Euskara, gaur, plazara irteten

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin du Soziolinguistika Klusterrak, Gasteizen; euskararen inguruan sortzen ari diren diskurtso emergenteak izan dira hizpideetako bat. Katalunian urteotan nagusitzen ari diren mezuak ezagutzeko modua ere izan da.

Klusterreko kide Pablo Suberbiolaren alboan, Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel P. Ansa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Klusterreko kide Pablo Suberbiolaren alboan, Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel P. Ansa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
Gasteiz
2024ko apirilaren 23a
17:30
Entzun

Ekosistema bizia izeneko jardunaldia egin du gaur Soziolinguistika Klusterrak, Gasteizen. Hizkuntza gutxituen inguruko diskurtso «emergenteez» jardutea izan da helburuetako bat, euskara ardatz hartuta, eta hiru solaskide batu ditu horretarako. Emuneko hizkuntza aholkulari eta ikertzaile Onintza Legorburu Larreak Diskurtsoak etnizitatetik harago hitzaldia eman du. Plazara elkarteko ordezkari Xan Airek beste hainbat hizkuntza gutxitutako ordezkariekin batera iazko udan EHUren ikastaro batean gaiari buruz jasotako ideiak azaldu ditu. BERRIAko kazetari Mikel Peruarena Ansak, hedabideetan-eta arakatuta egindako lanaren berri emanez, diskurtso horiek zer-nolakoak diren ulertzeko hainbat gako eman ditu.

 «Etnizitatean» euskarararen inguruko diskurtso aski ahaltsua eraiki dela onartu du Legorburuk. «Euskaldun egiten gaituena euskara da», mezua izan da ardatza: nazionalismoa, euskararen defentsa. Ikuspegi «murritz» bat izan dezakeela erantsi du, ideia horietan oinarritutako «diskurtsoen agortze» baten zantzuak ere badirela, eta horregatik erreparatu nahi izan die ikuskera horretatik harago garatu diren diskurtsoei, urteotan izan duten bilakaerari. Diskurtso berri horien «hastapenak» Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak jarri zituela esan du, «identitate zabalago bat» bat aldarrikatu zuela. 2016an izan zen. Garai bertsuan Euskararen Aholku Batzordeak antzerako «gakoak» eman zituen. «Diskurtsoaren despolitizazioa» eta «limurtzea» bihurtu nahi izan ziren ardatzetako bat.

«Diskurtsoak kokatzeko, denaren beharra dugu; hartzailearen arabera moldatu behar ditugu».

ONINTZA LEGORBURUEmuneko aholkularia

Diskurtso berrien sarea ehuntzen lagundu du urteotan feminismoak ere: intersekzionalitatearen bidez «botere harremanen sarean» hizkuntza sartzen asmatu duela azaldu du Legorburuk. Mugimendu sozialistak, bere aldetik, «klasea» hizkuntzaren gaineko irakurketetara eramateko beharra aldarrikatu du. Eta arlo sozioekonomikoak ere, bere erara, egin du ekarpena, enpresak-eta euskara planetan murgildu diren heinean, bereziki. Enpresen munduarekin estu lotutako kontzeptua bera, lehiakortasuna, «birdefinitu» egin da bide horretan. Horrek guztiak ate berriak zabaldu ditu: «Bestelako diskurtsoak probatzen gabiltza, sortzen gabiltza». Eta ate guztiak dira ireki beharrekoak Legorbururetzat. «Diskurtsoak kokatzeko orduan denaren beharra daukagu; diskurtsoak moldatu behar ditugu hartzailearen arabera». 

Xan Airek, udan beste hainbat hizkuntza gutxitutako kideekin hizpide izandako gogoetak gogoan, adostasun nabarmenenetariko bat zein izan zen oroitu du: «subjektu birdefinitze bat» beharrezkoa da. «Orain arte besteek gaituzte definitu». Eta «minoritario» eta «minorizatu» izendapenetara mugatzen diren diskurtsoen aldean, deitzeko beste era bat nola irudikatu zuten gogoratu du, ilusio pizgarria, hobea: «Biziberritzen ari garen hizkuntza komunitatea». 

«Geuk sinesten badugu, sinetsi beharko digute, baita ere, munduan».

XAN AIREPlazara-ko kidea

Oso bestelakoa da aurkezteko era hori, eta besteen begirada ere alda dezake. «Izan ere, guk geure buruari kontatzen badiogu desagertzera goazela, hor konstatatzen dugu transmisioaren eten bat. Aldiz, kontatzen badugu biziberritzen ari garela...». Nabarmena da aldaketa: «Eta geuk sinesten badugu, sinetsi beharko digute, baita ere, munduan». 

Ustekizunak

«Berria da» euskararen kontra ernaltzen ari diren diskurtsoen gaia Mikel Peruarena Ansarentzat, antzematen zaila, baina airean sumatzen da. «Badago kezka bat, batez ere auzitegietatik datozen zenbait epairen inguruan, horien inguruan ez ote den ardazten ari euskararen aurkako diskurtso bat». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ernaldu da orain, bereziki; gainerako herrialdeetan aurretik dator. 

«Badago kezka; ez ote den ardazten ari euskararen aurkako diskurtso bat».

MIKEL PERUARENABERRIAko kazetaria

Ez dira oso mezu ozenak usu, ezta gardenak ere. «Oso zaila da euskararen kontra egotea gizarte honetan». Baina «ustekizun» askok galgatzen dute bere bilakaera. «Zaila da». «Ezinezkoa da ondo-ondo ikastea». «Euskararik ez da behar bizitzeko»... Eta kontrako mezuak ere hor dira. «Inposizioa» da ardatzetako bat. Errealitate soziolinguistikoa errespetatu behar dela da bestea: «Ez eskatu beharrezkoa dena baino euskara gehiago». Ozentzen ari dira euskaldunek dituzten «pribilegioen» gaineko kexuak ere, euskara sustatzeko neurriek dakarten «segregazioarena», eta «periferiako» euskaldunek sentitzen duten bazterkeriarena.

Euskarak orain plazan dituen argiei eta ilunei buruzko saioa izan da, gaurkoa. Baina iragana ere presente egon da. Izan ere, hogei urte beteko ditu aurten Soziolinguistika Klusterrak, eta justu lehen urratsak egin zituen jardunaldia egin den tokian, Gasteizko Europa jauregian, hantxe egin zen sinposio batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.