«'Oso ondo hitz egiten duzu euskaraz iruindarra izateko'; esaldi hori estereotipo bat da eta min ematen du», argi utzi du Nekane Arratibel Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien (Huhezi) fakultateko irakasle-ikertzaileak. «Eta alderantziz ere bai, lehen hitza euskaraz egiten duen bati 'Kristau hizkuntzan hitz egidazu' esateak mina ematen dio». Urtero, hizkuntza profil ugari dituzten gazteak elkartzen dira unibertsitatean. Ikasle bakoitzak, gainera, errealitate bat du; eta horren inguruan eraikitzen du bere diskurtsoa. Baina nola eragiten dute jatorri soziolinguistikoak eta hizkuntza ideologiak gazteen hizkuntza hautuetan? Galdera hori izan da, hain zuzen, Mondragon Unibertsitatean abiapuntu izan dutena, ikasleen hizkuntza ohitura eta hautuei buruzko ikerketa egiteko. Azterlan horren ondorioak aurkeztu zituen atzo Arratibelek, Zer behar dute gazteek? jardunaldietan. Euskalgintzaren Kontseiluak Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatu ditu jardunaldiok Bilbon, eta gaur izango dute bigarren eguna.
Ikerketan, Haur eta Lehen Hezkuntza graduetako lehen mailako ikasleen profilak aztertu dituzte. Arratibelen arabera, etorkizun hurbilean irakasleak izango diren gazte horien profilean «euskarak eta euskal kulturak pisu bat» izan behar du. Hala ere, Arratibelek uste du ondorio asko «beste testuinguru eta eremu batzuetara transferitu» daitezkeela.
Ikusi gehiago:Naroa Jauregizuria, hizkuntza aholkularia Ahize-AEKn: «Periferia maiz deserosoa da, eta injustizia ere bada»
Ikasleek «euskararen erabilerarekiko duten pertzepzioa» eta «euskarari aitortzen dioten balioa» aztertu dituzte. Horretarako, galdetegi bat eta hiru eztabaida talde sortu dituzte. Talde bakoitzean hizkuntza profil jakin bateko ikasleek hartu dute parte. «Euskal elebidunak erosoen euskaraz egiten dutenak dira; gurasoekin, lagunekin zein Whatsappen euskaraz hitz egiten dutenak». Bestetik, elebidun pasiboak euskaraz zein gaztelaniaz eroso sentitzen dira. Eta hirugarren taldearen parte erdal elebidunak dira: erosoago sentitzen dira gaztelaniaz hitz egiten, eta gurasoekin zein lagunekin gaztelaniaz mintzatzen dira. Oro har, hiru taldeetan 23 lagunek hartu dute parte: hamazortzi emakumek eta bost gizonek.
Azterlanaren arabera, testuinguruak eragin zuzena dauka hizkuntza ohituretan eta hizkuntza hautuetan. «Etxean euskara jaso badute eta testuinguru euskaldun batean bizi baldin badira, euskaraz egiteko hautua egingo dute». Aldiz, etxean gaztelania jaso dutenek errazago joko dute gaztelaniaz hitz egitera.
Era berean, bakoitzaren errealitateak eta bizi den gune soziolinguistikoak eragina dauka euskarak duen presentziaren pertzepzioan. «Euskal elebidunek uste dute unibertsitatea ez dela eremu euskalduna; haien esanetan, klaseak euskaraz dira, baina bertatik kanpo ez da euskara erabiltzen». Elebidun pasiboek, berriz, euskara gehiago erabiltzen dute fakultatera iritsi direnetik. Are gehiago, erdal elebidunek unibertsitatea eremu euskalduna dela iritzi diote. «Errealitatea bat da, baina interpretazioak anitz dira».
Bada hiru taldeek bat egin duten gai bat: hirurek dute euskara gaitasunaren autopertzepzio positiboa. Hala ere, badago aldea. Euskal elebidunek eta elebidun pasiboek autopertzepzio positibo handiagoa dute, erdal elebidunek baino. Erdal elebidun tipologiako ikasle askorentzat, «Huhezi bezalako» testuinguru batera etortzea «kontzientzia hartze ariketa» bat da. «Testuinguru osoa erdal hiztuna baldin bada, euskaraz egiteko aukerarik ez badute eta euskara eskolan ikasi badute, unibertsitatera heltzean, euren autopertzepzioa izango da oso ondo moldatzen direla euskaraz». Unibertsitatera iristean, baina, autopertzepzio hori aldatu daiteke: «Ezagutzen ez duten euskalkiren bat ulertzen ez dutenean, txikitu egiten dira; egoera gogorra da haientzat».
Arratibelek adierazi du euskal elebidunen jarrera ikasturtean zehar aldatu dela: «Beste ikasle batzuen euskara gaitasunak kritikatzen zituzten lehen». Izan ere, ikerketan «hiriburu jakin bateko» ikasleekiko aurreiritzi asko agertu dira. Hala ere, estereotipo horiek ikasturte amaieran deuseztatu dira: «Aitortza izugarria» egin diete erdal elebidunei, urtean egindako «esfortzuarengatik». Uste horiei aurre egiteko, Arratibelek adierazi du beharrezkoa dela hizkuntza profil desberdineko ikasleak elkartzea, eta bakoitzak bestearen errealitatea ezagutzea: «Hizkuntzak sorrarazten dituen emozioei, kezkei zein ilusioei buruz hitz egitea ezinbestekoa da». Horretarako, fakultatean Hizkuntza Tutoretzak lantzen dituzte. Egitasmo horren asmoa da ikasle bakoitzaren beharrak identifikatzea eta norberaren erronkak lantzea.
Etorkizuna, gazteen esku
Gazteei buruzko jardunaldiak izanik, gazteen ahotsa ezinbestekoa izan da egunotan. Izan ere, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irekiera ekitaldian hartu zuen parte, eta helburua argi utzi zuen: «Gazteak entzutea». Haren arabera, euskal hiztunen komunitateak segidarik izango badu, «gazteek» sortuko dute. Horregatik da garrantzitsua eurak entzutea. «Gazteengan jartzen dugu begirada, baina gazteengan jartzen dugu zama eta jartzen dugu errua, ez direlako sartzen beste belaunaldi batzuek egindako kalkuluetan». Eskisabelekin batera, bertan egon zen Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Eta bat etorri zen idazkari nagusiarekin: «Euskaldundu ditugun gazte horiek euskarara erakartzeko erronka ikaragarria daukagu; gazteak entzutera gatoz».
Euskara
Euskara, gazteen ikuspegitik
Lehen mailako ikasleen profil linguistikoa ezagutzeko ikerketa egin du Mondragon Unibertsitateak. Azterlanaren arabera, testuinguruak eragina dauka gazteen hizkuntza ohituretan eta hautuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu