Euskara, Euskal Herria eta PP-PSOE lehia dira protagonista

EAJk euskararen ofizialtasuna jarri du legealdiko helburu gisa. EH Bilduk eskuin muturrari aurre egiteko alternatiba gisa aurkeztu du Orain Errepublikak.

Otxandiano eta Aizpurua, gaur goizeko ekitaldian. EH BILDU
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 1a
16:45
Entzun

Europako Parlamenturako hauteskundeen kanpainako bigarren eta azken asteburuan, alderdiek ez dute huts egin, eta ekitaldi andana izan dira Hego Euskal Herrian. EAJk Treballem per Catalunya plataformaren babesa jaso du Kataluniatik, eta CEUS estaturik gabeko nazioen «ahots» gisa aurkeztu du. Hala definitu du Orain Errepublikak koalizioa ere EH Bilduk. Alderdi Sozialistak eta PPk, berriz, nork bere burua aurkeztu dute bestearen erabaki politikoei balazta jartzeko tresna gisa. Eta Sumarrek mugei erreparatu die.

EAJko kideak, Donostian egindako ekitaldian. EAJ
EAJko kideak, Donostian egindako ekitaldian. EAJ

EAJ

EAJren hautagai eta CEUS koalizioaren zerrendaburu Oihane Agirregoitiak EBko erakundeetan «nazio eta hizkuntza gutxiengoetako eurodiputatuen aliantza bat» dinamizatzeko asmoa azaldu du, euskararen ofizialtasuna eta presentzia defendatzeko egitasmoei bide emateko asmoz. Xedea, «balio sinbolikotik benetako onarpenera» igarotzea: «Gure konpromisoa da datozen bost urteetan euskara aitortua izan dadila». Horretarako, besteak beste, Erasmus programetan euskarazko eskaintzak txertatzearen eta Europa Sortzailea programan euskarazko filmei bide ematearen alde egin du, Donostiako Kursaalaren aurrean egindako agerraldian.

Nafarroan,berriz, Geroa Baiko kide eta CEUSen zerrendakide Amaia Arrizabalagak «bakearen defentsa» eta «balio demokratikoak» izan ditu hizpide, Ukrainako eta Gazako gatazkei so: «Europak sendo aritu behar du Errusiak Ukrainan eta Israelek Gazan egindako nazioarteko zuzenbidearen urraketen kontra». Hala, Bruselari eskatu dio «bake eragile» rola hartzeko.

Azkenik, Euskal Herritik kanpo izan da EBBko presidente Andoni Ortuzar, CEUS koalizioak Bartzelonan egindako aurkezpenean. Han, Treballem per Catalunya plataformaren babesa jaso du, hartako kide eta PDeCATeko azken buru —oraintsu desegin da alderdia— David Bonvehiren eskutik. Ortuzarrek nazioek «ahotsa» izango duten «Europa indartsu» baten alde egin du agerraldian: «Euskadik, Kataluniak, Kanariek eta Galiziak ahots propioa izan dezaten Europan, eta euren interesak zuzenean defendatu ditzaten».

Otxandiano eta Aizpurua, Lekeition. EH BILDU
Otxandiano eta Aizpurua, Lekeition. EH BILDU

EH Bildu

Lekeition (Bizkaia) izan dira Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko eleduna eta Pello Otxandiano koalizioaren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia. Aizpuruak adierazi du eskuin muturra «benetako mehatxu bat» dela egungo testuinguruan, eta horri aurre egiteko «boto feminista eta antifaxista» mobilizatzeko beharra azaldu du. Izan ere, uste du eskuinak sustatu nahi duen testuinguruak, «gerra danbor» eta «austeritate eta murrizketenak», bide ematen diola eskuin muturraren gorakadari: «2.0 faxismoak Europa mehatxatzen du».

Horren harira, Otxandianok adierazi du Orain Errepublikak koalizioa «elkargune bat» dela estaturik gabeko nazioen interesen defentsarako eta herritarrak babesteko. Era berean, EBk ere «ezkerreko subiranismoaren eta independentismoaren beharra» daukala uste du: «Ohiko politikatik aldendutako politikak garatzen dituena, herritarren eta herrialdearen interesak zentroan kokatzen dituena, bere oinarri eta balioei leiala dena».

Bakartxo Ruiz hautagaiak ere bide beretik jo du Garraldan (Nafarroa) egindako agerraldian, auzia Nafarroako errealitatera eramanez: «Banatzen gaituzten kontuetan baino, batzen gaituztenetan bat egin behar dugu, Iruñean egin dugun bezala. Horren adibide garbia da Orain Errepublikak». Are gehiago, gogoratu du EH Bilduren hautagai nagusia, Pernando Barrena, nafarra dela.

