Saila Gaitu plana garatzeko: administrazio elektronikoa; hezkuntza; helduen euskalduntzea; osasungintza; justizia; turismoa; kultura, hedabideak, humanitate digitalak eta liburutegi digitalak; eta segurtasuna. Hain zuzen, eremu horietan hizkuntza teknologiak erabilita sortzen ari diren proiektuak bildu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.