Bukatu da Gipuzkoa zinemaz blaitzen duen jaialdia, Donostiako 71. Zinemaldia, baina antzoki eta zinema aretoen ateek zabalik diraute, udazkenarekin batera herritarrak berriro eserlekuak betetzen hasten diren neurrian. Hala ere, ez dira asko Gipuzkoako antzezleku eta zinema aretoetan euskaraz ikusi ahal izango diren lanak, herrialdeko biztanleen %57,5ek hizkuntza horretan hitz egiten duten arren. Sektoreko langileak kexu dira, irizten baitiote instituzioen babesa falta dela euskarazko ekoizpenak sustatzeko, eta euskaraz lan egitea “zaila” dela diote.
Pantailak Euskaraz taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egindako ikerketa baten arabera, euskarak %1,99ko presentzia izan zuen iaz zinema komertzialetan. “Fikziozko film bakar bat ere ez zen estreinatu 2022an euskaraz. Hiruzpalau dokumental eta animaziozko film bat baino ez”, dio Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko kideak. “Euskarazko ekoizpena horren txikia izatearen arrazoia da, batetik, gure herria ez dela handia, baina, bestetik, ez dagoela berariaz euskarazko ekoizpenak sustatzeko laguntzarik”, gehitu du Aginagaldek.
Ekoizpen horietarako laguntzak bateratuak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, eta Eusko Jaurlaritzak ematen ditu: 2,5 milioi euro jartzen ditu horretarako. Baina diru laguntza horiek edozein hizkuntzatan egiten diren ekoizpenetarako eska daitezke, eta horrek ekarri du, esaterako, iaz ekoizpenerako jarritako diru laguntzen %70 gaztelerazko proiektuei eman izana. “Euskarak, gehienez, %10 puntuatzen du, baina hori ez da nahikoa erakundeek euskarazko ekoizpena benetan sustatzeko. Beharrezkoa da euskarazko ekoizpenerako diru laguntza propioak izatea”, esan du Aginagaldek.
Berdintasun eske
Aitziber Garmendia aktore zaldibiarra bat dator; uste du “benetako inbertsioak” egin behar direla euskararen alde. Zineman, telebistan eta antzerkian aritzen da Garmendia, eta iritzi dio gaztelerari “foku eta diru gehiago” ematen zaizkiola. “Denen artean saiakera egin beharko litzateke bi hizkuntzen arteko berdintasuna lortzeko, gutxienez”. Helburu horretara bidean, kontsumitzaileen erantzukizuna ere nabarmendu du: “Alde guztietatik hartu behar dugu erantzukizuna, baita euskaraz kontsumitzeko ere”. Dena den, Garmendiak uste du euskal ikusleen artean “militantzia indartsua” dagoela: “Euskaraz kontsumitzearren, badira ikusle batzuk beti hor egongo direnak. Ikusleria horrek txalo zaparradarik handiena merezi du. Gure sostengua ikusle horiek dira, eta ez bakarrik lanbideari dagokionez, kulturari eta hizkuntzari dagokionez ere bai”.
Iker Galartza amezketarra ere antzerkian, zineman eta telebistan ibilia da, baina, azken urteotan, bere proiektu propioa sortu du: Gure Zirkua, lehenengo euskal zirkua. “Euskaraz izango ez balitz, ez litzateke Gure Zirkua izango. Beste proiektu bat izango litzateke”, esan du ikuskizunaren zuzendari eta aktoreak. Hark, Garmendiaren antzera, uste du ikusleen hizkuntza ohiturek nabarmen eragiten dutela: “Gu, orain, Tafallan [Nafarroa] gaude zirkuarekin, jende gutxirekin. Badakigu Hernanin edo Arrasaten egongo bagina, biharko emanaldia beteta egongo litzatekeela, eta hemen edukiera erdia ere ez zaigu bete. Baina guk hori bagenekien aurretik, eta berdin-berdin etortzen gara, ilusio guztiarekin eta normal”. Garmendiak adierazi du badirela plaza batzuk askoz ere euskal hiztun gehiagokoak, baina horrek ez lukeela “oztopo” izan beharko herri ez hain euskaldun batean euskaraz aritzeko: “Oztopo nagusia guk jartzen dugu. Niri Euskal Herriko edozein herritan gazteleraz antzezteak inpresioa eragiten dit oraindik, eta ikusi dut behin baino gehiagotan hori normalizatzen dela. Utz diezaiogun hori normalizatzeari: Euskal Herrian euskaraz egitea da normalena”.
Kulturaren Euskal Behatokiak bildutako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.224 antzerki emanaldi egin dira guztira aurtengo bigarren hiruhilekoan —horietatik %32,8, Gipuzkoan—, eta antzerki emanaldi horien %35,7 izan ziren euskaraz. “Zoritxarrez, askotan zera gertatzen da: udalek, antzezlanak euskaraz erosi ordez, gazteleraz kontratatzen dituzte. Batzuetan, bi hizkuntzatan erosten dute, baina, askotan, gazteleraz baino ez”, kexatu da Garmendia.
