Trebiñun, eskola colegio da, eta Guardia Zibilak zabaltzen dio bidea Korrikari. Baina hori baino askoz gehiago da. Ofizialtasunik ez duen hizkuntza bat ikasten eta transmititzen duen herri bat ere bada. Euskal herritarra izatea bera ere ukatzen dioten arren, ahotsa behin eta berriro ozendu eta arabarra dela dioen herri bat.
Hain zuzen, Korrikak gaur goizaldean salto egin du Nafarroatik Arabara, eta Arabako Errioxan ibili da goizean. Eguerdian iritsi da Trebiñura. Hara bidean eta bertan, aldarrikapenak izan dira nagusi errepide bazterretan eta kalean. Guztien artean, bat gailendu da: «Trebiñu Araba da». Euskarak inguru horretan bizi duenaren erakusgarri, furgonetako mikrofonotik emandako datua: azken sei urteetan Korrika ezin izan da pasatu herriko plazatik; gaur, aldiz, bai.
«Garrantzitsua da mugimendu euskaltzale sendoa edukitzea, hiztun aktiboak ere behar baititu euskarak».
IRATI IZIAREuskaltzaleen Topaguneko lehendakaria
Dozenaka herritar batu zaizkio Korrikari, haurrak eta gazteak gehienak: bertakoak asko, baina Euskal Herriko beste zenbait herritatik ere joan dira eskola umeak goiz-pasa. Gure Esku-k ere egin du kilometroa Argantzondik Langraizera bidean. «Astelehenak biharamun», dio Gozategiren kantuak, baina gaur astelehena izanik ere, ez zaio biharamunik sumatu Korrikari.
Biharamunik ez Gasteizen ere. Euskararen aldeko martxa arratsaldean sartu da Arabako hiriburura, eta jendez lepo aurkitu ditu etorbide zabal eta kale estuak. Bertan hartu dute lekukoa, esaterako, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariek.
Lanak baditu emaitzak
Gasteiz gero eta euskaldunagoa da: 20.000 euskaldun inguru irabazi ditu hamar urtean. Baina beste zenbait lekutan bezala, erabileran dago erronka nagusia: kaleko elkarrizketen %4 inguru dira euskaraz. Mitxel Elortza da euskara sustatzen ari direnetako bat, hezkuntza formalean eta informalean. Nabarmendu duenez, oraindik orain nekeza da Gasteizen euskalduna izatea: «Gasteizen euskaraz bizitzea posible da, baina gogorra ere bada. Lehen berba leku guztietan euskaraz egiten duzunean, zenbaitetan aurpegi txarra jartzen dizute oraindik; administrazioan ez da beti bermatzen euskarazko arta jasotzeko eskubidea, Udaltzaingoan edo Ertzaintzan, adibidez; liburutegira goazenean, gazteleraz liburu gehiago daude euskaraz baino... Egoera asko hobetu daiteke oraindik».
Horretarako ari da lanean Elortza. Zabalganeko euskara taldeko kidea da, baita San Martin eskola publikoko irakaslea ere. Sarri aipatu izan da eskolak haurren euskalduntzean duen garrantzia, baina, azkenaldian, gero eta gehiago erreparatzen zaio aisialdiari ere. Hezkuntza formalean eta informalean aritzen da Elortza.
Arlo formalari dagokionez, Gasteizen zer-nolako segregazioa dagoen ikusita, uste du eskola publikoak funtsezko lana egiten duela haurren euskalduntzean: «Aurten lanean ari naizen eskola publikoan, adibidez, ehuneko handi bat atzerritar jatorriko familiek osatzen dute: ia ez dago bertako ikaslerik. Ikasle horientzat, euskarazko inputbakarra eskola da». Gisa horretako ikasleak eskola jakin batzuetara soilik joateak ondorioak ditu, nabarmendu duenez: «Ikasle horiekin lanketa egitea askoz zailagoa da, zeren ez daukate euskararekiko atxikimendurik, eta euskara maila ere askoz apalagoa da». Gainera, aipatu du bere semearen eskola publikoan ere, Zabalgana auzoan, euskararen alde lanean dihardutela. Adibidez, doako euskara eskolak eskaintzen dizkiete euskaraz ez dakiten familiei.
Hezkuntza informalari dagokionez, bestalde, adin guztietako jendearentzako eskaintza prestatzen dute Zabalganeko euskara taldean: Parkean Euskaraz ekinaldia antolatzen dute umeentzat, Euskararen Astea, kontzertuak... Euskaldunen topaleku izatea dute xede: «30.000 biztanle gara, auzo gaztea da, euskaldun asko gaude, baina sakabanatuta. Azkenean, euskaldun horiek biltzea erronka handia da, eta hori da gure helburu nagusietako bat».
Euskaltzaleen topaguneko lehendakari Irati Iziarrek, berriz, Araba osoko egoeraren argazkia atera du: «Arabarrok sinesten dugu euskaldunak, euskaltzaleak eta aktiboak izan gaitezkeela; ahalduntzen ari gara, periferiatik». Badituzte horretarako arrazoiak, Iziarren irudiko: «Datuak ikusita, sorpresa moduan hartu da azken urteetako hizkuntza politikek eman dituzten emaitzak, ezagutza zein zabaldua dagoen eta erabilerak ere nola egin duen gora. Guk ere sentitu dugu Araba ez dela zazpigarren alaba». Halere, oro har Euskal Herriari erreparatuta, nabarmendu du ezinbestekoa dela «akordio sozial zabal eta sendoak» edukitzea, baita euskararen aldeko hizkuntza politika «sendoak» egitea ere. Eta ez hori bakarrik: «Garrantzitsua da mugimendu euskaltzale sendo bat edukitzea, hiztun ahaldundu eta aktiboak ere behar baititu euskarak aurrera jarraitzeko».
Gaur Araba igarota, Nafarroara joko du berriro Korrikak, oraingoan ipar-mendebaldera. Besteak beste, Altsasutik pasatuko da goizean, eta Leitzatik arratsaldean. Gipuzkoan sartuko da gero, Hernanin barna.