Euskara funtzio publikoko lanpostuetan «baldintza» izateko bide orria, argitara

«Justifikatutako salbuespenetan» euskararik ez eskatzeko «malgutasuna» lekarke proposamenak; Iñigo Urrutia legelariak egin du, eta martxoan aurkeztu zuen, mintegi batean. Txillardegi Gogoeta Guneak eredu horri buruzko txosten juridikoa plazaratu du gaur.

Oldarraldiaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean, Bizkaiko Diputazio aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Oldarraldiaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean, Bizkaiko Diputazio aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
arantxa iraola
2024ko maiatzaren 6a
15:00
Entzun

Euskal administrazio publikoetan hizkuntza plangintzarako eredu berri baterako trantsizioari buruzko txostena dokumentua zabaldu du gaur Txillardegi Gogoeta Guneak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio zuzenbideko irakasle Iñigo Urrutia Libaronak landutako txosten juridiko bat da. Egun, administrazio publikoan jarduteko euskara ezagutza egiaztatzea eskatzen duten hizkuntza eskakizunen kontrako oldarraldi judizial betean, abiaburua izan nahi du funtzio publikoan euskararen garapena gerarazi nahi duten prozesuak eteteko proposamen bat garatzeko. Euskara funtzio publikoko lanpostuetan jarduteko «baldintza» izatea proposatu du, baina ez modu hertsi batean; proposamen «malgu» bat irudikatu du txosten juridikoan. «Justifikatutako salbuespenetan» euskararik ez eskatzeko modua emango duen eredu baten oinarriak ipini ditu.

Hizkuntza politiketan eta euskararen garapenaren gaineko araubideetan aditua da Urrutia, eta iragan hilabeteetan maiz adierazi du kezka euskarak funtzio publikoan duen tokia mugatu eta eskastu nahi duten ebazpen judizialen inguruan. Sententziaz sententzia jurisprudentzia ezarri ahala euskararentzat gero eta esparru zailagoa eta estuagoa geratu dela ohartarazi du.

Oldarraldi horren gainean gogoeta egite aldera, martxoaren 15ean mintegi bat egin zen Euskalgintzaren Kontseiluak eta Txillardegi Gogoeta Guneak antolatuta, eta landu duen eredua hizpide izan zuen Urrutiak: langile publikoen sarbiderako «orokortutako hizkuntza eskakizunen eredu bat» proposatu zuen. «Euskararen eta gaztelaniaren ezagutza nahitaezkoa jarri nahi dugu administrazio publikoetan sartzeko, baina printzipio nagusi hori malgutzeko mekanismoak jarriz», laburtu zuen. Proposamenaren gaineko txosten juridikoarekin, gaur, xehetasun gehiago jakin dira. Hortxe, atalka, agirian jasotako zenbait gako:

1

Helburua eta irismena

Horra ereduaren helburua nola dagoen jasota txostenean: «Oro har, bi parametrotan oinarritutako eredu baterantz jotzea proposatzen da: batetik, funtzio publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialen ezagutza orokortzea proposatzen da, lanpostuaren funtzioetarako maila egokian; eta, bestetik, Administrazio Publikoek arau orokor horri salbuespenak sartzeko aukera sartzea, lanpostu edo deialdi jakin batzuetan euskararen ezagutza salbuetsita».

Agiriaren arabera, «praktikan» proposamen horren emaitza ez litzateke izango egun indarrean dagoenaren desberdina, baina sistemaren oinarria «alderantzizkoa» izango litzateke. Izan ere, gaur egun euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunak lanpostu jakin batzuetarako aurreikusten dira; proposamen berriarekin, administrazioek «justifikatu» egin behar lukete zergatik ez duten euskaraz jakitea eskatzen. Urrutiak uste du aldaketa horren bidez modua izango dela «galga jartzeko» egun euskararen ezagutza egiaztatzeko eskabideak auzitan jartzen dituzten argudio judizialei.

