EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak hartutako erabaki baten ondorioz, bertan behera geratzeko arriskuan dira Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu, hizkuntza eskakizunak direla eta. Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren hamaikagarren kapitulua da: administrazioarekiko auzien epaitegiaren arabera, lanpostuak egonkortzeko euskaraz jakitea eskatzeak «diskriminatu» egiten ditu gaztelaniaz baino ez dakiten langileak. Aldundiko prozesuetan parte hartzen ari diren 227 izangairi eragiten diete egonkortzeko bi prozesuek.
Epaiak ez dira irmoak, eta ez dute inolako kautelazko neurririk ezartzen. Hala ere, bi prozesu horiek bertan behera ez geratzeko, aldundiak adierazi du epaien aurkako apelazio helegiteak jarriko dituela: «Ebazpen judizialak errespetatzen ditugu, baina Bizkaiko Foru Aldundiak epaiekiko bere erabateko desadostasuna adierazi nahi du, uste baitugu ez dutela behar bezala interpretatu funtzio publikoaren arloan eta hizkuntzaren arloan gai horri dagokionez aplikatu behar den araudia».
Ohar baten bidez, aldundiak adierazi du ez dela zalantzan jartzen euskaraz ez dakitenek hautaketa prozesuan parte hartzeko duten aukera. Azaldu du hautaketa prozesuak berak aukera ematen duela lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntza profila eskuratzeko. «Argi dago, bi hizkuntza ofizial dituen lurralde batean, bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gai direnek hizkuntza bakarra erabiltzeko gai direnek baino merezimendu eta gaitasun handiagoa dutela», nabarmendu du diputazioak.
Egonkortze prozesuen oinarriak jarri dituzte zalantzan epaiek. Euskararen B2 eta C1 ezagutza mailak eskatzen dizkiete lanpostua egonkortu nahi duten gehienei, eta postu jakin batzuetan meritutzat jotzen dute euskaraz jakitea. 77 administrari lanposturi buruzkoa zen eskeetako bat: horietako 71ri ezarri zietelako euskara eskakizuna. Oinarrien aurka egin zutenen arabera, legez Bizkaiari dagokion baino derrigortasun indize handiagoa da hori, eta ez da egokia hori eskatzea, «bermatuta» dagoelako Bizkaiko Diputazioan euskarazko arta.
Sententzian ebatzi dute, euskararen gainean jarritako eskakizunekin, «diskriminatu» egiten direla euskaraz ez dakitenak funtzio publikorako izan dezaketen sarbidean. Era berean, epaian adierazi dute «lehenetsi» egiten direla euskaraz ere badakiten hautagaiak, eta, halako egoeretan, administrazioa ezin dela euskara planen atzean «ezkutatu». Salaketa jarri dutenen alde egiteko argudioen artean, Bizkaiko egoera «soziolinguistikoa» jaso dute sententzian: «Neurriz kanpokoa da, Bizkaian euskaldunak %36 izanda, horiek postu guztietarako sarbidea izatea, eta erdaldunek, %43 badira ere, lanpostuen %7ra bakarrik izatea».
Beste epai batek bertan behera utz dezake 150 lanpostu egonkortzeko prozesu bat. Gaiaren gainean zabaldu diren albisteen arabera, epaian diote oinarriek «kalte» egiten dietela gaztelaniaz baino ez dakiten langileei, eta aipatu dute Bizkaiko Foru Aldundian «bermatuta» dagoela euskarazko arreta, «normaltasun osoz».
Bi prozesuetako azterketak iazko abenduan egin zituzten, eta ebaluazio prozesuan daude orain; emaitzak oraindik ez dituzte argitaratu.
Oldarraldia
Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren aurreko kapitulua duela bi aste eskas gertatu zen, Gipuzkoan. LAB sindikatuak adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundian langileak egonkortzeko abian den prozesuaren barruan 119 administrariren izendapena kolokan dagoela. Euskaraz B2 edo C1 maila egiaztatzeko eskea ezarri zen lanpostuak eskuratu ahal izateko, baina, horren kontrako helegite baten ondorioz, kolokan dago orain euskararen maila hori egiaztatu duten langileek lortu ahal izango duten postua.
ELAk eta LABek deituta —CCOOk ez zuen bat egin—, helegitearen aurka protesta egin zuten aldundiko langile askok, baita Gipuzkoako Diputazioko Gobernantza diputatu Irune Berasaluzek ere. Adierazi zuen diputazioak irmo egingo zuela helegite horren kontra. «Guk gure prozesua defendatuko dugu, gure deialdi guztiak babes eta berme juridiko osoarekin eginda daudelako. Ez dugu uste diskriminatzailea denik inongo herritarrentzako euskaraz jakitea eskatzea». Instituzioei herritarren hizkuntza eskubideak «bermatzea» ere badagokiela gogoratu zuen, eta bide horretan hizkuntza eskakizunak ezinbesteko tresnak direla. Argudiatu du horien defentsa besterik ezin dutela egin: «Ditugun ideologia politikoak ditugula ere, gure eginbeharra da euskara defendatzea eremu honetan ere».
Euskalgintzaren Kontseiluko Manex Mantxola koordinatzaileak ere parte hartu zuen protestan. Langileen izenean, langile batzordeko Edurne Lizaso mintzatu zen: «Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren lanabesa da, euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar baitu».