Seaskako lehendakaritzako kidea

Erik Etxart: «Euskara ez da zerutik erortzen: euskara ikasteko ez da aski ikastolan izatea»

Sophie Layous eta Antton Etxeberri alboan dituela arituko da Erik Etxart Seaskako lehendakaritzan. Badituzte buruan zenbait erronka, besteak beste, ikasleen euskara mailari bultzada ematea.

Erik Etxart, Seaskako lehendakariordea. PATXI BELTZAIZ
Erik Etxart, Seaskako lehendakariordea. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Kanbo
2025eko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Hirukote batek hartu du Peio Jorajuriaren segida Seaskako lehendakaritzan. Sophie Layous eta Antton Etxeberrirekin batera arituko da Erik Etxart (Lekorne, Lapurdi, 1974). Frantziako Gobernuarekin hitzarmena izenpetzearen erronkaz aritu da, eta 2027ko ikasturte sartzerako ireki nahi luketen lizeoari buruzko gogoetez ere bai. Lehen mailako 32 ikastola, bost kolegio eta lizeoa ditu Seaskak gaur egun. Horien zerbitzura aritzeko borondatea erakutsi du.

Zertan dira Parisekin dituzuen harremanak?

Iduri du ondoko asteetan hitzordu bat ukanen dugula [François Bayrou] lehen ministroaren kabinetearekin, baina baieztatzekoa da. Azken hilabeteetako eskariekin joanen gara gu. 

Baduzue esperantzarik Bayrourekin elkarrizketan aritzea errazagoa izanen dela, ikusirik zer ibilbide duen?

Hobeki ezagutzen gaitu behintzat. Garai batean ukan du sentsibilitate bat beste batzuek ez zuketena. Haatik, ez dakigu orain nola kudeatuko duen, nola moldatuko den Elisabeth Bornekin [Hezkuntza ministroa], lehentasunetan izanen den horri buruz mugitzea... Guk gure bidean segitu behar dugu, gure aldarrikapenekin, gure lanarekin, herri honen sostenguarekin hori lantzen. Gobernuak nola jokatuko duen ez da gure esku. 

Hitzarmenaren negoziazioa da jokoan. 

Badakigu zertan izaten ahal garen ados eta zertan ez. Ikasleen aitzineko irakasle postuetan gutxi gorabehera ados izan gaitezke. Gainerako postuetan, uste dugu badugula beranta handia: aholkulari pedagogikoak, inklusio saileko figurak... Hor ere pentsatzen dugu posible dela zerbait adostea. Hirugarren arloa aitortza ofizialarena da, azterketetan euskara onartzea eta abar. Hori da puntu zailena. Pentsatzen dugu hori Parisen jokatzen dela Bordelen baino gehiago, han hartuko dutela erabakia. Oraingoz mintzatzen segitu behar dugu. 

«Badugu asmo argia haurtzaindegien inguruan lan bat eramateko, uste baitugu haurtzaindegi eskaintza ez dela behar den heinekoa euskararen ikuspegitik»

Ipar Euskal Herrian, hizkuntza politikari buruz eztabaidan ari dira EEPn.

Aurrekontua izoztua izan da luzaz, orain keinu bat eginen dute, baina ez da batere beharren araberakoa, eta euskalgintzako elkarteek  sufritzen dute hori. Horrek erakusten du politika bat. Guk uste dugu euskararen aldeko hizkuntza politika ez dela aski Ipar Euskal Herrian, eta berriz definitu behar dela, anbizio gehiagorekin. Hizkuntza aitzinatzeko, ofizialtasunean ere aitzinatu beharko da, bide batetik edo bestetik. 

Seaskak 39 ikastetxe ditu egun. Zure iduriko, zer garapen izanen du ondoko urteetan?

Pentsatzen dugu ondoko urteetan beharbada lehen mailako ikastola batzuk zabalduko ditugula. Haatik, badugu asmo argia haurtzaindegien inguruan lan bat eramateko, uste baitugu haurtzaindegi eskaintza ez dela behar den heinekoa euskararen ikuspegitik.

Seaskak haurtzaindegi batzuen sortzea bultzatuko du?

Gisa batez edo bestez. Konkolotx elkartearekin harremanetan gara. Eskoletan aitzinamendu batzuk egin dira, baina eskolan sartu arteko bide horretan euskararen presentzia ez da behar lukeen heinekoa. Aztertu behar dugu arlo horretan zer egin: lehentasunetako bat da guretzat. 

Lizeo berria izanen da beste proiektu handia.

Garai batean, ikasle kopurua handitu zen lehen mailetan, gero kolegioetara heldu zen, Senperekoa zabaldu genuen —Baionakoa ere handitzen ari da—, eta uhin hori lizeora heldu da. Horrez gain, lizeoan euskaraz segitu nahi duten ikasleen kopurua ere handitu da azken urteetan. Bagenekien beste lizeo bat beharko genuela, baina ikasle kopurua uste baino lehenago handitu da. Bernat Etxepare gainezka da. Gure helburua da 2027rako beste lizeo bat egitea. Orain arte sail orokorra garatu dugu nagusiki; bi sail ditugu profesionalean, eta bat teknologikoan. Lizeo berriaren bidez, kualitatiboki ere garatu nahi dugu, eta sail profesional gehiago eskaini. 