Urrutiak uste du aldaketa horren bidez modua izango dela «galga jartzeko» egun euskararen ezagutza egiaztatzeko eskabideak auzitan jartzen dituzten argudio judizialei

Irismen mugatua du dokumentu honek. «EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken jurisprudentziatik eratorritako atzerapausoak baino ez ditu jaso nahi, hargatik eragotzi gabe euskararen normalizazioaren oinarri diren lege oinarrien azterketa lasaiago batek gogoeta orokorrago bat egitea euskarari buruzko arkitektura juridikoa aldatzeko balizko beharrari buruz», adierazi du Urrutiak. Hain justu ere, beharrezko deritzo, irakurketa zabalago batekin, «hurrengo hamarkadetarako oinarri berriak ezartzea». Ez soilik egun euskararen garapena eragozten ari diren epaien eragin eremua mugatze aldera, baizik eta «hainbat gizarte sektoretan» euskararen biziberritzea sustatuko duten politikak ahalbidetze aldera. Horretarako ezinbestekotzat dauka «estatus juridiko berri bati buruzko eztabaida» abiatzea.

2

Oinarri juridikoak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako araubideak oinarri hartuta egindako txostena da. Euskararen erabilera normalizatze aldera ezarritako lehen legeak 1980ko hamarraldikoak direla gogoratu du Urrutiak, eta lehen lege horietan oinarrituta eraiki den arkitektura juridikoaren muinean «desadostasun eta tentsioak» egon direla hamarraldiotan, «bi ikuspegi kontrajarriren» arteko dema etengabean: «Alde batetik, errezeloz ikusten du euskaraz jakitea funtzio publikoetara iristeko gaitasun baldintza dela, eta diskriminatzailetzat jotzen du hiztun ez direnentzat; bestetik, administrazio publikoa gizartearen zerbitzuan dagoen antolaketa aparatutzat hartzen duen ikuskeratik, hizkuntza eskakizunak naturaltasunez behatzen ditu».

Gogora ekarri du, halaber, «hizkuntz bereizketaren printzipioa» oinarri duela eredu horrek. Horiek horrela, adibidez, eskolan hizkuntza eredua aukeratzeko eskubidea legez bermatuta dago, eta nahitaezko hizkuntza eskakizunak ere aurrez «elebidun» gisara zehaztuta dauden lanpostuei soilik ezartzen zaizkie. «Administrazio publikoei dagokie zehaztea zer lanpostutan eskatuko den bi hizkuntzak jakitea, eta zeinetan ez». 1982koa da Euskara Normalizatzeko Legea, eta hantxe jasota dago printzipio hori: «Botere publikoek zehaztuko dute zein lanpostutarako den derrigorrezkoa bi hizkuntzak jakitea».

Eta horra zer ekarri duten hortik eratorri diren araudiek: «Lanpostu guztiek dute dagokien hizkuntza eskakizuna, baina guztiak dira nahitaezkoak». Egoera soziolinguistikoa aintzat hartzen da eskakizun horien derrigortasuna zehazteko: hain zuzen ere, nahitaez bete beharreko indizea polinomio baten arabera kalkulatzen da, eta formula horrek administrazio bakoitzaren eragin eremuan bizi diren euskal hiztunen ehunekoa hartzen du erreferentzia gisara.

Administrazio publikoek beren jardunean derrigortasun indizeek eskatzen dutenaz «harago» eska ote dezaketen: horixe da galdera arazotsuenetariko bat egungo legeria aztertzen denean, hortik zer garabide egin daitekeen ikusteko. Itaun horri erantzuten ahalegindu da Urrutia ere. Eta ez du aterabiderik ikusten. «Jurisprudentzia txikiren batek onartu du nahitaezko hizkuntza eskakizunak indizearen gainetik jartzea, baina une honetan uste dugu galderaren erantzunak negatiboa izan behar duela». Eta erantsi du egoera ez dela hobera ari, gainera. «Derrigortasun indizea zabaltzea zaila dela uste izateko bigarren arrazoia jurisprudentziarik berriena da». Horregatik uste du dela garrantzitsua beste lege esparru baterako zimenduak ipintzea.

3

Jurisprudentzia berria

Oldarraldi judizial deitutakoaren barruan mugarri izan diren bi sententzia aipatzen dira propio txostenean, beste hainbaten artean; biak ere jurisprudentzia aldaketan «paradigmatikoak» izan direla uste du Urrutiak. Lehena EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia da, 2021eko maiatzaren 4koa, Irunen udaltzain jarduteko ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra ebatzitakoa. Beste ebazpena 2023koa da, otsailekoa, eta EAEko Auzitegi Nagusiak emandakoa hori ere; atzera bota zituen Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko Uliazpi fundazioak langileei ezarritako hizkuntza eskakizunak.

