Euskara eta kultur arloko dozenaka lagun batu dira Gasteiz antzokia «berehala» zabaltzeko eskaerara

Euskalgintzako eragileek egindako eskaerari jarraikiz, ehun lagunek baino gehiagok Gasteizko Udalari galdegin diote har ditzan Izaskun Arrue kulturgunea zabaldu ahal izateko neurriak.

Ruiz de bergaratarren jauregian irekiko dute Gasteiz antzokia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ruiz de bergaratarren jauregian irekiko dute Gasteiz antzokia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
2024ko martxoaren 14a
13:30
Entzun

Gero eta gehiago dira Gasteiz antzokia behingoz zabaltzeko eskatzen duten ahotsak. Joan den astean, euskalgintzako hamahiru eragilek ohar bateratua kaleratu zuten Gasteizko Udalari eskatzeko «lehenbailehen» ireki dezala Gasteiz antzokia-Euskararen Etxea —ofizialki Izaskun Arrue kulturgunea deiturikoa— . Aldarrikapen horri batu zaizkie orain euskara, kultura eta kazetaritza arloko ehundik gora pertsona ezagun. Antzokia nahi eta behar dugulako. Gasteizko Udalari eskaera izenburupean, gutun publikoa kaleratu dute antzokiari babesa emanez, eta Gasteizko Udalari eskatu diote «berehalakoan» har ditzala neurriak gune hori martxan jartzeko. Era berean, sinadura bilketa bat abian jarri dute, eskaera horrekin bat egin nahi duen orok izena emateko.

Idazkia sinatu dutenen artean daude Euskal Herri osoko bertsolariak, musikariak, aktoreak, kazetariak eta irakasleak. Aurpegi ezagun ugari atxikitu dira agirira; besteak beste: Manex Agirre, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariak; Karmele Jaio, Iban Zaldua, Katixa Agirre, Joseba Sarrionandia eta Patxi Zubizarreta idazleak; Iñigo Etxezarreta, Anari, Jon Basaguren, Josu Zabala, Libe Garcia de Cortazar, Mikel Urdangarin eta Arkaitz Miner musikariak; Edurne Azkarate, Josune Velez de Mendizabal, Ander Lipus, Aitor Vinagret, Ximun Fuchs eta Ane Gebara aktoreak; Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria, Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakaria eta Aritz Martinez de Luna ALEAko zuzendaria; Jaione Agirre Bibat museoko teknikari arduraduna, Enrique Uriarte Ignacio Aldekoa kulturguneko zuzendaria, Luis Maria Pascual Montehermoso kulturuneko burua, Goiatz Oiartzabal Badalab proiektuko zuzendari nagusia; Patxi Salaberri, Blanca Urgell eta Mikel Ayerbe EHUko irakasleek; Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, Kike Amonarriz soziolinguista eta Josemari Sors Elkar fundazioko lehendakaria.

Euskarak azken urteotan Gasteizen izan duen susperraldia goraipatu dute idazkian, eta azpimarratu gero eta euskaldun gehiago daudela Gasteizen. Ezagutzatik harago ere, erabileran emandako aurrerapausoa nabarmendu dute, «eredugarri» delako. Uste dute egoera hori ez litzatekeela posible izango eragileen esfortzu, erakundeen babes eta norbanakoen inplikaziorik gabe. «Guztiok bide berean egindako urratsek ahalbidetu dute bilakaera positibo hori, eta hala izaten jarrai dezan desio dugu», azaldu dute.

Euskaraz bizi, ikasi eta gozatu nahi duten euskaltzaleentzat Oihaneder Euskararen Etxea «funtsezko gunea» izan zen hamarkada batez, diote testuan, eta horregatik poztekoa izan zela jakitea bere jarduna behi-behinekoz eten eta Gasteiz antzokiaren proiektuak beste dimentsio bat hartu behar zuela. Alabaina, ohartarazi dute «kezkaz» bizi dutela azken hilabeteotan gasteiztarrentzat «erreferente» izan beharko lukeen antzokia eta euskararen etxea «desagerrarazi» izana.

Urte eta erdi urratsik gabe

2022ko urrian adierazi zuen Gasteizko Udalak Ruiz de Bergaratarren jauregiko lanak amaitutzat eman, eta Izaskun Arrue Kulturgunea abian jartzeko azken pausoak falta zirela. «Urte eta erdi igaro da orduz geroztik, eta antzokiak ateak noiz irekiko dituen datarik gabe jarraitzen dugu», deitoratu dute gutunean.

Horiek horrela, Gasteizko Udalari zera eskatu diote idazkiaren sinatzaileek: «Kultur sortzaileek sorgunea behar dugulako, kulturazaleek eskaintza bat behar dugulako, eragileek topaketarako gune bat behar dugulako, herritarrek plaza bat behar dugulako eta euskarak bere tokia behar duelako adierazpen hau sinatzen dugunok Gasteizko Udalari eskatzen diogu Gasteiz antzokia martxan jartzeko neurriak berehalakoan har ditzala eta lehentasunez joka dezala Gasteizek beharrezko duen proiektua berandu baino lehen abian izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.