Duda duenarentzat gidaliburu izatea: helburu hori du Celine Mounole Hiriart-Urruti UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasle ikertzaileak ondu duen liburuak, Iparrorratza. Kalko eta huts ohikoenen saihesteko bidelaguna izenekoak. Euskarazko ekoizpenetan sumatu izan dituen ohiko hutsak eta frantsesetik egindako kalkoak bildu ditu, baita horiek saihesteko azalpenak eman ere. Frantsesa hizkuntza nagusi gisa ezartzen duen diglosia egoerari egotzi dio Mounolek huts horien ugaritzea. Arnasguneen beharra azpimarratu du, «euskara naturala» berreskuratzeko.
Liburuaren ideia «behar praktiko batetik» landu zuela esplikatu du unibertsitateko irakasleak. «2017tik naiz irakasle Baionako fakultatean, eta behin eta berriz huts berak zuzentzen dizkiet ikasleei. Huts horiek berak dira klasetik kanpora ikusten eta entzuten ditudanak». Fakultatean zituen ikasleei astez aste idazlanak ematen zizkien garaian, eta klasearen aitzinean zuzenketa komun bat egitea proposatzen zuen ondotik, ikasle anitzen testuetan agertzen ziren hutsak denen aitzinean esplikatuz. Hala, fitxa batzuk egiten hasi zen ohikoak ziren oker horiekin, eta ikasleen gordailuetan jarri zituen prestatu arauak. Urte batetik bestera errepikatu zuen lan hori.
Horrez gain, ikasleen lanetatik harago, prentsan, itzulpenetan, eta oro har Ipar Euskal Herriko ekoizpenetan ikusten zituen huts ohikoenak bilduz joan da azken urteetan. Azkenean, bildutako hutsak gaika sailkatu, eta horiek saihesteko bideak erakusten entseatu dela erran du. «Akats bat egiten denean, hizkuntzalari gisa interesgarria da, eramaten zaituelako pentsatzera nola funtzionatzen duen hizkuntzak. Segur aski aitzineko garaietan ez zen esplikatu beharrik izanen, baina orain esplikatu behar dugu zergatik gauza bat den posible eta beste bat ez. Ene azalpenek ere badituzte beren mugak, baina entseatu naiz gutieneko oinarri zenbaiten ematen».
Badira akats batzuk morfologikoak direnak, besteak sintaktikoak, eta beste batzuk estiloari dagozkionak. Baina erabilera praktiko bati begira, atal gramatikalen arabera sailkatzea erabaki du Mounolek. Hala, artikulu singularra eta plurala noiz erabili esplikatzen du liburuan, -a ala bat eta -ak ala batzuk noiz erabili bereizteko; hura eta bera edo haren eta beren ongi erabiltzeko pistak ere ematen ditu. Joskerari buruzko hainbat azalpen ere badira, eta azken atal osoa kalko lexikalei buruzkoa da.
Bilakaera eta hutsa
Mounolek onartu du erlatiboa dela hutsaren kontzeptua. Euskara maila aski ona edo komunikatzeko gaitasuna dutenen testuetatik. «Baina gaitasun maila apalagoa duenak kalko eta huts gehiago eginen ditu. Izugarri arbitrarioa da muga non ezarri behar den», esplikatu du. «Badira alde batetik argiki frantsesaren eraginez egiten direnak, frantsesa eredu hartuta sartzen diren erabilerak, euskararen gramatikarekin bat egiten ez dutenak. Eta badira, bestalde, euskararen ezagutza mugatua izatetik egiten direnak, ezagutza eskasetik».
Batzuek erran lezakete hizkuntzaren bilakaera naturala dela, ez direla berez akatsak eta onartu behar direla. Mounole ez da iritzi horren aldekoa. «Hemen gertatzen dena ez da hizkuntz eboluzio normal bat. Hizkuntz kontaktu anitz badira munduan, herrialde gehienetan badira hizkuntza bat baino gehiago, baina guk bizi dugun egoeran euskara minorian da: bada hizkuntza hegemoniko bat, denek mintzo duguna, eta jende gehienek hobekien mintzo duten hizkuntza da. Hizkuntza horrek eragin handia du bigarren hizkuntza horren gainean. Hartzen dizkio, hasteko, erabilera esparru guziak, eta, apalago den bigarren hizkuntza hori toki gutxiagorekin gelditzearekin batean, adierazpideak ere galtzen ditu. Bilakaera bada: frantsesa anitz aldatzen ari da, gazteen frantsesaz anitz kexatzen dira jendeak, baina segitzen du gramatikala izaten eta adierazkorra izaten. Euskara galtzen ari da bere adierazkortasun guzia. Hori da diferentzia».
Mounolek esplikatu du elebidun orok bi gramatika dituela bere burumuinean, eta elkar eragiten dutela. Baina egoera batzuetan «desoreka handia» gerta daitekeela iritzi dio. Manex Hiriart Urruti kazetariaren aipu bat eman du liburuaren sarreran: «Izkiriatzeko luma eskuan hartzearekin, frantsesa doaku burura, eta hortik debruak eraman du eskuara». «Hiriart Urrutiren garaian, euskara bizirik zen, eta jende elebakarra eta elebidun orekatuak baziren. Gaur egun, egoera arrunt aldatu da, eta jende gehienak ez du euskaraz pentsatzen, eta euskarazko sen hori anitzek ez dute», esplikatu du. «Horrek eragiten du hobekien ezagutzen duten hizkuntza horrek eragitea erabiltzen duten euskaran. Nire amatxi arrunt elebiduna zen, baina mundu euskaldun batean bizi izan zen, eta euskaraz pentsatzen zuen, eta euskara naturaltasun osoz ematen zuen. Gaur egun ez gara batere egoera horretan hiztun gehienendako. Inkesta soziolinguistikoek erakusten dute: heldu diren belaunaldien gehiena elebiduna da euskara bigarren hizkuntza gisa izanez; frantsesa ikasi du lehenik. Orduan, entseatu behar da euskarak bere duintasuna atxiki dezan, eta orotako hizkuntza izateko gaitasuna atxiki dezan egoera diglosiko gogor honetan».
Gazteei begira
Duela hamarkada batzuk, etxeko euskara jaso zuten hainbat belaunalditako helduek alfabetatze prozesua segitu zuten. Gaur egun, eskolatik jasotzen dute euskara gazteek, baina irakaskuntza prozesuak ez ditu osoki euskalduntzen. «Euskara naturala» eskas zaiela iritzi dio Mounolek. «Alderantzizko prozesua egin beharko litzateke: igorri arrunt euskaldunak diren etxeetara hilabete batzuez». Hots, euskararen arnasguneak bultzatzea funtsezkoa dela uste du. «Euskara gaitasunaren apaltzean eragin zuzena du. Euskara ez bada gai, erdarara jotzen da».
Gazteei egozten zaie maiz hizkuntzaren pobretzea, baina Mounolek uste du gazteek hobeki egin lezaketela helduek gehiago eginen baliete. «Eta egin baliete, eta egin baligute, hobeki eginen genuke euskaraz denek. Aise da erratea gazteek ez dutela ongi egiten, baina transmisioan izan da arazoa. Eta hor da gakoa. Eskolak hor izan dira, eta lan handia egin dute, baina eskolaren funtzioa da hizkuntz eredu baten transmisioa; eskolak ezin du dena konpondu. Gizarteak eman behar die gazteei erabilera osoa egiteko bidea».