«Etxepare lizeoan Ipar Euskal Herri guziko ikasleak izanen dira —eta esperantza dugu Hegoaldekoak ere izatea—, eta lizeo berrian berdin»

Zer sail lirateke?

Guk ez ditugu sail guziak eskaintzen ahal: funtsean, sail profesionalak ehun baino gehiago dira. Baina gure ondoko urteetarako parioa da sektore guzietan zerbait egitea ahal dugun heinean. Leku batera baino gehiagora iristeko bidea ematen duten sail zentralak hobetsiko ditugu: pertsonentzako arten inguruko sail bat nahi genuke zabaldu —eskaera hori egina da—, eraikuntza sailean ere zerbait egin nahi genuke, eta baita laborantza edo natura arloan ere. Uste dugu lauzpabost baxo profesional eskaini genitzakeela. 

Etxepare lizeoa bat eta bakarra izateak manera eman die hainbat belaunalditako ikasleei Ipar Euskal Herri osoko gazteak gurutzatzeko. Hori kontuan hartu duzue zuen gogoetan?

Lehen bilkuretan hori izan zen gauza inportanteenetako bat. Argiki errateko: bigarren lizeoa ez da irekiko irizpide geografikoen arabera. Gure asmoa da bigarren lizeoan lanbide heziketako sailak biltzea eta orokorrarekin osatzea, eta lizeo horrek kolore berezi bat izatea. Etxepareko proiektua berrituko da: Ipar Euskal Herri guziko ikasleak izanen dira —eta esperantza dugu Hegoaldekoak ere izatea—, eta lizeo berrian berdin. Haatik, azken urteetan ikusi dugu Etxepare lizeoan bostehun ikasle gehiago izatea anitz dela, eta garai batean ikusten zen nahasketa hori, denek elkar ezagutzea, jadanik ez dela posible. Beraz, horretarako ere hautatu da beste lizeo bat egitea. Horrela ikusi dugu lantaldean.

Hainbat herri dituzue aukeran. 

Orain, mahai gainean ditugu Donapaleu (Nafarroa Beherea), Uztaritze, Itsasu (Lapurdi) eta beharbada beste bat. Biziki harrera ona egin digute, eta kontent gara. Proiektua lantzen segituko dugu ondotik ere, baina uda gabe erabaki nahi genuke non egin. Arlo profesionala zinez beste proiektu bat da, beste begi batzuekin begiratzea eskatzen du: lurraldean txertatuagoa da, harreman gehiago bada inguruko eragile sozioekonomikoekin. Hori ere kontuan hartuko dugu. 

«Gure gazteei nahi diegu erakutsi Euskal Herria nazio kultural bat dela gutxienez, eta baditugula harreman horiek»

Azken urteetan kezka batzuk agertu dira ikasleen euskalduntzeari buruz. Zein da errealitatea?

Gure ikasleak ez dira gizartetik kanpo; gizartean euskarak dituen arazoak guk ere sentitzen ditugu gure ikastetxeetan, argi eta garbi. Hala da Ipar Euskal Herrian, baina hala da beste lurraldeetan ere. Badakigu euskarak zer leku duen Iparraldean; horrek badu eragina. Denek dakite sare sozialek zer eragin ukan duten ere: eragin kulturalak ere sartzen dira telefonoetatik, eta euskarak beharbada hor ez du beste hedabide tradizionaletan zuen presentzia. Etengabe egokitu behar dugu egoera berrietara.

Nola erantzun horri?

Azken urteetan, alde batetik, programazio bat prestatu dugu. Irakasle batzuk bildu dira adosteko ikasleei bere ibilbidean adinaren arabera zer eduki transmititu behar zaizkien gure hizkuntzaren eta gure kulturaren inguruan. Eta horrekin batean, ebaluatzen ere ari gara, uste baitugu ikasleek exijentzia behar dutela. Euskara ez da zerutik erortzen: euskara ikasteko ez da aski ikastolan izatea. Ikaslea lagundu nahi dugu horretara iristeko. Onartzen dugu ez garela perfektuki heltzen gure helburuetara, baina zintzoki entseatzen gara hori hobetzen. Horretan ere, erakunde publikoei galdeginen diegu lagundu gaitzaten helburuak betetzen. Eta kontsidera dezaten ikastolak zinezko partaideak direla nahi badute hizkuntza politika bat eraman.

Hizkuntza eta kultura transmisioa lantzen duzue, baita nazio ikuspegia ere.

Ekainean egin genuen Euskal Herriko Ikastolen zazpigarren batzarra, Iruñean. Gure gazteei nahi diegu erakutsi Euskal Herria nazio kultural bat dela gutxienez, eta baditugula harreman horiek. Ikuspegi hori ematen diegu. Beste eremu bat ere lantzen dugu: aisialdia. Gure gazteak euskaldun oso izatea nahi badugu, euskaraz bizi daitezen eta gozatu dezaten, aisialdia ere euskaraz behar dute. Lehen mailetan lantzen ari gara kanpo eremuak nola aldatu hori laguntzeko, kulturalki ere ekitaldiak antolatzen ditugu gure ikastetxeetan plazer hori ezagut dezaten. Eta eskolaz kanpoko aisialdia ere landuko dugu, euskaraz izan dadin. Kultur elkarteetan, kirol elkarteetan... bada anitz egiteko, eta ez dugu guk bakarrik egiten ahal. Euskara eskolako hizkuntza bakarrik baldin bada, ez da gehiago hizkuntza bizi bat izanen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.