Agiriaren oinarria Eusko Jaurlaritzak egina da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Iazko uztailean hasi zuten eztabaida oinarri hari buruz, eta orain adostu dute behin betiko dokumentua. «Kontsentsuzkoa», Patxi Baztarrika sailburuordearen esanetan. Oinarria gobernuak aurkeztutako bera du dokumentuak, baina aldaketak daude: behin betiko agiria luzeagoa da, zehaztuxeagoa.
Neurri edo bitarteko zehatz askorik ez dute aipatu, baina badira pisuzko proposamenak. Besteak beste, euskaraz ikasteko hasierako mailak doakoak izatea. «Gutxieneko maila baterainoko ikas-prozesua aprobetxamendu akademikoaren arabera doakoa izatera iristea eragingarria izango litzateke». Eztabaida fasean aldatu egin dute alor hori: jatorrizko agirian, doakotasunera «hurbiltzea» aipatu zuten, ez «iristea».
ZER EGOERA 2036AN?
Aurrerapen nabarmena egin du euskarak azken hamarkadetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nola segituko duen, proiekzio bat egin dute 2036ra begira. Hiru aurreikuspen egin dituzte, eta tarteko emaitzak dituena hartu dute dokumenturako. Haren arabera, hiru herrialdeetako biztanleen ia erdiak euskaldunak izango dira. Gazteen artean, %80 baino gehiago. Erdara izango da, halere, euskaldun gehienen lehen hizkuntza: %31k izango dute euskara lehen hizkuntza —orain %24k dute—. Diferentzia nagusia gazteen artean dago: ia erdiek jasoko dute euskara etxetik —orain, heren batek—.Eskolaren ekarpena funtsezkoa da euskara biziberritzeko bidean, eta hizkuntza ereduen bilakaeraz egin dituzte iragarpenak, oraingo egitura oinarri hartuta. D ereduak erabat nagusitzera joko du: bostetik lau han arituko dira. B ereduak eutsi egingo dio mailari. Eta A eredua erabat bazterrekoa izango da: %2ra ez da iritsiko hezkuntza sare osoan —Lanbide Heziketa barne—.
Euskaltegien geroa ere aztertu dute. Oraingo kopuruei eustekoa da iragarpena: 4.500 herritar inguru euskaldunduko dira urtean.
NOLAKO ETORKIZUNA?
Berdintasuna jarri dute helburu, baina, datu horien argitan, bistakoa da datozen hogei urteetako helmugan ez dela hori lortuko. «Beraz, ikas dezagun nolabaiteko insatisfakzio saihetsezin hori positiboki kudeatzen, etsipenean erori gabe eta errealitatea heldutasunez ulertzen eta onartzen».Aurreko urteetan nabaritutako joera batzuk indartu egingo dira: euskaldun gehienentzat euskara bigarren hizkuntza da, bizimodua leku ez hain euskaldunetan egiten dute gehienek, gaztelaniaz erraztasun handiagoa dute. «Hori gara». Egoera horri erreparatuta, adierazi dute «hautua» dela euskal hiztun praktikante izatea, eta hala izango dela hurrengo urteetan ere. «Hortaz, inoiz ez bezalako pisua hartzen dute euskararekiko atxikimenduak, kontsentsu sozial eta politikoak, eta euskarazko jardunaren erakargarritasunak». Motibazioak ere aipatu dituzte: «Motibazio berriak behar ditugu, ziurrenik elkarbizitzari eta prestigioari oso lotuak».
Elkarbizitza da, hain justu, dokumentuaren zimendua. Herritar guztien aukera berdintasuna errespetatzea ipini dute oinarri. «Erdaldunak ulertu behar du euskaldunak euskara normaltasunez erabiltzeko eskubide osoa duela, eta guztiz normaltzat jo behar du milaka herritarrek euskara sentitzea lehen hizkuntzatzat edo hizkuntza kuttunentzat». Euskaldunei ere eskari bera egin diete erdaraz aritzen direnekiko.
Hautuak errespetatze horrek badauka, ordea, ezinbesteko baldintza bat: herritar guztiek ulertu behintzat egin behar dituzte bi hizkuntzak. «Elebakartasuna arazoa eta oztopoa da hizkuntza askatasun efektiboarentzat». Gutxieneko ezagutza hori zabaltzea lehentasuntzat jo dute. «Pisua eman behar zaio horri hogei urteko perspektiban. Alde horretatik, agerikoa da diskurtso berritu eta partekatu batek duen garrantzia».
HITZARMEN BERRITUA
Adostasuna. Euskara biziberritzeko bidean giltzarri ezinbestekoa dela nabarmendu dute dokumentuan. «Adostasun sozial eta politiko ahalik eta zabalena izatea ez da nahikoa, baina ezinbestekoa da aurrera egiteko». Ikuspegi diferenteak daudela aitortu dute, baita soziolinguistikarekin lotutako gaietan ere. «Adibidez, jakitun gara ikuspegi ideologiko desberdinak daudela elebitasun sozial orekatuaren ideiari buruz, baina posible izan behar da adostasun praktikoak lortzea». Hor ikusten dute zer egina: «Gaur egun dugun baino adostasun handiagoa behar dugu. Oso garrantzitsua da interes koiunturaletatik haragoko konpromisoa».Joko politikoari buruz oharra egin dute: «Euskararena auzi politikoa da, zentzurik zabalenean. Euskarak politika behar du, baina bere etsairik handienetako bat politikakeria da, bere bizkar egindako tresnakeria politikoa». Alderdien arteko jokoa baztertuta, baina «erdigune politikoan» jarri nahi dute euskara. Hari horri tiraka, besteak beste, aipatu dute erakundeen eta eragileen arteko lankidetza «etengabe bilatu beharra» eta hizkuntza politika zehar lerroa izatea erakundeetan.
Adostasun horrek bi oinarri lituzke, sinatzaileen esanetan. Bat: berdintasuna bultzatzea. «Hizkuntzen aukera berdintasunerako politika positiboak egitea ahulenaren alde, euskararen alde. Hori ez da inposizioa, hori berdintasunaren aldeko politika da, demokrazia linguistikoa». Finean, jomuga da herritar guztiek eduki dezatela modua zein hizkuntzatan aritu nahi duten hautatzeko, izan dezatela aukera «egiazki»: denek jakin ditzatela bi hizkuntzak, besteak ez behartzeko hizkuntza aldatzera. «Inposizioa da hizkuntzaz aldatzera behartzea».
Beste oinarria erabilerarena da. 2036rako iragarpenak gogoan hartuta, baldintza soziolinguistikoak hobetu egingo direla nabarmendu dute: «Irits gaitezke 25 urtetik beherako herritarren artean euskararen ezagutza ia unibertsalizatzera, eta 50etik beherakoen artean euskaldunak bi heren pasatxo izatera». Erabilerara jauzi egitea da erronka: «Bihotzetik ezpainetara gehiagotan eta gehiagok eramatea nahi dugu».