Besteak beste, Andueza eta Mendia, gaur goizean. PSE-EE
Besteak beste, Andueza eta Mendia, gaur goizean. PSE-EE

Alderdi Sozialista

«PPk eskuin muturra aukeratu du etorkizuneko aliantzak egiteko Europan, eta haren gorakada elikatu». Hala uste du PSOEren zerrendakide Idoia Mendiak, eta horri aurre egiteko formula gisa aurkeztu du sozialisten hautagaitza; haren esanetan, «aurrerapenaren, Europa sozialaren, berrikuntzaren eta bakearen» alde egiten duena. Hala, Bilbon egindako agerraldian, hautagaiak adierazi du herritarrek erabaki behar dutela «Europa gehiago edo gutxiago» nahi duten. Harekin bat egin du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, eta herritarrei eskatu die ekainaren 9an botoa ematera joateko: «Gure etorkizuna dago jokoan, denona, baina batez ere gure gazteriarena».

Elena Sancho hautagai nafarrak, berriz, hezkuntza publikoaren defentsan egin du indar, eta kezka azaldu du «politika atzerakoiek» hartan izan dezaketen eraginaz. Gai hori baliatu du EBko funtsen defentsa egiteko ere. «Eskuinak zalantzan jarritako funtsak». Izan ere, zehaztu du Sesmako (Nafarroa) ikastetxeko eraikina horien bidez ordaindu dela, inguruetan egindako beste zenbait lanekin batera.

PPko ordezkariak, gaur goizean, Guardian. PP
PPko ordezkariak, gaur goizean, Guardian. PP

PP

PPren aldeko botoa eskatu du EAEko Alderdi Popularreko presidente Javier de Andresek, Guardiatik (Araba). Zertarako? Espainiako Gobernuaren «gezurrei eta iruzurrei» erantzuteko. Izan ere, PPren hautagai Carlos Iturgaizek azaldu duenez, errealitatea ez da Moncloak adierazi bezain ona. Horren adierazletzat jo ditu egoera ekonomikoa eta «independentistei emanak», eta PP aurkeztu horiei «balazta jartzeko» alternatiba gisa. Ez da alternatiba, berriz, EAJ, Javier Zarzalejos zerrendakidearen esanetan: «Europan txikira jokatzen du; PPk, handira».

Nafarroan, berriz, PSN eta Nafarroako Gobernua izan dira PPko kideen kritiken ardatzak, trafiko eskumenaren harira Foru Hobekuntzan sustatutako aldaketengatik. «Erabaki askoren hasiera da», esan du Amelia Salanueva PPNko idazkari nagusiak, eta gehitu xedea dela Guardia Zibila lurralde hartatik kanporatzea. Erabaki hura eta Amnistia Legea salatu ditu Salanuevak, eta horri erantzuteko baliagarritzat jo europarlamenturako bozak.

Andeka Larrea, Irunen egindako kanpaina ekitaldian. SUMAR
Andeka Larrea, Irunen egindako kanpaina ekitaldian. SUMAR

Sumar

Atzo Carlos Guzmanek izan zituen hizpide migrazio politikak, eta gaur Andeka Larrea zerrendakideak. Sumarrek Irunen (Gipuzkoa) egin du agerraldia, EBn adostutako Migrazio eta Asilo Itun «lotsagarria» salatzeko: «Urrats bat gehiago da Europa gotortuaren alde, eta atzerapauso bat giza eskubideen Europarentzat». Hain zuzen, azaldu du azken hori dela eurek defendatzen dutena, nazioarteko zuzenbidean oinarrituta: «Euskadin harro adierazi dezakegu gure gizarteak migratzaileei harrera egiten diela, baina baita ez ditugula gizarte nahi horren mailako instituzioak ere».

Agerraldian parte hartu du Frantziako Alderdi Komunistako Dominique Melek ere. Hark Gazako egoerari erreparatu dio, eta Israel egiten ari den «genozidioa» salatu. Hala, adierazi du EBk «bakea eta giza eskubideak bermatzeko» lanari heldu behar diola, gastu militarra areagotzera jo beharrean.

Guzmanek, berriz, Mendebaldeko Saharako egoerari erreparatu dio, eta EBko erakundeei dei egin lurralde hark autodeterminazioa lor dezan «laguntzera». Horretarako, dei egin die erakunde horiei Fronte Polisarioa «mintzaide» gisa onar dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.