Arturo Lopez de la Calle (Guardia, Araba, 1977) da Oiongo San Bizente ikastolako zuzendaria. Euskarari eta euskal kulturari ateak zabalik dizkien ikastola da San Bizente, eta giro horretan eguna ospatzera deitu du gaur Olarizura, Gasteizera. Familia gutxi batzuek abiatu zuten proiektua, duela lau hamarkada pasatxo, eta orain 306 ikasle hartzen ditu.
Nola sortu zen San Bizente ikastola Oionen?
1975ean hasi ziren lehen mugimenduak Oionen. Guraso batzuk elkartu ziren ikastola sortzeko ideiarekin, eta 1978an era ofizialean sortu zen. Hezkuntza kooperatiba bat sortu zuten. Euskal Herri mailan ere baziren mugimenduak beste herri batzuetan, eta mugimendu horretara batu zen duela 46 urte.
Zer giro zegoen 1970eko hamarkadan?
Euskara nahiko galduta zegoen inguru honetan, eta hori sustatzeko hasi ziren familia gutxi batzuk mugitzen. Hazten joan zen komunitatea, familia gehiago hasi ziren interesa izaten ikastolaren hezkuntza ereduaren inguruan, eta euskara eta euskal kultura berreskuratu nahi zituzten.
Zer baliabiderekin hasi ziren?
Ez zitzaidan tokatu garai hura bizitzea, baina, entzun dudanaren arabera, oso baliabide urriekin hasi ziren. Datu bat dut buruan: kontatu izan didate hemen ez zegoela irakasle euskaldunik, eta Gipuzkoatik eta Bizkaitik etortzen zirela; haiei garraioa eta soldata ordaintzeko, gurasoen ekarpenak eta laguntzak beharrezkoak izaten ziren. Azpiegitura aldetik ere, hasieran eraikinetako beheko aldeetan eta udaletxeak utzitako lokaletan hasi ziren eskolak ematen.
Nola zegoen euskara Oionen?
Ni garai hartan jaio nintzen, eta nire txikitako oroitzapena da euskara ez zela erabiltzen Arabako Errioxan. Adinkideak izan ginen lehenak euskararekin eguneroko hartu-emana izaten hasi ginenak.
Eta zer bilakaera izan du?
Gaur egun, nire adin tartekoak gai gara euskaraz hitz egiteko, komunikatzeko. Ez denak, baina asko bai. Euskararen ezagutza %4tik %40ra pasatu da azken berrogei urteetan.
Zer funtzio izan du ikastolak horretan?
Ausardia handia izan duela esango nuke. Ikastola abiatzeko erabaki hura ausardiaz hartu zuten familia gutxi batzuek, eta ez zitzaien erraza egingo pauso hura ematea. Beste batzuek eman zioten jarraipena, eta handituz joan da. Eskertzekoa da erabaki hura hartu izana. Haiei esker, Arabako Errioxan beste ikastola batzuk ditugu, euskaltegiak dauzkagu, eta euskara eta euskal kultura inoiz baino biziago daude. Eta esango nuke inoiz baino euskaldunago sentitzen garela Arabako Errioxan, mugan.
Zer da San Bizente ikastolako hezkuntza proiektua? Zertan oinarritzen da?
Lantaldetan egiten dugu lan, eta batez ere ikasleen ongizate emozionala baloratzen dugu. San Bizente ikastolan ongizate emozionalean sakontzeko apustua egin genuen. Pentsatzen dugu ikasle bat emozionalki ez badago ondo ez dela gai ikastolan behar bezala aritzeko, kontzentratzeko. Trebatu egin ginen, eta egunero egiten dugu hamabost minutuko familiarizazioa deitzen diogun jarduna. Ikasleekin hitz egiten dugu, zer aldarterekin datozen ikusten dugu, eta, pattal ikusiz gero, laguntzen saiatzen gara, senti dezaten hemen gaudela laguntzeko. Gurasoei deitu behar badiegu, deitzen diegu, eta, laguntza profesionala behar badute ere, bideratzen saiatzen gara. Gero, proiektuaren aldetik, ikastolen elkarteko metodologiari segitzen diogu.
«Ongizate emozionalean sakontzeko apustua egin genuen. Pentsatzen dugu ikasle bat emozionalki ez badago ondo ez dela gai ikastolan behar bezala aritzeko»
Zer soziologia elkartzen da ikastolan?
Arabako Errioxan kokatuta gaude; beraz, landa gunean bizi gara. Oion inguruan herri txikiak daude, eta jatorri askotako familiak jasotzen ditugu. Hori da gure soziologiaren ezaugarria, eta gure ateak irekita daude edonorentzat. Esku zabalik hartzen ditugu datozen haur guztiak; ateak zabalik daude, mugarik gabe. Euskara eta euskal kultura ezagutu nahi duten guztiontzat hemen gaude.
Araba Euskaraz seigarren aldiz antolatzea egokitu zaizue. Baduzue eskarmentu pixka bat.
Bai, azkena 2015ean antolatu genuen. Zortzi ikastolen artean antolatzen da, halere, eta askoz errazagoa da lanak banatzeko. Inbertsioei dagokionez, 2015ean hasi ginen jangelako lanekin, ez geneukalako jangelarik. Lehen pausoak eman genituen, eta lanak bukatu zituzten, baina mailegu bat eskatu behar izan genuen. Diru kopuru handiak ziren. Aurten Araba Euskaraz-en lortzen dugun diruarekin mailegua kitatu nahi dugu.
Mugaezin da aurtengo leloa. Zer adierazten dizu?
Mugan gaudela, baina ez daukagula mugarik. Gure ateak irekiak daude edonorentzat. Baditugu familiak lan kontuengatik edo beste arrazoiengatik etorri direnak, eta familiei eskaintzen zaie aukera bat euskaraz ikasteko, ez dugu mugarik Nafarroa eta Errioxako haurrak hartzeko. Euskaraz ikasi nahi dutenentzat ateak irekita mantentzea da gure helburua. Horrek esan nahi du garraioa, jantokia eta beste eskaini behar dizkiegula. Gainkostu ekonomikoa eragiten digu, eta familiok egiten diogu aurre horri, guztien artean.