Euskara

Euskara «gertuko» badute, migratzaileek jarrera hobea dute hizkuntzaren alde

Begirune fundazioak ikerketa bat ondu du, kanpotik heldutako mila emakume eta gizoni galdera eginda. Ezagutza apala da; jarrera, aldekoa, bereziki umeei so

Mario Hortal eta Jose Antonio Oleaga ikertzaileak, atzo, azterlana aurkezten. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
1.006 andre eta gizon migratzaileri galdera bat egin die euskararen inguruan Begirune fundazioak. Ezagutza. Erabilera. Jarrera. Hiru aldagaiak aztertu dituzte. Adierazi dute oraindik xehe-xehe aztertzeko daudela datu guztiak, eta jasotako aldagaien artean egin daitezkeen alderaketa guztiak ere egiteko daudela, baina aurrerapen bat egin dute. EHUren Udako Ikastaroen barruan egindako saio batean egin dute aurkezpena. Jose Antonio Oleaga eta Mario Hortal ikertzaileek aurkeztu dituzte datuak. Eta hainbat ondorio ere plazaratu dituzte. Nabarmenenetarikoa, hauxe: migratzaileek euskara «gertuko» sentitzea aldagai garrantzitsua da gero hizkuntzaren aldeko jarrera izateko. Atzo izan zen saioa.

Ikusi gehiago:Iñaki Martinez de Luna, soziologoa: «Azkenean, inguruan ikusten dutena islatzen dute migratzaileek»

21 herrialdetatik heldutako gizon eta emakumeei egin diete galdera ikerketarako. Datuek erakusten duten ezagutza maila apala da. Inkestan parte hartu dutenen %46,7k esan dute ez dakitela batere euskararik; %37k, zertxobait dakitela. Euskara ondo dakitenak «talde txiki bat dira». Ikertzaileek zehaztu dute hain gutxi izanda errazagoa dela haien «soslaiari» erreparatzea. Oro har, unibertsitate ikasketak dituzte, 18-29 urtekoak dira, egoera ekonomiko onean bizi dira, eta paperekin-eta lotutako arazorik ez dute. Soslai horretan agertzen diren antzeko ezaugarriak nabarmen agertu zaizkie beste hainbat aldagairi erreparatzean ere.

Erabilerara begira, %35ek aitortu dute ez dutela inoiz euskaraz egiten. %25ek, ia inoiz ere ez. Inguruan euskararik entzuten duten galdetuta, migratzaileek ikusten duten errealitatea, oro har, erdalduna da: %65ek adierazi dute ez dutela inoiz entzuten; %15ek, noizean behin bakarrik. Eta migratzaileen artean, batez beste, beren eguneroko martxan, gertukoenekin %3k bakarrik erabiltzen dute euskara.

Guraso direnei seme-alaben euskara ezagutzari buruz galdetu diete. %35ek esan dute beren seme-alabek ez dakitela edo deus gutxi dakitela; %40k, berriz, adierazi dute etxeko gazteek euskara maila ona dutela. Hor, berriz ere, aldagai ekonomikoa eta ikasketena era agerikoan agertu dira; euskaraz dakitenen guraso gehienek, oro har, unibertsitate ikasketak dituzte, eta maila ekonomiko ona. 5.000-20.000 biztanle arteko herrietan bizi direnen artean, halaber, errazagoa da umeek euskaraz jakitea herri handiagoetan bizi direnek baino.

Seme-alabei dagokienez, inkestan parte hartu duten gurasoen %11,6k esan dute laguntza ematen dietela seme-alabei euskara ikasteko prozesuan; gainerakoek, ez. Berriz ere, haurrei laguntzeko gaitasuna duten horien artean agertzen dira unibertsitate ikasketak eta maila ekonomiko ona duten migratzaileak. Euskaraz ere jakin behar dute, noski, laguntza eman ahal izateko. Hortik ondorioa: «Seme-alabei, ahal dutenek, laguntza ematen diete, azaldu du Hortalek.

«Polarizaziorik» ez da

Esaldi batean laburtu dute zer jarrera duten migratzaileek oro har euskararen inguruan: «Aldeko jarrera epela da». Hainbat esaldi proposatu dizkiete; horien inguruan alde edo kontra dauden adierazteko eskatu diete ikerketan parte hartu dutenei, eta horrela neurtu dituzte jarrerak. «Eta jende gehiena erdian dago», zehaztu du Oleagak. Hain justu ere, erantzunetan ez da ikusten, oro har, «polarizazio» handirik. Batik bat umeek euskara ikastearen aldeko jarreran daude ados gehien-gehienak: %83 bat.

Hor ere eragina dute jendearen ezaugarriek eta bizi baldintzek. Jarrera hobea da herri txikietan bizi direnen artean, eta eragina dute, berriro ere, euskararen ezagutzak, ikasketa mailak eta egoera ekonomikoak. Jatorriak ere bai zenbaitetan: Hego Ameriketatik eta Magrebeko herrialdetatik etorritako migratzaileen artean, adibidez jarrera hobeak ikusi dituzte oro har; Txinatik eta Errumaniatik etorritakoen artean, uzkurragoak. Oraindik asko dago aztertzeko horren inguruan.

Euskara eta immigrazioa. Ikerketa baten harira... izena du azterlana plazaratzeko egindako ikastaroak. Xabier Aierdik zuzendu du; migratzaileen errealitatera begira euskararen auziari erreparatzea «erronka» garrantzitsua dela gogoratu du, eta atzerritik heltzen diren gizon eta emakumeei zuzenduriko «harrera sistema» indartu behar dela. Sor daitezkeen dudak aintzat hartu behar direla uste du, baina gizartea berriz «aztertzeko eta amesteko» aukera ere ekar dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.