Dena den, antzerkia euskaraz prestatuta ere, errentagarria izateko gaztelerara itzuli behar izaten dute askotan. “Antzezlan bat euskaraz prestatzen dugunean, 50 bat emanaldi egin ditzakegu. Baina horri segida eman nahi badiozu, erdarara itzulita bi aldiz lan gehiago egiteko aukera daukazu: Nafarroako hegoaldera joan, edo Salamancara, Burgosera zein Soriara [Espainia]. Hau da, 50 emanaldi egin ordez 120-130 egiten dituzu”, azaldu du Galartzak.
Gure Zirkuaren emanaldi guzti-guztiak euskaraz izaten direnez, artistak behartuak daude “etengabe gauza berriak sortzera”. “Frantzian, esaterako, espektakulu bera 4-5 urtez egon daiteke bueltaka, eremu handia delako. Baina hemen, Iruran emanaldia izan baduzu, ez zara Anoetara gauza berarekin joango. Guri urtebete irauten digu espektakulu batek. Gero, gauza berriak sortu behar ditugu baldin eta berriro leku beretan antzeztu nahi badugu”, adierazi du Gure Zirkuko zuzendariak. Zineman ere gaztelaniara itzuli behar izaten dira askotan filmak, Aginagalde Pantailak Euskaraz taldeko kideak azaldu duenez: “Euskarazko film bat egiten denean, Espainian banaketa lortzeko beharrezkoa da film hori gaztelerara bikoiztea, Espainiako zinema aretoetan ohituta daudelako filmak espainieraz ikustera. Jatorrizko bertsioa ematen dute areto batzuetan, azpidatziekin, baina gutxi dira halakoak. Euskal Herrian bertan ere, zinema areto batzuek gaztelerara bikoiztutako bertsioa eman dute, eta ulergaitza da hori”.
Euskara, argien bestaldean
Pantaila eta antzezlekuetan euskara entzuteko egin beharreko bidea, ordea, ez da erraza. Aktoreen artean, adibidez, hizkuntza irizpideei dagokienez, parametro ezberdinak erabiltzen direla dio Garmendiak: “Iruditzen zait garrantzi handiagoa ematen zaiola gaztelaniaz ondo jakiteari, euskaraz ondo jakiteari baino. Proiektu batean baino gehiagotan esan izan didate gazteleraz hitz egitean azentu oso markatua daukadala, eta gauza asko aldatu behar izan ditut. Euskara maila oso apala duten aktoreak kontratatzeko orduan, aldiz, hizkuntza ez dute hain kontuan izaten”. Hala ere, uste du ez dela euskara maila apala duten aktoreen erantzukizuna, erabaki horiek hartzen dituztenena baino. “Guri gazteleraz exijitzen zaigun maila euskaraz ere exijitu beharko litzateke”, gehitu du Garmendiak.
Izan ere, hark aitortu du euskaraz “erosoago” sentitzen dela antzezle lanetan: “Duela hogei urte pentsatzen nuen jada 40 urterekin erosotasun berarekin ibiliko nintzela bi hizkuntzetan, baina ez da horrela izan. Euskaraz, esaterako, gaitasuna daukat testuarekin behar den bezala hasi ez banaiz hura moldatuz joateko, eta gazteleraz ez zait hori gertatzen. Hor dago ama hizkuntzaren indarra”. Kontrako aldetik begiratuta, Galartzak esan du artista euskaldunak aurkitzea ez dela “erraza”: “Badira zirkua egiten duten artista euskaldunak, baina ez da erraza aniztasuna bilatzea”. Adibide gisa, airean oihalei helduta akrobaziak egiten dituztenak aipatu ditu; halakoak “oso modan” daudenez, ikuskizun horretarako lan eskaintza bat jarri zuen abian: “Gutxi dira horrelakoak egiten dituzten euskaldunak, baina aireko akrobaziak egiteaz gain, esate baterako, kontortsioa ere egiten duen norbait bilatzen baduzu, bilaketa are gehiago konplikatzen da”.
Zaila, baina ez ezinezkoa
Oholtzaren gainean ibiltzen direnen artean, berriz, euskararen erabilera “nahiko handia” dela adierazi du Garmendiak: “Segun eta zer lekutan zabiltzan, eta zer konpainiarekin. Egia da gaztelania asko erabiltzen dela, baina nire inguruan, behintzat, handia da euskararen erabilera. Oholtzan ikusten dugunari atzean ere eutsi behar diogu; bestela, nolabaiteko maskara bat izango litzateke”. Dena dela, Garmendiak azpimarratu du berak eta ingurukoek hala nahi dutelako erabiltzen dutela euskara.
Aktore gisa euskaraz aritzeak “zailtasun gehigarria” duela aitortu du Galartzak, baina hizkuntzaren iraupenerako “ezinbestekoa” dela erabilera: “Egin egin behar da. Herri txiki bat da hau, eta gure eguneroko ogia izango da bizi garen artean. Beti jarraituko dugu eragozpenak gorabehera aurrera ateratzen”.