Hizkuntza eskubideak jomugan

«Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek»

Kontseiluak deituta, euskalgintzako eragileek alkate eta udal ordezkariekin agerraldia egin dute Bilbon, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka lehengo astean eman zuen ebazpena salatzeko

Euskalgintzako eragileak eta udal ordezkariak, agerraldian. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Maite Asensio Lozano - Arantxa Iraola
2023ko uztailaren 13a
11:17
Entzun

«Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, udal legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzea ezetsiz emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu agerraldi bateratu honetara», adierazi dute gaur euskalgintzako ordezkariek alkate eta udal ordezkariekin batera Bilbon egin duten agerraldi jendetsuan. Lehengo astean eman zuen Konstituzionalak epaia, udal legearen 6.2 artikuluak udalen barne funtzionamendua euskara hutsean egiteko ematen dituen irizpideak ezetsi egin zituen, eta berehala kritika ozenak eragin zituen. Gaurko agerraldian berretsi egin nahi izan dute ezinegona: «Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek». EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean izan da agerraldia, Albia lorategian.

Ikusi gehiago: Jaurlaritzak lan poltsetarako ezarritako hizkuntza irizpideak atzera bota ditu justiziak

Kontseiluaren izenean, erakundeko lehendakari Alizia Iribarrenek irakurri du gaurkorako prestatu duten adierazpena. Dozenaka udal ordezkarik parte hartu dute agerraldian. Lehen lerroan, besteak beste, Bilboko eta Donostiako alkateak egon dira: Juan Mari Aburto eta Eneko Goia. Udalerri handietako udal ordezkariak ere izan dira: Getxoko alkate Amaia Agirre, Barakaldoko Amaia del Campo, Errenteriako Aizpea Otaegi eta Galdakaoko Iñigo Hernando, besteak beste. Irudi indartsua eman dute: aginte makilekin eta zumeekin agertu dira, eta, txalo artean, udal agintearen ikurrok altxatuz aldarrikatu dute epaiarekiko aurkakotasuna.

«Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza politikak guztiz mugatzen baititu», adierazi dute gaur irakurri duten manifestuan. «Bide batez, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza politikak dira atzera bota diren horiek, ezetsi den udal legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori».

Gogoratu dute Eusko Legebiltzarrak «kontsentsu zabalez» onartu zuela udal legea. Nabarmendu dute, halaber, argitaratu berriak direla VII. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak, eta horietan «argi» ikusten dela «gizartearen gehiengo zabal batek» babesten dituela euskararen normalizazioaren inguruan egiten diren politikak. «Beraz, epaia, euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada».

Konstituzionalaren epaiak herritarren eta udalen «erabakimena» auzitan jartzen duela adierazi dute: «Erabakimen horren defentsan, hona hemen alkateen eta udal ordezkariren presentzia».

Azaroaren 4rako deia

Epaia traba dela adierazi dute. «Euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak indarrean jartzea eragozten du». Eta nabarmendu dute epai hau «oldarraldi judizial zabalago baten» parte dela: «Hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen da». Euskalgintzako eragileek lehendik ere horren gaineko kezka usu adierazi dutela gogoratu dute, eta Kontseiluak egina duela azaroaren 4rako manifestazio baterako deia: «Oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde».

Maiatzaren 10ean egin zuten manifestazio horretarako deia. EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian izan zen agerraldi hura ere. Gaur, azken albisteen harira, manifestazio horretan parte hartzeko deia oraindik ere «irmoago» egin behar dela nabarmendu dute.

Alkateak, irmo

Aginte makilak eta zumeak eskuan hartuta, irmo gaitzetsi dute udal ordezkariek Konstituzionalaren sententzia. Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak (Gipuzkoa), EH Bilduko hautetsien izenean, kezka handia adierazi du epaiaren inguruan: «Eraso larria da euskararen kontra, euskal hiztunon kontra eta euskara hutsez lan egiteko baldintzak dituzten eta hala erabaki duten udalen kontra». Gogora ekarri du udalen legea 2016an onartu zuela Eusko Legebiltzarrak, «kontsentsuz»: «Hemengo instituzioetan hartutako erabakien aurkako erasoa ere bada, autogobernuaren aurkakoa. Euskararen garapena eta etorkizuna bermatu nahi badugu, euskarak behar duen lege babesaren inguruko gogoeta sendoa eskatzen du horrek: hemen hartzen diren erabakiak errespeta daitezen nahi badugu, nolako bermeak behar ditugun, horiek gero Madrildik datozen epaiek deusezta ez ditzaten».

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak EAJko kideen izenean berretsi du Auzitegi Konstituzionalaren epaia «autogobernuaren kontrako eraso larria» dela, eta tokiko erakundeen «antolakuntza autonomia ere urratu» egiten duela. «Beldur barik» baieztatu du udalek herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzen dituztela, «bai euskaldunenak, bai gaztelania hiztunenak». Eta aldarrikatu du euskara hizkuntza ofiziala dela: «Gure altxorra da, guztiona. Horregatik ez du merezi epai honek dakarren ideologizazioa eta mespretxua».

Euskalgintzako hainbat eragilek babestuta egin dute agerraldia Kontseiluak eta udal ordezkariek. Han izan dira, besteak beste, Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola, BERRIA egunkariko zuzendari Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz. Azken horrek «garrantzi berezia» egotzi dio Konstituzionalaren epaiari: «Lehendik ere datorren prozesu baten beste katebegi bat da, baina badu garrantzi kualitatiboa. Hizkuntza biziberritzeko prozesuan, argi dugu euskarak berezko funtzioak eta berezko esparruak behar dituela, eta horixe galarazi nahi dute epai hauek. Bigarren mailako hizkuntza bihurtu nahi dute euskara: bazter batean utzi nahi dute, ez dute ahalbidetu nahi espazio erosoak eta arnasguneak sortzea». Hala ere, pozik agertu da Amonarriz auzitegiaren aurrean ateratako argazkiarekin: «Akordio eta dinamika soziopolitiko zabalak eta indartsuak behar ditugu, eta gaurko honek lehen urrats sendo bat markatzen du ildo horretan».

«Berme» guztiekin

Klase askotakoak izan dira azken hilabeteotan euskararen normalizazioaren aldeko lege irizpideen kontrako epaiak. Arlo publikoan ari diren langileen hizkuntza eskakizunen kontrakoak izan dira epai horietako batzuk, eta egon dira administrazio publikoarekin diharduten enpresei ezarritako hizkuntza irizpideen aurkakoak ere.

Epaien kontra hitza hartzen ari dira erakunde ugari. Azken sententzia horren harira, adibidez, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ordezkariek nabarmendu dute udalaren barneko funtzionamendua «euskara hutsezkoa» izan arren, «bermatuta» daudela euskara ulertzen ez duten hautetsien hizkuntza eskubideak.

Udal legeren 6.2 artikuluak berak zehazten du, gainera, horretarako bidea. Horra zer dioen lehen pasartean: «Toki erakundeetako organoen deialdiak, gai zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki proposamenak, informazio batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idatzi ahal izango dira». Ahalmen hori gauzatu ahal izateko, baldintza bat ezartzen du gero, ordea: «Ahalmen hori baliatu ahal izango da aipatu berri diren kasuetan, baldin eta, toki-erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira». Horiek horrela, itzulpen bidez gaztelaniazko agiriak ematen zaizkie euskara ulertzeko gaitasunik ez duten hautetsiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.