Bruselak ez daki euskaraz. Estrasburgok ere ez. Are gutxiago Luxenburgok edo Frankfurtek, Europako Justizia Auzitegiaren eta Europako Banku Zentralaren egoitzek, hurrenez hurren. EB Europako Batasuna osatzen duten erakundeetan eta botereguneetan, oro har, ez dute tokirik estaturik gabeko nazioen hizkuntzek. Alta, baliteke hori aldatzeko bide bat zabaltzea aurki: euskara, katalana eta galiziera EBko hizkuntza ofizialen zerrendan sartzeko eskaera eztabaidatuko dute datorren asteartean, Bruselan, 27 herrialdetako Atzerri ministroek. Eskaerak aurrera eginen balu, urratsa ez litzateke soilik sinbolikoa izanen: onura zehatzak ekarriko lizkieke hizkuntza gutxituei. Dena den, bozketaren emaitza edozein dela ere, bidea ez da samurra izanen. Batzordeko zenbait kidek ez dute begi onez ikusten estatu handien klubean hizkuntza txikiak sartzea, eta uste izatekoa da trabak jarriko dizkiotela eskubideen aldarriari.
PSOE, egoerak behartuta
Espainiako Gobernuak abuztuaren 16an erregistratu zuen EBren hizkuntza erregimenean euskara, katalana eta galiziera sartzeko eskaera, Junts per Catalunyak hala eskatuta. Carles Puigdemonten alderdiak jarritako baldintzetako bat izan zen, PSOEko Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidente hautatzearen truke. Eskaera aurrera atera ahal izateko, baina, EBko Kontseilua osatzen duten 27 kideek aho batez onartu beharko dute, heldu den astearteko bilkuran.
Zenbait estatu —Frantzia, esate baterako— uzkur azaldu dira behin baino gehiagotan estaturik gabeko nazioen hizkuntz eskubideak aitortzeari dagokionez, eta litekeena da jarrera horri eustea hilaren 19an. Horregatik, eskaera erregistratzeaz harago, «presioa egiteko eta diplomazia erabiltzeko» eskatu diote Kataluniako eragileek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, orain EBko Kontseiluaren aldizkako presidentetza duela baliatuta.
Euskal Herrian ere zeresana eman du ofizialtasun eskeak. Baikor azaldu da EH Bilduko europarlamentari Pernando Barrena, baina «zuhurtzia» eskatu du, «elementu asko trabeskatu baitaitezke bide honetan».
Badu baikor izateko motiborik: 2013. urteaz geroztik, Europako Batasuneko Kontseiluak ez du atzera bota bozketa bakar bat ere. Eta ez dira gutxi izan: 1.128. «Azken hamar urteotan, ez da inoiz arazorik izan araudia aldatzeko eta proposamenak onartzeko; hortaz, logikoena litzateke oraingo honetan ere horrela izatea», azaldu du Barrenak. «Hala ere, ezin dugu ahaztu Frantzia dela botoa eman behar dutenetako bat, eta oso jarrera itxia duela hizkuntza gutxituekin zerikusia duten kontuetan».
Frantziak ez ezik, Suediak ere «zalantzak» agertu ditu hizkuntza «erregionalei» ofizialtasuna aitortzearen inguruan. Uste dute domino efektu bat eragin dezakeela Europako gainerako hizkuntza gutxituen artean. «Aztertu beharko dugu halako erabaki batek zer ondorio juridiko eta finantzario izan ditzakeen. Asko dira EBn ofizialak ez diren hizkuntza gutxituak», adierazi zuen Suediako Gobernuak atzo.
