Euskara etxean jaso duten umeak batzeko eskatu dute

Arnas Dezagun guraso taldeak salatu du D ereduan izanda ere haurrei ez zaiela bermatzen euskaraz aritzeko eskubidea. Neurri eske ari dira

Arnas Dezagun guraso taldearen agerraldia, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Gure haurrei errotik ukatzen zaie euskaraz hitz egiteko aukera». Hala hasi zuen agerraldia, atzo, Mitxel Elortza Arnas Dezagun guraso taldeko bozeramaileak. Arnas Dezagun egitasmoa sortu zuten iragan udan eremu erdaldunetako guraso euskaldunek, etxetik euskaldunak diren haurrak eskolan «ez sakabanatzea» eskatzeko. Izan ere, egoera kezka iturri da guraso horientzat. «Gure seme-alabak, euskal hiztunak izanik, gutxiengoa dira ikasgeletan, baina, elkarrekin jarri ordez, gela desberdinetan sakabanatzen dituzte ikastetxe gehienetan. Era horretara, sakabanaketaren ondorioz, ume euskaldunei errotik ukatzen zaie euskaraz jarduteko aukera», azaldu dute.

Horiek horrela, eremu erdalduneko ikastetxeetan, baita D ereduan ere, etxetik euskaraz dakiten haurrak biltzeko eskatu du guraso taldeak. «Haur euskaldunak sakabanatuz, denak ateratzen dira galtzaile, bai euskaldunak, asimilazioagatik, eta bai etxetik erdaldunak direnak ere. Bestela erranda, euskal hiztunek euskara bazterrean uzten dute, eta erdal hiztunekez dute euskararik jasotzen beren ikaskideengandik». Hori egin ezean D ereduaren helburua «zapuzten» dela argudiatu dute.Hartara, «haur euskaldunak batzea ezinbestekoa da, betiere erdaldunak bazter utzi gabe», zehaztu du Elortzak.

Arnas Dezagun taldeak «kezka» helarazi die alderdi politiko eta sindikatuei, eta neurriak hartzeko eskatu diete ikastetxeetako zuzendari eta hezkuntza arloko arduradun politikoei. Bide beretik, adierazi dute lanean segituko dutela erakunde eta eragileekin. Anartean, beren eskariak Euskal Herriko dozenaka herritarren eta eragileren babesa lortu du; tartean dira Amets Arzallus bertsolaria, Itziar Ituño aktorea, Ainhoa Larrañaga irakaslea eta Frank Dolosor kazetaria. Guraso taldeak Euskal Herriko herritar eta eragile guztiei eskatu die babesa emateko.

Atzo, bestalde, guraso taldeakbere aldarria gauzatzeko manifestua aurkeztu zuen. Batetik, «arnasgune funtzionalak» plantan jartzeko eskatu dute; hau da, «haurrak euskaraz eroso jardun ahal izateko eremuak». Bestetik, «haur erdal hiztunen euskara indartzeko eta erabilera errazteko baliabideak eta laguntzak» galdegin dituzte. Salatu dute gaur egun horiek eskasak direla.

Eskolatik kanpo, euskaraz

Ikastetxeez harago, eremu erdaldunetan bizi diren ume euskaldunentzat gizarteko esparru guztietan euskararen presentzia azkartzeko beharra azpimarratu dute Arnas Dezagun taldeko gurasoek. Aldarrikatu dute hizkuntza ohiturak aldatu beharra dagoela haurrak euskaraz «naturaltasunez eta eroso» aritu ahal izateko.

Halaber, ezinbestekotzat jo dute pantailak euskaraz, aisialdia euskaraz eta, oro har, «hizkuntza paisaia» euskaraz izatea, eskolako eremuetatik kanpo ere. Dena dela, argi hitz egin dute:«Ez da soilik eskolaren ardura, jakina,baina ezin da ukatu hezkuntza sistemak eragin berebizikoa duela gure haurren hizkuntza ohituretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.