'Oldarraldi judizial' deitutakoaren barruan mugarri izan diren bi sententzia aipatzen dira propio txostenean; biak ere jurisprudentzia aldaketan «paradigmatikoak» izan direla uste du Urrutiak

«Bi epaiak batera irakurrita, hainbat gogoeta egin behar dira: oso adierazpen atzerakoiak dira, inbolutiboak, eta ez dute erabat ezagutzen gaiari buruz indarrean dagoen araudia, eta ondorio negatibo garrantzitsuak dituzte euskararen normalizazio prozesuan. Epaiek, praktikan, hizkuntza normalizaziorako sistemaren oinarri juridikoak aldatzea dakarte». Hortik kezka. «Auzitegiak baztertu egin du hizkuntza normalizazioaren prozesuari buruzko autonomia erkidegoko araudia», ohartarazi du Urrutiak. Hain justu ere, Espainiako Konstituziora ere jo du argudio bila, haren «printzipio juridikoetan zuzenean oinarritutako» sententziak ebazteko.

Ondorioa larria da: «Praktikan, jurisprudentzia berrienak desaktibatu egin ditu herri administrazioetan euskararen normalizazio prozesuaren euskarri diren tresna juridikoak. Gaur egun ez dago segurtasun juridikorik». Horregatik iruditzen zaio ezinbestekoa «legegintza esku-hartze bat», beste lege egoera bat abiarazteko.

4

Proposamena

Bestelako ereduak badira, eta Espainiako Konstituzioak zedarritutako joko eremuan, gainera. Txostenean, adibidez, Katalunia eta Galiziako ereduak daude jasota. «Bi autonomia erkidego horietan, funtzio publikoetan sartzeko baldintza orokor gisa ezartzen da bi hizkuntza ofizialak jakitea».

Printzipio orokorra «erlaxatu» ahal izateko bideak jartzea da asmoa, herrialdeko errealitate soziolinguistiko desberdinetara egokitutako aplikazioak ahalbidetzeko

Sarbidean oinarritutako hizkuntza eskakizunen eredu bat lantzea da, beraz, proposamena, baina printzipio orokorra «erlaxatu» ahal izateko bideak jarrita, herrialdeko errealitate soziolinguistiko desberdinetara egokitutako aplikazioak ahalbidetzeko. «Irizpide objektibo eta justifikatuetan oinarrituta, botere publikoek zehazten dituzten lanpostuetan hizkuntza eskakizunak ez aplikatzea ahalbidetuko luke, baldin eta euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko balitz».

Urrutiaren arabera, planteamendua «bateragarria» litzateke hizkuntza eskakizunen sistemarekin, baina sarbide prozesuarekiko «funtzionaltasuna» berrikusi egin beharko litzateke. Izan ere, euskararen ezagutza, «lanpostuen funtzioei eta izaerari egokituta», aintzakotzat hartu beharreko betekizuna izatea da proposamena.

Lege aldaketa

Txostenean, Euskal Enplegu Publikoaren Legean egin beharreko aldaketa «zehatz» bat proposatzen da, hauek jasotzeko. Batetik, funtzio publikoan sartzeko hautaketa prozesuetan ezarri beharreko irizpide orokorra izango da euskararen eta gaztelaniaren ezagutza egokia egiaztatzea. Kasuan kasuko lanpostuen berezko funtzioetara «egokitutako» mailan egingo da eskea. Bestetik, arau orokorra ez aplikatzeko aukerak jasoko dira, eta lanpostu jakin batzuetan euskararen ezagutza egiaztatzea baztertuko da, beren aplikazio eremuko «inguruabar soziolinguistikoak» edo bestelako irizpideak kontuan hartuta. Eta, azkenik, nahitaez bete beharreko indizea gutxienekoa izango da beti, eta euskal administrazio publikoek indize hori handitu ahal izango dute, hizkuntza plangintzarako tresnetan ezarriak dituzten helburuak kontuan hartuta.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.