Araudia, alde
Barrenaren aburuz, ordea, argudio hori ez dator bat EBko araudiarekin: «Hizkuntza erregimenari buruzko araudian ez da esaten hizkuntza bakoitzak estatu propioa izan behar duenik». Zehazki, EBko 1/1958 araudiak baldintza bakarra ezartzen du hizkuntza bat ofizialtzat jotzeko: Europako Batasuneko estatu kideren batean ofiziala izatea, eta, EAJko europarlamentari Izaskun Bilbaoren irudiko, baldintza hori betetzen dute euskarak, katalanak eta galizierak: «Hirurek aitortua dute ofizialtasuna Espainiako Estatuaren barruan, eta horrek desberdintzen ditu beste hizkuntza gutxitu batzuetatik», azaldu du.
Hala ere, mesfidati azaldu da Bilbao, Espainiak euskararen, katalanaren eta galizieraren alde egin dezakeen negoziazio lanaz: «Orain arte Europan ez badira urrats gehiago egin, Espainiako Gobernuen jarreragatik izan da hori; ez dute behar besteko lanik egin EBko instituzioetan», esan du. Irlandako gaelikoa adibidetzat jo du Bilbaok: «Irlandak ofizialki eskatu ostean, Europako Batasunaren aitortza lortu zuen; baina horretarako asmo sendoa eta borondate politikoa erakutsi zituen Irlandako Gobernuak, eta Espainiak oraingoz ez du halakorik egin».
Estatuek izanen duten jarreraz harago, adituak bat datoz gauza batean: Europako Batasuneko hizkuntz ofizial izatea «oso onuragarria» izanen litzateke euskararentzat. EAJko europarlamentariaren ustez, baina, hilaren 19ko eztabaida «urrats bat» izanen da soilik: «Duela hamar urte onartu zen Alfonsi txostena, eta hor jada neurri zehatzak eskatzen ziren hizkuntza gutxituen alde; horrez gain, Minority Safepack herri ekinbide legegilea ere sustatu genuen, eta hamaika eskaera egin ditugu euskara Europako Parlamentuan erabiltzeko».
Bruselan bai, Tuteran ez
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelen irudiko, ordea, EBren ofizialtasuna «urrats garrantzitsua» izanen litzateke, eta «jendeak nabaritzeko moduko onurak» eraginen lituzke egunerokoan. Argienetako bat, produktuen etiketei dagokiena: «Europako Batasunean merkaturatzen diren elikagaien eta osasun produktuen etiketek Europako hizkuntza ofizialetan idatziak egon behar dute, eta hor euskarak presentzia izango luke». Ikus-entzunezkoen esparruan ere eragina izanen luke aldaketak, «Europako legeek gutxieneko kuota bat ezartzen baitute filmak eta telesailak hizkuntza ofizialetan ekoizteko».
Horrez gain, herritarrek aukera izanen lukete EBko erakunde guztiekin euskaraz aritzeko (eta erantzuna hizkuntza berean jasotzeko), eta euskara meritu izanen litzateke Europan funtzionario izateko. «Paradoxa handia eraginen luke horrek», gaineratu du Kontseiluko buruak: «Tuterako edo Donapaleuko herritar batek euskaraz hitz egin ahalko du Bruselarekin, baina ez bere udalarekin edo herriko etxearekin?». Horrek erakundeei «kontraesan handiak» eraginen dizkiela uste dute bai Eskisabelek, bai Barrenak.
EH Bilduko eledunak «aukera bat» ikusten du hor, euskarak «babes maila handiago bat» izan dezan, besteak beste, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan. Bat dator Eskisabel: «Oldarraldi judizial bat bizi dugu, ofizialtasuna bera kolokan jartzen duena, eta baliteke Europan ofizial izateak euskararen posizioa indartzea». Hizkuntza prestigiatzeaz harago, euskaldunak «ahalduntzeko» tresna izanen litzateke, beraz.
Euskara. Ofizialtasuna Europako Batasunean
Euskara, Europako atean joka
Europako Batasuneko Kontseiluak datorren asteartean eztabaidatuko du euskarari, katalanari eta galizierari izaera ofiziala aitortzeko eskaera. Garrantzi sinbolikoaz eta prestigioaz harago, neurriak «onura errealak» eraginen lituzke ekonomiaren, zuzenbidearen eta kulturaren esparruetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu