Euskara

Euskara Europako Batasuneko hizkuntza ofizial izateko eskatu du Kontseiluak Bruselan

Agerraldia egin du Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko nazioarteko erakunde ELENeko hainbat ordezkarirekin batera; Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, Idurre Eskisabelek esan du erabakiak «gordinago» agerraraziko lukeela egun euskararen ofizialtasunaren inguruan dagoen «paradoxa»

jarraia232924.jpeg
arantxa iraola
2023ko irailaren 18a
16:41
Entzun

«ELENek pozik hartu du euskara, katalana eta galiziera Europako Batasuneko eskubide osoko hizkuntza ofizial gisa hartzeko Espainiak egindako proposamena». Agerraldia egin dute gaur Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko nazioarteko erakunde ELEN hainbat ordezkarik euskararen, galizieraren eta katalanaren ofizialtasuna zabaltzeko Espainiako Gobernuak sustatu duen proposamenari oniritzia emateko. Bruselan egin dute agerraldia, Europako Parlamentuan. Tartean, Euskalgintzaren Kontseiluak parte hartu du agerraldian; Idurre Eskisabel idazkari nagusiak hartu du hitza, Manex Mantxola koordinatzailearekin batera. Plataforma per la LLengua, Omnium Cultural, A Mesa pola Normalizacion Lingüistica, Obra Cultural Balear eta Accio Cultural Pais Valencia erakundeekin batera egin du irakurketa. Bihar dira Europako Kontseiluan gaia lantzekoak, eta proposamena «babesteko» eskea egin dute. Europako Batasuneko Atzerri ministro guztiek aho batez hartu beharreko erabakia da, hala ere, eta ez dago argi zer gertatuko den biharko bileran.

Plazara atera duten ohar bateratuan nabarmendu dituzte ofizialtasunak ekar ditzakeen onurak. «Hizkuntza ofizial gisa hartzeak onura praktiko ugari dakartza, baita estatus ofizialak ematen duen prestigioa ere. Era berean, Europako Batasunari aukera emango lioke hizkuntza aniztasuna babesteko eta herritarrei beren hizkuntza EBko erakundeekin erabiltzeko aukera emateko», azaldu dute. «Hizkuntza horiek barne hartuz gero eragina oso positiboa izango da, eta urrats handia gure hizkuntzen onarpenerako eta normalizaziorako bidean, Europa mailako estatus ofiziala funtsezkoa baita hiztunen hizkuntza eskubideak babesteko». Aurrez martxan diren hainbat lan ildo indartzeko bidea izan daitekeela uste dute. «Era guztietako 500 lege xedapen baino gehiago daude EBko hizkuntza ofizialen presentzia eta erabilera eskatzen dutenak, bereziki kontsumitzaileei eragiten dienean. Eta hori oso garrantzitsua da, pertsonen eguneroko bizitzan zuzeneko eta zeharkako eragina duelako».

«Abiaburu» bat izan daiteke
Idurre Eskisabelek Kontseiluaren izenean onartu du, ofizialtasuna lortzen bada, aintzat hartzeko «urratsa» izango dela hori. Uste du «eguneroko bizitzan» ekar ditzakeela onurak euskaldunentzat. Pentsatzen du etiketatzearen gisako eremuetan, esaterako, hobeto egin ahal izango dela aurrera, edota ikus-entzunekoen arloan ere aurrera pausoak ematen lagun dezakeela: «Abiaburu bat da».

Euskararen ofizialtasunak egun Euskal Herrian bizi duen egoera «prekarioa» erakusteko ere balio dezakeela uste du Eskisabelek. Euskarak eremu askotan ofizialtasunik ez duela gogoratu du, eta Europako Batasunean ofiziala bada «gordinago» agertuko dela horrek dakarren «paradoxa». Baionako euskaldun bat jarri du adibide, edo Tuterakoa. Europako Batasunarekin euskaraz harremanetan jartzeko era izango du, baina bere herriko udal administrazioarekin, esaterako, ez. Euskal Herri osoan euskara ofizial egitek urratsak egite aldera, Europako Batasunaren baietza «berme» bat izan daitekeen ustea du.

Gainerako hizkuntza gutxituetako ordezkariek ere nabarmendu egin dute erabakiak izan dezakeen garrantzia. Hizkuntza minorizatuen «prestigioa» handitu dezakeela adierazi dute, eta gogoratu dute hizkuntza eskubideak «giza eskubideak» direla, eta horietan «sakontzeko» era eman dezakeela biharko bilkurak.

Denek batera atera duten oharrean nabarmendu dute, urrats hau eginda ere, bidean oraindik badela zer jorratua. Estatu kideen «izaera eleaniztuna» onartzeko bidean aurrera egingo da, baina horrekin «hizkuntzen gutxiagotzearen» amaiera ez da etorriko: «Oraindik bide luzea dago egiteko. Ildo horretan, fronte guztietan lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, gure hizkuntzei merezi duten aitortza emateko eta gure herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko».

Euskararen, katalanaren eta galizieraren alde ari diren erakundeez aparte ere, mezuarekin bat egin du ELENeko idazkari nagusi Davyth Hicksek. ELENek egun 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak. Oro har, ELENeko kideek hizkuntza horietako 40 milioi hiztun baino gehiago ordezkatzen dituzte, Europako Batasuneko biztanleriaren ia % 10, eta gobernuen eta nazioarteko erakundeen aurrean hizkuntza horietako hiztunen ahotsa izatea du helburu.

Agerraldian, Europako Parlamentuko hainbat ordezkari izan dira hiikuntza gutxituetako ordezkariei babesa erakusten; tartean izandira EH Bilduko parlamentari Pernando Barrena eta EAJkoa, Izaskun Bilbao.

Dudak

EB Europako Batasuneko 27 herrialdeetako Atzerri ministroak bihar erabakiaren inguruan bat etortzea ez da erraza izango. Hainbat errezelo agerian utzi dituzte hainbat herrialdek egunotan. Frantziak har dezakeen jarreraren gaineko kezka ez da berria. Suediak eta Finlandiak dudak azaldu dituzte erabakiak lan administratiboa zamatu dezakeelako, eta kostu ekonomikoa ere handitu egin daitekeelako ofizialtasuna hiru herrialde gehiagotara zabalduta. Hala ere, Espainiako Gobernuak aurre hartu nahi izan die, eta prest agertu da kostu horiek bere gain hartzeko.

Motiboak ditu proposamena hain irmo defendatzeko. Hain justu ere, Espainiako Gobernuak abuztuaren 16an erregistratu zuen eskea Junts per Catalunyak hala eskatuta; Carles Puigdemonten alderdiak jarritako baldintzetako bat izan zen, PSOEko Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidente hautatzearen truke.

Hainbat iturrik adierazi dutenez, bihar ez da erabakirik hartuko, eta atzeratu egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.